Konponbideari begira

Berriak

ETA. 1958-2018. Soslaia

Marixol Iparragirre. Euskal presoen urratsen ahots

Bi lagunek jarri diote ahotsa ETAren amaierako adierazpenari: Marixol Iparragirrek eta Josu Urrutikoetxeak. Erakundean ibilbide luzea eginik, zeregin aski ezberdinak izan dituzte azken urteotan: Iparragirre EPPKren solaskideetako bat da; Urrutikoetxeak konponbide prozesuan jardun du ETAren zuzendaritzatik.

2018-05-04 / Jon O. Urain

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren ahotsetako bat izan da azken urteotan Marixol Iparragirre (Eskoriatza, Gipuzkoa, 1961). 1970eko hamarkadan ETAn hasi, eta, 1981ean egin zuen ihes, baserrian ETAko komando bat babestea egotzita egun batzuez atxilotuta egon eta gero. Hogei urte zituen. 2004an atxilotu zuten Saliesen (Okzitania), Mikel Albisu bikotekidearekin batera. Hortaz, dituen 58 urteetatik 23 pasatu ditu sasian, eta hamalau espetxean.



Poliziak haren atxiloketan zabaldu zuenez, 1985 eta 1992 artean ETAko talde ugaritan ibili zen Iparragirre, eta hamalau hilketa egitea leporatu zioten. Atzeman zutenean, Poliziak uste zuen 1994an ETAko komando legalen arduraduna zela, orduan hasi zela Anboto ezizena erabiltzen eta tarte batez Kubara alde egin zuela.



2010ko azaroan epaitu zituzten Iparragirre eta Albisu, eta hogei urteko espetxe zigorra ezarri zieten. ETAren izenean mintzatu ziren epaiketan eginiko hitzartzean: «ETAk eskua luzatzen du berriz ere. Frantziako eta Espainiako gobernuek egin behar dute urratsa, erantzukizun historikoa eta ardura erakutsiz. Euskal Herrian baldintza demokratikoak lortzea da ETAren borroka armatuaren helburua». Zortzi hilabete igaroak ziren ETAk Serge Nerin jendarmea —bere azken biktima— hil zuenetik, eta bederatzi erakundeak atentatu kanpaina etetea erabaki zuenetik. Epaiketatik bi hilabetera iragarri zuen ETAk su-eten orokorra emateko erabakia, eta ia urtebetera, jardun armatua behin betiko etetekoa.



2012ko apirilean jakinarazi zuen EPPK-k mintzaide talde bat osatu zuela presoen egoeraren inguruan hitz egiteko, eta, harrezkero, haien artean dago Iparragirre. Izan ere, ongi ezagutzen du espetxea: hamalau urteotan, Gradignan-Bordele, Naoned, Muret Seysses, Marseilla, Draguignan, Perpinya eta Lyon Corbasetik igaro da, eta Reau Sud Francilienen dago gaur egun.



Beraz, kolektiboak azken urteetan hartutako erabakien bozeramaile izan da. Erabaki horietako bat izan zen EPPK prest azaldu izana «Euskal Herriratzea lehentasunez eta etxeratzea» lege baliabideak erabiliz egiteko, Foro Sozialaren gomendioak aintzat hartuta. Erabaki horren berri 2013ko abenduan eman zuen EPPK-k, BERRIAra igorritako mezu batean; Iparragirrek grabatu zuen mezu hura. Horrez gain, eragile ugari joan zaizkio bisitan espetxera, EPPK-ko mintzaide den heinean: harekin eta Albisurekin batzartu zen Harremanetarako Nazioarteko Taldea, 2014an, eta Max Brisson Pirinio Atlantikoetako senataria (LR), Vincent Bru Pirinio Atlantikoetako diputatua (Modem) eta Jose Bove europarlamentaria (EELV), iazko abenduan.

Publizitatea