Konponbideari begira

Berriak

ETA. 1958-2018. Soslaia

Josu Urrutikoetxea. Sasi arteko negoziatzailea

Bi lagunek jarri diote ahotsa ETAren amaierako adierazpenari: Marixol Iparragirrek eta Josu Urrutikoetxeak. Erakundean ibilbide luzea eginik, zeregin aski ezberdinak izan dituzte azken urteotan: Iparragirre EPPKren solaskideetako bat da; Urrutikoetxeak konponbide prozesuan jardun du ETAren zuzendaritzatik.

2018-05-04 / Jon O. Urain

Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea ETAko ordezkaritza batekin Genevako Henri Dunant zentroaren (Suitza) bitartekaritzaz batzartu zen lehenbiziko egunean, aurrean zuen mintzaidea aurkeztu zioten: George. Anonimotasuna gordetzearren, eta segurtasun neurriak zirela medio, ezizenak jarri zizkieten bitartekariek mintzaideei. George, ordea, ongi ezagutzen zuen Egigurenek, lankide izan baitzuen Eusko Legebiltzarrean: Josu Urrutikoetxea zen. «Negoziatzaile oso serioa, zorrotza eta metodikoa, hitzetan neurriduna», Egigurenek deskribatu zuenez.



Josu Urrutikoetxearen historia (Ugao, Bizkaia, 1950) ETAren azken 30-40 urteetakoa da, neurri batean. Ingeniaritza ikasketak hasi zituen, baina ETAn sartu, eta ez zituen amaitu. Fakultatean eta erakunde armatuan kide izanik, harreman estua izan zuen Jose Miguel Beñaran Argala-rekin. Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen, eta, informazio ugariren arabera, ETAren zuzendaritzan zegoen 1975erako. Frantziako Poliziak atxilotu, eta Porqueroll irlara deportatu zuen, baina aske geratu zen 1977ko amnistiaren ondorioz. Klandestinitatera jo zuen berriro, eta, 1980ko hamarkadaren hasierarako, ETAko ordezkari inportanteenetakotzat jotzen zuten.



Angelun atxilotu zuten berriro, 1989ko urtarrilean, Aljerko negoziazioak abiatzear zirela, eta Frantzian epaitu. Hamar urteko zigorra ezarri zioten. 1996an Espainiaratu zuten. Han, lau urte egin zituen behin-behineko espetxealdian, eta 2000ko urtarrilean utzi zuten libre. Espetxetik irten berritan, Euskaldunon Egunkaria-k elkarrizketatu zuen, eta, bertan, ez zion eperik jarri nahi izan gatazkaren konponbideari: «150 urte daramatzagu borrokatzen, gaur egun ukaezina da urratsak egin ditugula, ezker abertzalea borrokatu egin delako. Duela 20 urte marko juridiko-politiko honen alde apustu egin zutenek esaten dute hori pasatua dela. Ni ez nintzateke ausartuko eperik jartzen, borrokari ekin behar diogu, arrazoia dugulako eta lortuko dugulako, bai barruan eta bai kanpoan».



Orduan bete ahal izan zuen bere lekua Eusko Legebiltzarrean. 1998ko hauteskundeetan, Euskal Herritarrok-en zerrendan aurkeztu zen, eta Urrutikoetxea izan zen alderdiak lortutako hamalau legebiltzarkideetako bat. Berriro hautatu zuten 2001ekoetan. Legebiltzarreko jardunean, polemika sortu zuen hura Giza Eskubideen Batzordeko kide izatea, ETAn ibilbide luzea egina zuenez gero. Ez zuen denbora luzea egin karguan, ordea: 2002ko azaroan, berriro deitu zuten deklaratzera, 1987an Guardia Zibilaren Zaragozako kuartelaren aurkako erasoa agindu izana egotzita. 11 lagun hil ziren atentatu horretan. Ez zen azaldu auzitegian, eta harrezkero dabil sasian. Beste modu batera, legebiltzarrean izan zen 2004ko abenduaren 30ean, Eusko Jaurlaritzak proposatutako estatutu proiektuaren eztabaidan. Arnaldo Otegi legebiltzarkideak haren gutun bat irakurri zuen; bertan, Urrutikoetxeak zioen «ezker abertzale osoa» gatazka konpontzeko bideak zabaltzearekin engaiatuta zegoela eta bide horiek bultzatzeko prest zegoela.



Elkarrizketa mahaian



1998ko urrian, preso zegoela, haren izena proposatu zion ETAk Espainiako Gobernuari bake negoziazioetarako mintzaide gisa. Bide motza egin zuen aukera hark, baina 2002an ospa egin, eta 2005eko ekainean ETAko ordezkari gisa azaldu zen Genevako negoziazio mahaian. Haren eta Egigurenen arteko solasaldiek ekarri zituzten emaitza batzuk, horrela iritsi baitzen ETA 2006ko martxoan su-etena ematera. Urte horretako irailaren bukaeran Genevan eginiko bilera, ordea, Urrutikoetxearen azkena izan zen, eta Xabier Lopez Peñaren aurrenekoa. Bigarrenak hartu zuen gidaritza hortik aurrera.



Elkarrizketa saio horiek porrot egin zuten, baina, ETAk 2011ko urrian jarduera armatuaren behin betiko etena iragarri ostean, Urrutikoetxeak hilabeteak eman zituen Oslon, David Pla eta Iratxe Sorzabalekin batera, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza baten zain, gatazkaren ondorioen inguruan hitz egiteko. Mintzaiderik agertu ez, eta Norvegiatik egotzi zituzten. Iazko ekainean, Parisko Auzitegiak zortzi urteko zigorra ezarri zion auzi ihesean, 2011-2013 artean Norvegian izan eta ETAko egitura politikoan parte hartzea egotzita.



Harrezkero, Espainiako segurtasun indarrak haren bila ibili dira «gau eta egun», Francisco Martinez Espainiako Segurtasun idazkariak adierazi zuenez. «Erabateko lehentasuna» eman zion hura atxilotzeari. 2013an esan zuen hori, Urrutikoetxea atxilotzera joan, eta hura topatu ez zutenean. Ordutik, arrastoa galdua diote.

Publizitatea