ETAren bukaera
ETAk gaur egingo du ofizial bukatu duela ibilbidea, nazioarteko eragileen aurrean
Arratsaldean emango du erabakiaren berri, ustez Europako herrialde batean. Euskal eragileei bidalitako gutun batean dio «erabat desegin» dituela bere «egitura guztiak»
2018-05-03 / Enekoitz Esnaola
ETAk gaur zabalduko du bere bukaeraren adierazpena, BERRIAk jakin duenez. Orduan itxiko du, ofizialki, ia 60 urteko ibilbidea. Arratsaldean, eta ustez Europako herrialde batean, nazioarteko komunitateko eragile batzuek jasoko dute erabakiaren berri, eta gero zabalduko da hedabideetan. Adierazpen laburra eta zehatza izatea espero da. Halakoak izan ziren haren jarduera armatuaren bukaerakoa (2011-11-20) eta bere burua erakunde armagabetzat jo zuenekoa (2017-4-7).
Apirilaren 1ean, Aberri Egunean, ETAk zioen bukatzear zuela bere zikloari buruzko barne gogoeta, eta atzo jakin zen, eragileei bidalitako gutun baten bidez —Efe berri agentziak zabaldu du—, ibilbidea bukatzea erabaki duela. Eskutitzak apirilaren 16ko data dauka. «ETAk bere ziklo historikoa eta funtzioa amaitutzat ematea erabaki du, bere ibilbideari bukaera emanez», dio lehen pasartean. «Ondorioz, ETAk bere egitura guztiak erabat desegin eta bere ekinbide politikoa bukatutzat jo du».
Ezker abertzaleak 2010eko otsailean plazaratu zuen estrategia politiko-militarretik estrategia politikora aldatzeko adierazpena —Zutik Euskal Herria—, eta prozesu horren azken emaitza izango da ETAren bukaera, erakundeak gutunean dioenez. «Ezker abertzale osoaren estrategia aldaketaren ondorioz, 2010ean abiatu zuen prozesua bururaino eraman du ETAk, Euskal Herrian ziklo politiko berri bat zabaltzeko asmoz». Aieteko Adierazpenarekin —2011-11-17— eta berehala erakundeak jarduera armatua amaitutzat ematearekin, «konfrontazio armatuaren aroari bukaera ordenatu, arrazoizko eta eraikitzailea» eman nahi zion, baina, «tamalez», «ahalegin» hark «ez zuen bidea egiterik izan». «Gatazka politikoa» konpondu gabe dagoela ere adierazi du; Espainiako eta Frantziako estatuei egotzi die errua.
Haren esanetan, armagabetzean bezala, «herria da azken erabaki honen hartzaile nagusia». Izan ere, «ETA herritik sortu zelako eta herrira itzultzen delako; herriaren indarrarekiko konfiantzan oinarritzen delako; eta, batez ere, Euskal Herriaren bakea eta askatasuna eskuratzeko bidean ekarpena egin nahi duelako. (...) Gatazkaren konponbideak eta Euskal Herriaren eraikuntzak zuen guztion beharra dute, etorkizuna denon ardura delako».
Duela bi aste bezala, ETAk bere «borrokaren ondorioz eragin duen sufrimendua» aitortu du. Gaur, azkeneko agiria.
Ezker abertzaleak herri batzarrak deitu ditu 19:00etarako.
Erreakzioak
ETAren gutunaren edukia zabaldu aurretik, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi zuen ETAren desagerpenari buruzko adierazpen batek, «sinesgarria izateko, aldebakarrekoa, efektiboa eta behin betikoa» izan behar duela. Halaber, jakinarazi zuen Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak eskerrak eman dizkiela asteon nazioarteko eragileei, egindako lanagatik. Maria Solana Nafarroako Gobernuko eledunak, berriz, adierazi du Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua «hausnarketa komuna» egiten ari direla ETAren amaierari buruz. Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak azaldu du ez dela «zigorgabetasunik» egongo: «ETA segurtasun indarrek eta Espainiako gizarteak garaitua eta desegina izan zen jadanik. Egin behar dutena da damutzea, barkamena eskatzea eta Justiziari laguntzea bere krimenak argitzeko».
ETAren iragarpenarekin pozik azaldu da Vincent Bru Frantziako diputatua: «Une historikoa da, eta pauso handia bake bidean, Kanboko nazioarteko topaketaren bezperetan». Frederique Espagnac senatariak ere historikotzat jo du erabakia. Max Brisson senatariak demokraziaren garaipentzat hartu du ETAren erabakia, eta biktimak ekarri ditu gogora: «Demokraziak ezin du indarkeriarik onartu, eta soilik ideien eztabaida eman behar du ontzat. Orain adiskidetzea lortu behar dugu; horretarako, oinarrizkoa da biktima guztiak aitortzea».
Jean Noel Etxeberri Txetx bakegilearentzat, «albiste ona da bakearen bidea jarraitu nahi dutenentzat. Baina hau komunikabide batek zabaldutako gutuna da. ETAren azkeneko komunikatua irakurtzean egingo dugu hausnarketa».