Konponbideari begira

Analisiak

ARKUPEAN

Agur soil bat

 
Ex-combatientez betetako tren bat errailetik ateratzen saiatu omen zirela; hori egin zutenak ETA deitzen zen talde batekoak zirela; horixe izan zen nire bizitzan ETAri buruz aditutako lehen albistea. 1961eko uztailaren 18an izan zen ekintza hori, 36ko gerra bukatu eta hogeita bi urtera. Bizpahiru urtera hurbilagotik izan genuen ETAren berri: gure herriko lau gazte atxilotu zituzten guardia zibilek, ETAkoak omen zirelako. Astindu ikaragarria izan zen herritarrontzat; gogoan dut lagun batek esana: a zer desohorea kartzelan sartzea! Etxean entzun eta usaindutakoari jarraituz, erantzun nion Francoren poliziak atxilotzea ez zela inolaz ere desohorea. 1968ko ekaineko igande arratsalde batean gurasoak Tolosako Benta Haundira joan ziren; amak Txabi Etxebarrieta hil zuten tokian odol lehorrez zipriztinduta zeuden hartxintxarrak bildu, zapi zuri brodatu batean ipini, eta Etxebarrietaren amari helarazi zizkion. Hurrengo urteko Aberri Egunean izango zen Zutik-en Etxebarrietaren idatzi batzuk irakurri nituenean: ETAn sartzeak mereziko zuela sinetsita geratu nintzen. Ezin sumatu zenbateraino sartuko zen ETA gure bizitzetan, gaztetako ilusio hura amesgaizto eta hondamendi bihurtuz.

Gure belaunaldikoon 1968ko Maiatza Burgosko prozesua izan zen, 1970eko abenduan; hor estreinatu ginen kalera irten eta manifestazioak egiten: sei heriotza zigor zeuden jokoan. Handik bost urtera hartuko zuen mendekua Francoren erregimenak, bost fusilamendurekin. Biolentziaren espirala etengabe luzatuz eta kiribilduz zihoan, bi aldeetatik. Gurpil zoroa martxan, gerra zikina antolatu zuen Estatuak; sufrimenduaren sozializazioa teorizatzera iritsi zen ETAren ingurua. Bakoitzak dauka bere itzulerarik gabeko puntua. Nirea ETAk Yoyes, ikaskide ohi eta laguna, hil zuenean dago. Saminari sententziaren izugarrikeria gehitu zitzaion: Euskal Herriari eta bere buruari traizio egitea leporatzen zion ETAk, inoren kontzientzian agintzeko eskumena bereganatuta. Gure eskola soziala izandako hark amildegira ginderamatzan, arrastaka. Herentzia hori ezin zitzaien ondorengo belaunaldiei utzi. Hiru hamarkada joan dira harrezkero, bidegabekeriaren eta atsekabearen zulo beltza are gehiago handituz.

Kanpai-hotsarekin eta xanpain botilak irekiz imajinatzen nuen nik, aspaldi, ETAren amaiera. 2006ko martxoaren 24an, ETAk bere su-etenetako bat iragarri zuenean, errefuxiatu batekin Iparraldean partekatu nuen pote gerora ozpinduak ez dit adorerik utzi halako beste ospakizunik egiteko. Alabaina, esker on sakon eta betea besterik ez daukat, zinez, honetara iristea posible egin duten guztiekiko, hau da, bukaera ziur, ordenatu eta duina erdiestea ahalbidetu duten horienganako.

Gogaitu egiten naute, ordea, barru-barruraino azenarioa beti zentimetro batzuk haratago jartzen duten tranpatiek; protokoloa beren mesedetan diseinatzen ez bada, zaputza harrapatzen duten politikariek; zuhurtasuna xuhurkeria bihurtzen dutenek. Herri honen historian mugarri den gertaerari daukan garrantzia ostu eta lausotu nahi izatea, arduragabekeria politikoa da. Areago, ETA desegin arren, haren fantasma arma gisa darabiltenen amarruak ikusita, aste honetan bertan, Altsasuko gazteen kontrako epaiketan, fiskalak erabili duen argudioak erakutsi duen bezala. Agian, belarria beste sintonia batzuetara jarrita daukate Kanboko ekitaldian parte hartzeari uko egin dioten horiek; esaterako, Alfonso Alonsok EAJkoei zuzendu dien mezu horretara, alegia, ea ETAri «un agur bero bat» egitera joan behar duten hurrengo ostiralean. Behin jaulkiko PPren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako presidenteari euskarazko hiru hitz, eta orduan iseka tonuan izan behar. Txiste horri barre egiten ote zioten lehengoan, Legebiltzarrean, Alonsok berak eta Urkullu lehendakariak?

Publizitatea