Konponbideari begira

Berriak

Konponbideari begira

Armagabetzearen ostean atzemandako arma batzuk entregatu ditu ETAk

Erakundeak Frantziako poliziari jakinarazi dizkio armen kokalekuari zegozkion koordenatuak. Bi kutxa entregatu ditu, Baionan. Txetx Etxeberrik adierazi duenez, ETA poliziaren esku uzten ari da "galduta" zuen armategia, Luhusoko bakegileen bidez.

 ©Isabelle Miquelestorena
©Isabelle Miquelestorena
ETAk bi arma kutxa utzi ditu Frantziako poliziaren esku. Hogei bat arma utzi ditu Baionan, eta poliziari zehaztu dizkio kutxen kokapen zehatzaren koordenatuak. Hala adierazi dute EFE eta Europa Press berri agentziek, polizia iturriak aipatuta.



Informazio horien arabera, ETAk 24 arma labur, munizioa, hari detonatzailea, 500 bat detonatzaile elektroniko, bi tenporizadore, 200 matrikula plaka eta ibilgailuak osteko materiala entregatu ditu.



Frantziako polizia judizialak jaso du material hori, eta Jendarmeria jasotzakoa aztertzen hasia da.



Jean Noel Txetx Etxeberri Luhusoko armagabetze saiakeran parte hartu zuen bakegileak azaldu duenez, ETAk 2017ko apirilaren 8an egin zuen armagabetzean, "kontrolpean" zituen arma guztiak utzi zituen Frantziako poliziaren esku, "xehetasun handiekin". Aldiz, ezin izan zuen arma kopuru osoa entregatu, "handia ez den kopuru bat" galduta zuelako. ETAko kideek atxilotuak izateko arriskuarengatik ezin izan zuten armategi osoaren kokapena zehaztu, Etxeberriren esanetan.



Etxeberrik adierazi du Bakegileak ETArekin konprometitu zirela "galdutako materiala aurkitzera". Lan hori egina dagoela ziurtatu du, eta orain arma horiek itzultzeko prozesua ari dela garatzen, Bakegileen bidez.



ETAk 2017ko apirilaren 8an egin zuen behin betiko armagabetzea, eta maiatzaren 4an "gatazkaren konponbidea aitzinatzeko" konferentzia antolatu dute Foro Sozialak, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak eta Bake Bideak.

Publizitatea