Konponbideari begira

Berriak

Konponbideari begira. Kanboko topaketa

«Gatazkaren konponbidea aitzinatzeko» topaketara deitu dute maiatzaren 4rako, Kanbon

Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozialak eta Bake Bideak antolatu dute konferentzia, eta 2011n Aieten eginikoaren jarraipena izatea nahi dute. (Bideoa albistearen amaieran).
Hizketan, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza, atzo, Baionan eginiko prentsaurrekoan.
Hizketan, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza, atzo, Baionan eginiko prentsaurrekoan. ISABELLE MIQUELESTORENA

2018-04-24 / Eneko Etxegarai Urain

Maiatzaren 4an Kanboko (Lapurdi) Arnaga Etxean iraganen da Gatazkaren Konponbidea Aitzinatzeko Nazioarteko Topaketa. Ikusmin handia sortu zuen atzoko aurkezpenak, eta dozenaka kazetari hurbildu ziren. Antolatzaileek, haatik, ez zuten jakinarazi topaketari buruzko egitaraurik eta ordutegirik. Raymon Kendall Interpoleko zuzendari ohiak eta HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldekoak parte hartzera gonbidatu zituen Euskal Herriko erakunde eta alderdi politiko guztiak. HNTk, Bake Bideak eta Foro Sozial Iraunkorrak antolatu dute topaketa.



Konferentziaren babes taldea ere aurkeztu zuten agerraldian: «Sustengu anitz hori garrantzitsua izan da guretzat hasieratik», adierazi zuen Bake Bideko Anaiz Funosasek. Babes talde horren kide dira: Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza, Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapez eta Elkargoko kontseilu exekutiboko kidea, Max Brisson Pirinio Atlantikoetako senataria, Frederique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senataria, Florence Lasserre-David diputatua, Vicent Bru diputatua, eta Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez eta Elkargoko exekutiboko kidea.



Antolatzaileek argi dute «pauso esanguratsuak» emateko baldintzak badaudela, 2011n Aieteko jauregian eginiko bake konferentzian (Donostia) gertatu bezala: «Europako azken gatazka armatuaren inguruko bake justu eta iraunkorra erdiestea posible zela sinetsia genuela adierazi genuen han». Ordutik, Euskal Herrian bakeak «aurrera» egin duela uste dute antolatzaileek, nahiz eta hainbat zailtasun izan dituzten bidean, Funosasek atzo azaldu zuenez: «Ez da erraza izan, ez da erraza izaten ari, baina euskaldunek bake justu eta iraunkorra lortzeko helburuan determinazio argia erakutsi dute».



«Neurtzen dugu momentu honen eta datorrenaren ospea», baloratu zuen Etxegaraik. Nabarmendu zuen urte asko pasatu direla Aietetik gaur arte: «Baina Luhusok, 2016an, eta Baionak, 2017ko apirilaren 8an, frogatu digute Aieteko Konferentzia ez zela hutsala izan». Ezenarrok, berriz, gogoan izan zuen Aieteren biharamunean Baionako Unibertsitateko anfiteatroan eginiko batzarra: «Berretsi genuen orduan bake prozesuaren aldeko gure posizioa».



2011n Aieteko jauregian Kofi Annanek esandakoak ere gogoratu zituzten bi auzapez lapurtarrek: «Bizipen historiko pisu eta mingarria partekatu dugu; orain, hastapen berri baten esperantza partekatzen dugu. Bake prozesua zaila da, inork ez die atzoko injustiziei edo historiaren irakaspenei ez ikusiarena egin behar. Baina bake justu bat eraiki behar dugu, galdutako bizitzen omenez, eta datozen belaunaldien arduraz».



Bake Foro Sozial Iraunkorreko Agur Hernanek, berriz, adierazi zuen bakearekiko konpromisoa «berresteko» ordua dela. Nabarmendu egin zuen gizarte zibilak, alderdi politikoek eta instituzio «guztiek» bakea erdiesteko erakutsi duten lidergoa.



ETAri buruz hitzik ez



Prentsaurrekoan hizlari bakar batek ere ez zion ETAri aipamen zuzen ala zeharkakorik egin. Alta, prentsa deialdian erakunde armatuaren desmobilizazioari buruzko «datu garrantzitsuak» emango zituztela iragarria zen, eta, azken egunetako filtrazioen arabera, ETAren desmobilizaziorako ekitaldi bat espero da maiatzeko lehen astebururako.



Horrela jakinarazi zuen Alberto Spektorowski HNTko kideak joan den astean. Dirudienez, adituaren erranak beteko dira, datei buruz edo egiteko moduaz eztabaidak egon badira ere. Oraindik ez da argi, ordea, zer egunetan eta zer modutan jakinaraziko duen ETAk bere erabakia. Adituaren erranetan, adierazpena «oso argia» izango da.



[youtube]https://youtu.be/bWLnrDv0vPA[/youtube]

Publizitatea