Konponbideari begira

Berriak

ETAren agiria. Nazioarteko hedabideak

Oihartzuna, nazioarteraino

Besteak beste, Erresuma Batuko, Espainiako, Frantziako eta Ameriketako Estatu Batuetako hedabideek jaso dute ETAren adierazpena; talde armatuaren barka eskea nabarmendu dute.
ETAren adierazpenari buruzko berria, nazioarteko hedabide ugaritako edizio digitaletan.
ETAren adierazpenari buruzko berria, nazioarteko hedabide ugaritako edizio digitaletan. BERRIA
Euskal Herriko gatazka ez da oharkabean pasatu nazioartean, eta oihartzun nabarmena izan du ETAren azken komunikatuak ere. Egunkariek azalera eraman dute berria euren edizio digitaletan. The Guardian egunkarian, esaterako, webgunean gehien irakurritako albisteetan bigarrena izan zen atzo. Erresuma Batuko kazeta horrek azpitituluan jaso du erakundeak aitortu egin duela borroka armatuak eragindako hildakoen «zuzeneko erantzukizuna». Testuan, berriz, zehaztu du «anbiguotasunik gabeko barkamen eskea» egin duela.

Frantziako Le Monde-k nabarmendu du taldeak barkamena eskatu duela borroka armatuan eragindako «kaltea» dela eta. Azpitituluan, berriz, gogorarazi du «gertu» dagoela taldearen desegitea.

Antzeko titulua eman dio Liberation egunkariak ere; erakundeak barkamena eskatu duela dio, eta «Euskal Herriaren independentziaren alde hasitako borroka armatuan eragindako biktimei» egin diela eskaera. «Min handia eta konpon ezinezko kaltea eragin dugu. Gure errespetua adierazi nahi diegu ETAren ekintzetan eragindako hildako, zauritu eta biktimei».

BBCk Europako albisteen atalean jaso du ETAren agiria: «Espainiako gatazkan izandako rolagatik barkamena eskatu du ETAk». Horrek ere nabarmendu du taldeak desegitea iragartzeko «egunak» geratzen direla heldu dela komunikatua, eta bertan barkamena eskatu diela «gatazkan zuzeneko parte hartzea izan dutenei».

«Europako azken gatazka»

Hiru etakideren irudiekin ilustratu du albistea The Washington Post egunkariak, eta tituluan, berriz, barkamen eskaria jaso du. Albiste barruan, kazetak zehaztu du erakunde hura desegitearekin amaituko dela «Europako azken gatazka armatua». Aldi berean, gogora ekarri du ETAk iazko apirilean agintarien esku utzi zituela bere armak, 2011n borroka armatua amaitutzat eman ostean.

El País egunkariak tituluan idatzi du desegin aurretik eragindako mina aitortu duela, eta barruan zehaztu du 850 hildako baino gehiago eragin dituela ETAren indarkeriak. Bide batez, gogorarazi du taldeak 2011n amaitutzat eman zuela borroka armatua eta maiatzeko lehen asteburuan duela iragartzekoa desegitea. Barkamena eskatzeaz gain ETAk «elkarrenganako errespetua» eskatu duela dio El Mundo-k edizio digitalean. Barruan, kazetak dio taldeak adiskidetzeko deia egin duela eta konpromisoa agertu duela gatazkaren ondorioak gainditu eta halakorik berriz gerta ez dadin.

La Vanguardia egunkariak zehaztu du «biktima batzuei» eskatu diela barkamena, «gatazkan parte hartze zuzena izan ez dutenei». Kataluniako kazetak gogorarazi du ez dela lehen aldia taldeak eragindako mina onartzen duena, baina bai eragindako hildakoengatik barkamena eskatzen duena. Ara-k azalera eraman du «gatazkaren zeharkako biktimei» eskatu diela taldeak barkamena.

Publizitatea