Konponbideari begira

Berriak

ETAren agiria. Erreakzioak

Biktimen aspaldiko eskaera

Adierazpenari buruz, balorazio baikorra egin dute biktima gehienek, baina haien artean ETAk eginiko «bereizketa» kritikatu dute. Etekinik ez bilatzeko eskatu diote, eta desegiteko
ETAren indarkeriaren biktima batzuk, martxoaren 10ean Bilbon eginiko ekitaldi batean.
ETAren indarkeriaren biktima batzuk, martxoaren 10ean Bilbon eginiko ekitaldi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

2018-04-21 / Jokin Sagarzazu

Biktima gehienentzat «beharrezkoa» zen ETAren aldetik entzutea eragindako minaren aitortza. Dena den, zauriak irekita dauzkate askok, eta haietako batzuek zalantzan jarri dute hitzon zintzotasuna. Oro har, ez dute gustuko izan ETAk biktimen artean eginiko «bereizketa». Baina onartu dute aurrekaririk ez duela adierazpenak.


CONSUELO ORDOÑEZ


«ETAk lagundu beharko luke argitu gabe dauden atentatuak argitzen»


AVT elkarteko presidente eta 1995ean ETAk hildako Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzi ohiaren arrebak azpimarratu du «gatazkan parte hartze zuzenik izan ez dutenei» soilik eskatu diela ETAk barkamena. «Barkamen selektiboa ez da barkamena», esan du. Horrez gain, uste du ETAko kideek «hitzetatik ekintzetara» igaro beharko luketela, «argitu gabe dauden hilketak argitzen lagunduz eta hiltzaileak goratzeari utziz».


ALFONSO SANCHEZ


«Autokritika kolektiboa egin dute; erantzukizuna, ordea, pertsonala da»


AVTko presidente Alfonso Sanchezentzat, ez da aski eragindako mina aitortzea agiri baten bidez eta «modu kolektiboan». Guardia zibil ohia da Sanchez, eta 1985ean zauritu zuen ETAk, Madrilgo Republica Argentina plazako atentatuan. Ekintza horrek eta beste guztiek erantzukizun «pertsonalak» dituztela azpimarratu du Sanchezek, eta horietan parte hartu zutenek bere egin beharko lituzketela, besteak beste, «argitu gabe dauden atentatuak argitzen lagunduz». Hori egin ezean, uste du ETAk jarraituko duela «bere jardun terrorista justifikatzen».


MAIXABEL LASA


«Ez dugu sekula entzun halakorik ETAren ahotan»


2000. urtean ETAk hildako Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren alargunaren iritziz, «positiboa» da ETAren adierazpena. «Ez genuen ETAren ahotik halakorik sekula entzun». Dena den, uste du kritika ere merezi dutela. Lasaren iritziz, «astakeria» da biktima batzuk eta besteak bereiztea. Horrez gain, beste ideia batzuen falta sumatu du faltan adierazpenean. «[ETAri] Gehiegi kostatzen zaio esatea, egiaz, ez zuela inoiz existitu behar, hanka sartzea izan zela, eta egin zuena gaizki egon zela».


MAITE PAGAZAURTUNDUA


«Sinesgarria izango da etekina lortzeko ez bada»


ETAren adierazpenaren «sinesgarritasuna» neurtzeko, denbora beharko da. Hala uste du Maite Pagazaurtunduak, 2003an ETAk hildako Joseba Pagazaurtundua Andoaingo (Gipuzkoa) udaltzainburuaren arrebak. «Desegitearen iragarpenari begirako propaganda egiteko, etekin politikoak lortzeko edota erantzukizunak banatzeko erabiltzen ez bada», ontzat joko du adierazpena, baina aitortu du zalantza asko dituela horren inguruan.


ROSA RODERO


«Aurrerapauso bat da behin betiko bakerako »


Joseba Goikoetxea 1993an ETAk hildako Ertzaintzako sarjentuaren alarguna da Rodero. Haren iritziz, «positiboa» da ETAk barkamena eskatu izana, eta «ongi» iruditzen zaio, baina «desegokia» iruditu zaio gatazkan modu zuzenean parte hartu zutenen eta ez zutenen arteko bereizketa egin izana. Beretzat, «gertatu den guztiak» merezi du aitortza bera. Dena den, Roderok adierazi du berak «etorkizunari» begiratzea nahiago duela, eta bere kezka hurrengo belaunaldiak direla. «Ez dadila berriro gerta, hori nahi dut nik. Eta uste dut ETAren adierazpena aurrerapauso bat dela bere desagerpenerako eta behin betiko bakerako».


JOSU ELESPE


«Urrats bat da, baina ez zaie ezer eskertu behar»


2001ean Lasarte-Orian (Gipuzkoa) ETAk hil zuen PSE-EEko zinegotzi Froilan Elesperen semeari «harridura» eragin dio ETAren adierazpenak. Eta, neurri batean, onerako dela dio, «nahiz eta ez zaien ezer eskertu behar». Elespek uste du «urrats» bat dela «batzuek egiteke duten autokritikarako» eta herrietako «elkarbizitzarako». Bide horretan, dena den, ETAk «azkenengo urratsa» egin behar duela azpimarratu du. «Erabat desagertu behar du gure bizitzatik, eta behingoz utzi behar dio euskal politikan eragiteko nahiari».


GORKA LANDABURU


«ETAk inoiz eginiko garrantzitsuena da»


ETAk bere historian egin duen adierazpenik «garrantzitsuena eta kritikoena» da. Hala uste du Gorka Landaburuk, 2001. urtean Zarautzen ETAren bonba-gutun batek zauritutako kazetariak. Landabururen ustez, biktima askorentzat ez da nahikoa izango adierazpena, baina azpimarratu du ETA «behin betiko desagertzeko bidean» izatea dela «garrantzitsuena». Berak ere nabari du gabeziarik agirian. «ETAk hainbat kontu zor dizkio euskal gizarteari; besteak beste, kritika politiko sakon bat. Espero du ezker abertzaleak egitea hori».


OIER KORTA


«ETA babestu dutenen jarreretan ikusi nahi dut»


«Albiste positiboa da», 2000. urtean ETAk hildako Joxe Mari Korta enpresaburuaren iloba Oier Kortarentzat. Dena den, berak ere kritikatu du erakunde armatuak biktimak «bereiztea». «ETAren inguruak» dituen «kontraesanekin» lotu du hori. «Agiri horretan esaten direnak ere ez datoz bat preso ohiei egiten dizkieten ongietorriekin». Kortak uste du «batzuei» kostako zaiela ETAk esandakoa bere egitea. «Haien jarreretan ikusi nahi dut hori».

Informazio osagarria

Publizitatea