Konponbideari begira

Berriak

ETA. IRAren eta FARCen adierazpenak

Bakea eta adiskidetzea «sendotzeko» hitzak

IRAk eta FARCek ere barkamena eskatu zieten biktimei. Hildako zibilen senideei eskatu zien IRAk barkamena, 2002an. Kolonbian, «biktima guztiei» mintzatu zitzaien Timochenko, gerrillako burua
1972ko uztailaren 26an, IRAk hogei bonba leherrarazi zituen Belfasten. 30. urteurrenean zabaldu zuen mezua.
1972ko uztailaren 26an, IRAk hogei bonba leherrarazi zituen Belfasten. 30. urteurrenean zabaldu zuen mezua. EPA

2018-04-20 / Jon O. Urain

2002ko uztailaren 16an, mezu bat iritsi zen Irlanda Iparraldeko An Phoblacht kazeta errepublikanora. P. O'Neillen sinadura zeraman; alegia, IRA Irlandako Armada Errepublikanoaren ohiko izenpea. Honela zioen: «Nahiz eta gure asmoa ez zen borrokalariak ez zirenak zauritu edo hiltzea, errealitatea da orduan eta beste zenbaitetan hori izan zela gure ekintzen ondorioa. Beraz, gertakari tragiko horren urteurrenean, egokia da guk hildako eta zauritutako ez-borrokalarien gaiari erantzutea. Barka eske zintzoa egin nahi diegu haien familiei, eta doluminak eman».

Lau urte igaroak ziren Erresuma Batuko Gobernuak eta Irlandako Errepublikakoak Ostiral Santuko Akordioa egin zutenetik, eta armagabetze prozesuan urrats batzuk eginak zeuzkan IRAk. 2002ko uztaileko oharrarekin, ordea, gatazkaren konponbidearen ataletako batean eragin nahi izan zuen IRAren adar probisionalak: biktimei eragindako oinazearen aitortzan. Egun batzuk geroago, 30 urte ziren betetzekoak IRAk Belfasten Ostiral Odoltsuan bederatzi lagun hil zituenetik, eta oharra argitaratzeko uneak erabateko lotura izan zuen urteurren harekin: «Gatazka konpontzeko prozesuak beharrezkoa du berdin aitortzea denen oinazea eta galera. Urteurren honetan, ahalegina egin nahi dugu geure gain hartzeko mindu ditugun horiekiko erantzukizuna».

Hildako zibilei eta haien senideei eskatu zien barkamena IRAk, baina egin zien erreferentzia borrokan hildako arerioei ere: «Etorkizunik ez da eraikiko porrot eta akats kolektiboak ukatuz edo buruak eta bihotzak itxiz minduen estualdien aurrean. Gatazkaren biktima denak sartzen dira hor, borrokalariak eta ez-borrokalariak». Gainera, Euskal Herrian gaur egun ezagun diren beste eztabaida batzuk ere izan zituen aipagai IRAk ohar horretan. Azpimarratu zuen «alderdi guztietako borrokalariak» hil zirela, eta haien senideen «nahigabea eta oinazea ere aitortzearekin» batera, erantsi zuen etorkizuna ez zela eraikitzerik izango «biktimen hierarkiak sortuta, batzuk besteak baino duinagotzat jota».

IRAren oharrak oihartzuna izan zuen, eta hedabide gehientsuenek azpimarratu zuten haren keinua «aurrekaririk gabea» eta borondatezkoa izan zela, Ostiral Santuko Akordioetan ez baitzen jasotzen barkamen eskakizunik. John Reidek ere, Erresuma Batuak Ipar Irlandan garai hartan zuen idazkariak, txalotu egin zuen urratsa: «Aurrekaririk gabeko barkamena da; eragindako oinaze izugarria aitortzen du, baina hori baino zabalagoa da». Bertie Ahern Irlandako lehen ministroak, berriz, nabarmendu zuen erakunde armatuaren adierazpenak «ekarpen nabarmena» egiten ziola «bakea eta berradiskidetzea sendotzeko prozesuari». Unionisten aldetik kritikak jaso zituen, ordea: David Trimble buruzagi unionistaren esanetan, adierazpenak ez zuen «ezer» esaten, eta IRAren hitzak «krokodilo malkotzat» jo zituen Ian Paisleyk, Alderdi Unionista Demokratikoko buruak. Erresuma Batuko Gobernuko orduko lehen ministro Tony Blairrek azpimarratu zuen IRA «inoiz baino urrunago» zegoela jardun armatutik.

Londresek ere egin zuen keinurik, Ostiral Santuko Akordiotik hamabi urtera eta IRAk oharra argitaratu eta hamar urtera. David Cameron lehen ministroa «oso atsekabetuta» azaldu zen Erresuma Batuko Armadak Igande Odoltsuan eragindako biktimengatik -1972ko urtarrilaren 30ean, hamalau lagun hil zituen Derryn—. 1960ko hamarkada amaieran The Troubles (arazoak) piztu zirenetik, kalkulatzen da 1.800 lagun inguru hil zituela IRAk, eta horietatik 650 bat zibilak zirela. Ia mila lagun hil zituzten talde loialistek, eta 300 bat Erresuma Batuko Armadak.

Timochenkoren ahotik

FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek ere barkamen mezua bidali zieten gerrillaren biktimei, Rodrigo Londoño Timochenko buruzagiaren ahotik. 2012ko azaroan, elkarrizketei ekin zieten Kolonbiako Gobernuak eta FARCek, eta lau urtera izenpetu zuten ituna. 2016ko irailaren 27a zen, eta Cartagena de Indiasen eginiko ekitaldi batean sinatu zuten bakea Timochenkok eta Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak. Ekitaldi horretan hitza hartu zuen Timochenkok, eta biktimengana zuzendu: «FARCen izenean barkamena eskatzen diet biktima guztiei, gerra honetan sortu izan dezakegun min guztiagatik».

Bake negoziazioetan adostutakoak ia 300 orriko testu batean jaso zituzten, eta gatazkaren ondorio ugari jorratu zituzten agirian; tartean, biktimak. Besteak beste, gobernuak eta gerrillak hitzartu zuten administrazioak «aitortza» ekitaldiak antolatzea, «gobernuak, FARCek eta gatazkan erantzukizunen bat izan duten gizarteko beste eragile batzuek beren ardura kolektiboa onartu eta barkamena eska dezaten, bakoitzak dagokiona bere gain hartuta». 1958az geroztik, zortzi milioi biktima, zazpi milioi desplazatu eta 220.000 hildako eragin zituen gobernuaren eta gerrillaren arteko borrokak.

Informazio osagarria

Publizitatea