Konponbideari begira

Berriak

EPPK-ko kideek euren kartzela eta zigor egoeren berri emango diete herritarrei

Bihartik hilaren 21era bitartean egingo dute «borrokaldi berria». Egoera penala, bideratutako izapideak eta eskaera zehatzak helarazteko «ahalegina» egingo dute
Xabier Rey euskal presoaren heriotza salatzeko Iruñean egindako manifestazioa.
Xabier Rey euskal presoaren heriotza salatzeko Iruñean egindako manifestazioa. JON URBE / FOKU

2018-04-13 / Erredakzioa

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak «borrokaldi berri bat» gauzatzeko asmoa iragarri du BERRIAra igorritako agirian. Kolektiboak nabarmendu du borroka motak egokitzea agintzen diotela testuinguru politikoak eta iaz burututako eztabaidaren ondorioen artetik bik: «Batetik, legeak eskaintzen dituen bideak modu eraginkorragoan ibiltzeko erabakiak; bestetik, gure ekinbidea euskal herritarrekin batera egiteko ildoak».

Hori dela eta, jakinarazi dute hilaren 14tik 21era kolektiboko kide bakoitzak «ahalegin berezia» egingo duela herritarrei bere kartzela eta zigor egoeraren berri emateko: «Egoera penala, bideratutako izapideak eta eskaera zehatzak, babes-beharrak eta beste, norberak bere auzo edo herriko elkarteei helaraziko die egoeraren berri, hauek egoki irizten dioten erabilpena eman diezaioten (herriko agintari eta giza eskubideez eta presoen eskubideez arduratzen diren elkarteei helaraztea, adibidez)».

EPPK-k azken hilabeteotako gertaeren errepaso bat ere egiten du agirian. Abenduko eta urtarrileko manifestazioek erakutsitako «babesa» nabarmentzen du, Frantzian gertatzen hasi diren «mugimendu batzuk» aipatu, Espainiaren jarrera «immobilistak eta inboluzionistak» deitoratu eta presoei egiten zaizkien harrerak «kriminalizatu» nahia kritikatu. Xabier Reyren heriotzak senide eta hurkoen artean eragindako «kezkaz» jakitun, kolektiboak ez du ukatzen egoera «premiatsua» dela: «Baina, jakinarazi nahi dugu ere, lehen bezala, gure gogo-bihotzak gure herriaren askatasuna lortzeko egin beharrekoan daudela». Hau da, osorik, EPPK-k igorritako agiria:

«Agiri hau idazten dugu euskal jendarteari jakinarazteko EPPK-ko kideok apirilaren 14tik 21ra borrokaldi berri bat burutu asmo dugula.

Borrokaldi motari dagokionez, jakinarazi nahi dugu ere Kolektiboa ahalegin berezia egiten ari dela bere ildoa egokitzeko, bai testuinguru politiko berriari eta baita Kolektiboaren osaketa eta egoerari.

Testuinguru politikoak eta iaz burutu genuen eztabaidaren ondorioen artetik bik agintzen digute borroka motak egokitzea: batetik legeak eskaintzen dituen bideak modu eraginkorragoan ibiltzeko erabakiak; bestetik, gure ekinbidea euskal herritarrekin batera egiteko ildoak.

Abendu eta urtarrileko manifestazio handiek erakusten digute zer nolako babesa duen presoon eskubideen aldeko eskaerak euskal gizartean. Babes horren ondorioz, Frantzian mugimendu batzuk ematen hasi dira, lerro hauek idazterakoan balorazio zehatzik egiterik ez dugun arren. Tamalez, Espainia aldean jarrera immobilistak eta are inboluzionistak gailentzen ari dira. Gutako baten askatasunak sortzen duen poza agertzea ere kriminalizatu eta katakonben ilunpetara kondenatu nahiko lukete. Euskal preso politiko batek askatasuna eskuratzen duenean ordea, ez da bere kondena soilik amaitzen, bere senide eta hurkoen zigor erantsiak ere amaiera du, haur eta adinekoen sufrikarioa amaitzen da, diru eta denbora xahuketa, nekea... nola ez agertu poza horregatik?

Gure burkide Antxo zenaren aldeko ekitaldiek ere erakutsi digute zer nolako babesa dugun. Badakigu kezka hedatu dela senide eta hurkoen artean Espainia eta Frantziako kartzeletan jasaten ari garen zigorraren eraginagatik. Ez dugu ukatuko egoera premiatsua dela, Kolektiboan adineko eta gaixo larrien kopurua handia dela. Baina, jakinarazi nahi dugu ere, lehen bezala, gure gogo-bihotzak gure herriaren askatasuna lortzeko egin beharrekoan daudela.

Zentzu horretan, apirilaren 14tik 21era Kolektiboko kide bakoitzak ahalegin berezia egingo du, bere kartzela eta zigor egoeraren berri emateko herritarrei (egoera penala, bideratutako izapideak eta eskaera zehatzak, babes-beharrak eta beste), norberak bere auzo edo herriko elkarteei helaraziko die egoeraren berri, hauek egoki irizten dioten erabilpena eman diezaioten (herriko agintari eta giza eskubideez eta presoen eskubideez arduratzen diren elkarteei helaraztea, adibidez).

Horrekin batera, kartzela bakoitzeko batzarrak erabakiko du zer nolako ekimen kolektiboa burutuko duen EPPKren eskabide premiatsuenen alde egiteko; alegia, larri gaixorik dauden eta adintsuak diren burkideen askatasuna eta guztion Euskal Herriratzea.

-Apirilaren 14an hasiko dute Jon Parotek, Xistor Haranburuk, Jakes Esnalek eta Unai Parotek atxilotu zituzteneko hogeita bederatzigarren urtea. Beren askatasuna eskatzeko karietarat antolatuta dauden ekitaldietan parte hartzera deitzen du EPPK-k ere. Gure aldetik, beren egoera salatzeko ekimenak egingo ditugularik.

-Apirilaren 17an, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu, ohiko ekimenak burutuz kartzela bakoitzean.

-Apirilaren 20an, herri eta auzoetan presoon eta gure hurkoen alde antolatutako ekitaldi eta ekimenekin bat egingo dugu, aipatu bezala herritar eta auzotarrekiko gure harremana estutzen saiatuz.

-Apirilaren 21ean, gure modura bat egingo dugu ere «Orain presoak kalera, konponbidea, bakea, askatasuna— goiburutzat duen manifestazioarekin.

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Jo eta ke, irabazi arte!»

Euskal Herria bihotzean, 2018ko apirilean, EPPK

Publizitatea