Konponbideari begira

Berriak

BVE eta GALen biktimentzat ordaina eskatuko du Eusko Legebiltzarrak

EAJ, EH Bildu eta PSEk Jaurlaritzari eskatuko diote diru sail bat bideratzeko Espainiako Gobernuaren kalte-ordainik jaso ez duten biktimentzat. PPk dirua ukatu zien, hildakoek ETArekin lotura zutelakoan
Ramon Oñederra <em>Kattu</em>-ri 2013ko abenduan Azkoitian (Gipuzkoa) eginiko omenaldia. GALek hil zuen, eta ordaina ukatu zioten familiari.
Ramon Oñederra Kattu-ri 2013ko abenduan Azkoitian (Gipuzkoa) eginiko omenaldia. GALek hil zuen, eta ordaina ukatu zioten familiari. GORKA RUBIO / FOKU

2018-04-11 / Jon O. Urain

Estatu indarkeriaren biktima izan baina Espainiako Gobernuaren kalte-ordainik jaso ez dutenentzat diru sail bat bideratzeko eskatuko dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Elkarrekin Podemosek aurkeztutako legez besteko proposamen bat oinarri hartuta, akordioa egin dute EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, eta, beraz, legebiltzarraren gehiengoaren oniritzia ziurtatuta dauka ekinbideak. Zehazki, hiru taldeek Jaurlaritzari eskatuko diote «laguntza lerro bat onar dezala» indarkeriaren biktima izanik dagokien kalte-ordaina jaso ez dutenei emateko. Hiru taldeen asmoa da «prozesu horrek familiarentzat izan duen birbiktimizazio eta gainkarga ekonomikoa leuntzea» diru sail horren bidez.

Jaurlaritzari ez ezik, Espainiako Gorteei ere zuzenduko zaie Eusko Legebiltzarra. Hain justu, eskatuko die moldatzeko Terrorismoaren Biktimak Aitortzeko eta Babesteko Legea, biktimei kalte-ordaina ez emateko baldintzak mugatu daitezen. Hiru taldeek adostu dutenez, Eusko Legebiltzarrak eskatuko du kalte-ordaina ez ematea soilik kontrako epai irmo bat duenenei. Puntu hori hitzez hitz jasotzen du Elkarrekin Podemosen proposamenak ere.

Gainera, legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatuko die «beren esku dauden baliabideak» jar ditzatela «egia eta baita beren senideen gorpuzkien kokalekua ere ez dakiten biktimei behar beste informaziorako sarbidea ahalbidetze aldera, baita amnistiatutako edo preskribatutako kasuetan ere». Xedea da «biktima gisa merezi duten aitortza eta erreparazioa osatzea».

Biktimen Espainiako 2011ko legearen arabera, Espainiako Gobernuak ordaindu behar dizkie kalte-ordainak indarkeriaren biktimei. 2012. urtearen amaieran, ordea, legea aldatu zuen Madrilek, biktimei kalte-ordainak pagatzean zenbait baldintza jarrita. Indarkeria Delituen Biktimen Kalte-ordainei Buruzko Europako Hitzarmenari helduta aldatu zuen legea PPk, eta Espainiako Gobernuak horretan oinarrituta ukatu dizkie azken urteotan kalte-ordainak GAL, Batallon Vasco Español eta gisa horretako taldeen hainbat biktimari. Zehazki, hitzarmen horren zortzigarren artikuluaren arabera, kalte-ordainak murriztu edo ken daitezke biktimak edo kalte-ordainaren eskatzaileak indarkeria delituak egin baditu edo horiek egiten dituen erakunde batean parte hartzen badu. Hori egiaztatuta dagoen kasuetan, biktimen senideek ez dute kalte-ordainik jasotzen.

Salatu izan dutenez, ordea, PPren gobernuak kalte-ordainak ukatu izan ditu kidetza hori egiaztatuta ez dagoen kasuetan ere, biktimak «ETAren ingurukoak» zirela argudiatuta. Kasu horietako bost jaso zituen Kriminologia Institutuak Terrorismoaren biktimen kalte-ordainei buruzko txostena izenburuko dokumentuan, baina 40tik gora biktimari ukatu zieten ordaina. Horietako ugarik auzitara jo zuten, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak Barne Ministerioari eman zion arrazoia gehienetan.

Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen legez besteko proposamena, martxoaren 9an. Testuan adierazi zuenez, «zuzenbide estatu demokratiko batean», Indarkeria Delituen Biktimen Kalte-ordainei Buruzko Europako Hitzarmena «ikuspuntu garantista batekin» ezarri behar da, baina, talde parlamentario horren iritziz, auzitegiek interpretazio «murriztailea» egin dute. Erantsi zuenez, «errugabetasun presuntzioa zigor zuzenbidearen oinarrietako bat da», eta, beraz, «epairik ez duen delitu bat egintzat emateak errugabetasun presuntzioa urratzen du».

Publizitatea