Konponbideari begira

Berriak

Plak berretsi du ETAren barne eztabaida ia amaiturik dagoela

 

2018-04-07 / Gotzon Hermosilla

ETAko kideek abiarazitako «barne eztabaida» ia amaiturik dago, eta erakundeak «uda baino lehen» emango du horren ondorioen berri. ETAk berak Aberri Egunaren kariaz plazaratutako agirian adierazitakoa eta beste zenbait eragilek —Foro Sozial Iraunkorrak, esaterako— behin baino gehiagotan iradokitakoa berretsi du David Plak, Sud Ouest egunkariari emandako elkarrizketa batean. ETAren mintzaideetako bat izan zen Pla, eta gaur egun EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren zuzendaritza osatzen duten zortzi kideetako bat da.



Idatziz erantzun dio Plak egunkariak igorritako galdetegiari. Elkarrizketan, Plak azaldu du ETA «engaiaturik» dagoela NBE Nazio Batuen Erakundeak gatazken konponbiderako ezarri duen DDR protokoloarekin —armagabetzea, desmobilizazioa eta gizarteratzea—, eta aurrerantzean ere hala egongo dela.



ETAren biktimen inguruan galdetuta, Plak azaldu du «sufritu duten guztiei ETAk egiten ahal dien ekarpenik behinena gatazka erabat gainditzea eta berriz ez gertatzeko bermeak jartzea» dela.



«Zauriak sendatu»



Plak ETAren prestasuna agertu du «zauriak sendatzen» laguntzeko. Hala ere, azaldu duenez, ez dago prest biktimak «trukerako txanpon gisa» erabiltzeko eta «pentsatzen ez dituenak esateko, soilki batzuk gustura uzteko xedez». «Ez litzateke zintzoa izango, ez biktimekin, ezta ETAren historiarekin ere», erantsi du.



Presoei dagokienez, Plak uste du «Espainiako Gobernuaren borondate falta» dela arazo nagusia. «Nazio mailako akordio handia» egitea proposatu du, eta, alde horretatik, Ipar Euskal Herriko eragileen jarrera txalotu du.

Publizitatea