Konponbideari begira

Berriak

Itzuli, baina bermeekin

Foro Sozialak eskatu du «errepresiorako» ez erabiltzeko iheslari, deportatu, eta preso eta iheslari ohien egoera judizialak. Bide orri bat adostea proposatu du
Ezkerretik hasita, Sare eta Etxerat-eko kideak, Foro Sozialeko eledunak eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea, Donostian, atzo.
Ezkerretik hasita, Sare eta Etxerat-eko kideak, Foro Sozialeko eledunak eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea, Donostian, atzo. A. CANELLADA / FOKU

2018-03-28 / Jokin Sagarzazu

Berriz atxilotu eta espetxeratzearen Damoklesen ezpatarekin bizi dira iheslariak, deportatuak eta preso eta iheslari ohiak. Haien itzulera erraztu eta gizarteratzea bermatzeko, Foro Sozial Iraunkorrak hainbat gomendio proposatu ditu. Helburua hau da: da adostasun «transbertsal» bat lortzea «maila sozial, politiko eta instituzionalean» eta kolektibo horren parte hartzearekin, eta bide orri bat «prestatzea, adostea eta inplementatzea». «Gaiarekin zerikusia» duten eragileentzako «jarduera gida» moduko bat izateko xedea dute gomendioek.

Besteak beste, Foro Sozialaren iritzian ezinbestekoa da preskribatzear dauden prozedurak «errepresio helburuekin» ez erabiltzea, eta, gainera, «erraztea» auzibiderik ez duten edota torturen bidez lorturiko akusazioetan soilik oinarritutako auziak dituzten iheslarien itzulera —100 inguru daude—. Deportatuen kasuan —hamabost bat—, berriz, uste du «irtenbide juridiko bat artikulatu» beharko litzatekeela, haiek ere itzultzeko aukera izan dezaten. Eta preso eta iheslari ohientzat, berriz, ezinbestekoa deritzo haien «eskubide berdintasuna bermatzea»; lan eta osasun arlokoak, eta zibilak eta politikoak.

Foro Sozialak aitortu du neurri horietako batzuk aurrera eramateko ez dela aski egungo legedia, eta ezinbestekoa dela justizia trantsizionalaren irizpideak aintzat hartzea. Prozesua, dena den, modu «mailakatu eta ordenatu batean» egin daitekeela uste du. Legedi arruntean oinarrituta, adibidez, jada soluziobidean jar daitezkeela adin handiko edota gaixo dauden iheslari eta deportatuen kasuak. Eta marko horretatik kanpo bestelako neurri batzuk azter daitezkeela, «akusazio eta egoera pertsonalen arabera»: besteak beste, kartzelaren ordezko zigorrak, kaleratze goiztiarrak edota espetxealdi arinduak.

Horiek dira urtarrilaren 26an eta 27an Irunen (Gipuzkoa) eginiko IV. Foro Sozialetik aterako ondorioetako batzuk. Donostiako Aquariumean eginiko ekitaldi batean aurkeztu zituzten atzo. Foro Sozialeko kideez gain, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak ere hitz egin zuen, etorkizuneko euskal gizarteaz eta egungo gatazkak egoki ixteak horretan izan dezakeen garrantziaz. Ramon Agirre aktoreak erbestean den Joseba Sarrionandiaren olerki bat irakurri zuen, eta otsailaren 24an Foro Sozialak biktimekin Gasteizen eginiko mahai inguruaren bideo laburpen bat proiektatu zuten. Atzoko ekitaldian izan ziren, besteak beste, Etxerat, Sare eta Harrera elkarteetako kideak.

Ardura nazionala

Foro Sozialeko Aitzpea Leizaolak bere hitzartzean azaldu zuenez, azken 60 urteotan euskal herritar ugarik egin dute ihes «motibazio politikoko delituak» leporatuko zizkieten beldurrez, edota atxilotu eta torturatu ez zitzaten. Azpimarratu zuen orain gutxira arte Espainiako auzitegiek ontzat jotzen zituztela soilik «autoinkulpazioak edota heteroinkulpazioak» froga gisa aurkeztutako akusazioak. Horietan oinarritutako auziak berriz ez irekitzea galdegin zuen. Horrekin batera, iheslari eta deportatuen kolektiboaren «espezifikotasun» batzuk gogoratu zituen: bereziki, adin handiko pertsonez osatua dagoela, eta haietako asko gaixo daudela.

Preso eta iheslari ohien kasuan, berriz, Nekane Alzelaik adierazi zuen Nazio Batuen Erakundeak hainbat irizpide eman dituela DDR fasean —armagabetze, desmobilizazio eta gizarteratzean— dauden gatazkentzako. Azaldu zuen irizpide horien arabera «ardura nazional bat» dela preso eta iheslari ohien gizarteratzea erraztea, baina ez dagoela «formula bat», herrialde bakoitzak berea zehaztu behar duela. Horretarako, Alzelaik uste du ahalik eta eragile gehienek parte hartu behar dutela —publiko eta pribatu—. «Gizarteratze prozesua funtsezkoa da adiskidetzea bermatzeko indarkeria atzean utzita bakea eraikitzen diharduen herrialde batean», azaldu zuen, NBEren gomendioak gogoan, eta honako hau azpimarratu: «Xedea ezin da inola ere izan klaudikazioa, despolitizazioa, demonizazioa, marjinazioa, sobornoa, subordinazioa edo, batez ere, umiliazioa».

Informazio osagarria

Publizitatea