Beste bi euskal preso gerturatu ditu Frantziak, Lannemezango kartzelara
Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain EPPK-ko sei kiderekin egongo dira han. Otsailetik, beste bost lagun hurbildu dituzte; haiek Mont-de-Marsanera. Etxegarai lehendakaria Coviterekin bildu da
2018-03-24 / Jokin Sagarzazu
Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain euskal presoak Lannemezango kartzelara (Biarno, Okzitania) gerturatu ditu Frantziako espetxe administrazioak, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Biak Saint Maurren zeuden, Euskal Herritik 680 kilometrora, eta orain 350era egongo dira. Otsailean, Zigor Garro eta Julen Mendizabal Mont-de-Marsanera (Landak, Okzitania) hurbildu zituzten; eta duela bi aste, espetxe berera, Josu Urbieta, Raul Aduna eta Jon Salaberria.
Mont-de-Marsanen, egun, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bost kide daude, eta Lannemezanen, zortzi. Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta —hala egiten du Etxerat-ek—, Mont-de-Marsan 234 kilometrora dago; Lannemezan, 330era. EPPK-ko 55 kide daude Frantziako Estatuko espetxeetan.
Maiza 2007tik dago preso, eta 20 urteko zigorra jarri zion Frantziako Justiziak, ETAren azpiegitura taldeko kide izatea egotzita. 66 urte ditu, eta Etxarri Aranazkoa da (Nafarroa). Ilundain 2001ean atxilotu zuten, eta hemezortzi urteko espetxealdia bete behar du, hura ere azpiegitura lanetan aritzea leporatuta. 56 urte ditu, eta Iruñekoa da.
Frantziako Justizia Ministerioak urtarrilaren erdialdean iragarri zuen gerturatzeei ekingo ziela, eta bi espetxe horiek aukeratu zituela horretarako. Presoez aritzeko mahai bat osatua du Ipar Euskal Herriko erakunde eta eragileek osatutako ordezkaritza batekin.
Talde horretako kide da Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza, eta atzo Covite ETAren indarkeriaren biktimen elkarteko Ruben Mujikarekin bildu zen, Donostian. Aurretik ere izan dira ordezkaritzakoak Covitekoekin. Aldiz, bakegileekin biltzeari uko egin diote biktimen elkartekoek, armagabetze prozesuan izan zuten esku hartze zuzena dela-eta ETAren «konplizeak» direla argudiatuta.
Bileratik irtetean, Mujikak azaldu zuen ez zutela presoen gerturatzeei buruz hitz egin. Aurrekoetan, Covitekoek esan zuten ados daudela Emmanuel Macronen gobernuak presoak hurbiltzeko erabilitako irizpideekin. Hala, Mujikak adierazi zuenez, Etxegarairekin hitz egin zuen aske geratzen direnei ezker abertzaleko kideek egiten dizkieten harrerei buruz, eta ETAren «desagertzeaz». Covitekoaren arabera, ETAri eta presoei ezin zaiei «oxigenoa» eman, «haien porrotak izan behar du protagonismoa».
Ekitaldi horiek polemika iturri bihurtu dira azken asteetan. PPkoak hasi dira horietara joaten, komunikabideak deituta, protesta gisa, han biktimak «umiliatzen» direla argudiatuta. Asteartean, Guardia Zibilak lau preso ohi atxilotu zituen, ekitaldi horiekin loturik deklarazioa hartzeko —egun berean utzi zituzten aske—.
Bileraren ondoren, Covitek ohar bat kaleratu zuen eta gaineratu Mujikak Etxegarairi «ohartarazi» diola norekin biltzen den; «haietako batzuen» helburua dela ETAk eragindako mina «banalizatzea», eta Ipar Euskal Herrian egiten diren «asmo oneko mugimenduak» ETAren «eraginpean» egon daitezkeela. Bileraren ondoren, Etxegaraik ez zuen adierazpenik egin.
Salaberriaren askatasuna
Duela bi aste Mont-de-Marsanera gerturatu zuten Jon Salaberria eta, Etxerat-en arabera, hurrengo asteazkenean geratuko da aske, Frantziak jarritako zigorra beteta. Ez dute Espainiaren esku jarriko, Auzitegi Nazionalak indargabetu egin duelako haren aurkako euroagindua. Jarrai gazte erakundeko eledun izan zen Salaberria, eta eusko legebiltzarkide ere bai, EH Euskal Herritarrok-ekin. 2008an Bordelen (Okzitania) atzeman zuten, Xabier Lopez Peña, Ainhoa Ozaeta eta Igor Suberbiolarekin batera, ETAko kidetzat jota.
Atzo, berriz, Igor Uriarte Espainiaratu zuten, Frantzian kartzela zigorra amaituta. Auzitegi Nazionaletik pasatu ondoren aske geratu zen, baina epaile batek erabaki beharko du euroaginduarekin irekitako auzibidearekin zer egin. 2013an atxilotu zuten, Montpellierren (Frantzia).