Konponbideari begira

Berriak

Eusko Jaurlaritzak Espetxe Instituzioei eskatu die gradu aldaketak errazteko

Erkorekak dio «albiste txarra» dela EPPK-ko kideen eskariak atzera bota izana. Gogorarazi du indarrean dirauela beren proposamenak

2018-03-14 / Erredakzioa

Espainiako Espetxe Instituzioetako arduradunek euskal presoen gradu aldaketak «erraztu eta sustatu» beharko lituzketela esan zuen atzo Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak, «eta ez trabak jarri edo eragotzi». Iritzi hori du gobernuak arlo horretan azkena emandako erantzunei buruz. Bigarren gradura pasatzea ukatu baitie Madrilgo gobernuak EPPK Euskal Presoen Kolektiboko 54 laguni. Etxerat elkarteak jakinarazi du 120 direla, oraingoz, lehen gradutik irteteko eskatu dutenak, baina ezezkoak ari direla jasotzen, argudiatuta ez direla ETAtik aldendu, erakundea ez dela desegin, eta kartzelako segurtasuna aintzat hartu behar dela. Erkoreka Justizia sailburuak argitu zuen ez dutela ezezko horiei buruzko informazio ofizialik, baina, hala balitz, «albiste txarra» litzatekeela.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldian, Erkorekak Espainiako Konstituzioko 25. artikulua ekarri zuen gogora. Esan zuen artikulu horretan nabarmentzen dela espetxeratzearen helburua «gizarteratzea» dela, eta gradu aldaketa eskatzea, beraz, «aurreikuspen konstituzionalen» barruan dagoela, eta «Euskadiren sozializazio eta normalizazio politikorako positiboa» litzatekeela graduz aldatzeko eskaera horiek aintzat hartzea.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu zuen beraiek bere garaian hainbat proposamen egin zituztela espetxe politika aldatzeko, baina Espainiako Gobernuak ez zituela aintzat hartu. «Egungo legedia aintzat hartuta, gradu aldaketei buruzko aurreikuspen zehatzak egin genituen, baina gobernu zentralak eta espetxe politikako arduradunek ez zituzten aintzat hartu». Eta aintzat hartu gabe jarraitzen dute.

Dena dela, orduan egindako proposamenak «indarrean» jarraitzen duela ere gogorarazi zuen Erkorekak, eta aintzat hartzeko eskatu, «kontuan izanda baduela oraindik balioa eta biltzen duela adostasuna». Alde horretatik, azpimarratu zuen espetxe politikari buruzko erantzukizun guztia ez dela bakarrik espetxeetako erakundeena. «Graduen aldaketan bilakaera egon dadin, banakako eskariak egin behar dira, espetxe bakoitzeko Tratamendu Batzordeak banaka azter ditzan, eta, azken buruan, Espetxe Zaintzako epaileak berak». Hain zuzen ere, ezezkoa jaso duten presoak, horri buruzko txosten administratiboa jaso ostean, helegiteak aurkezten ari zaizkio Jose Luis de Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari.

Iruñeko Udalaren salaketa

Bezperan, Nafarroako Parlamentua izan zen beste espetxe politika bat galdegin eta euskal presoak urruntzearen aurka agertu zena, eta Iruñeko Udalak egin zuen atzo beste horrenbeste. Udaleko gobernu taldeak —EH Bilduk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak osatzen dute— adierazpen bat onartu zuen, agertzeko ez daudela ados «presoak urruntzen dituen» espetxe politikarekin eta «isolamendua helburu duten salbuespenezko neurriekin». Xabier Rey euskal preso iruindarraren heriotza dela-eta onartu zuten adierazpena. «Beharrezkoa da beste espetxe politika bat, zigorrak jaioterritik eta senitartekoengandik urruti betetzea ekidin dadin».

Publizitatea