Konponbideari begira

Berriak

Bigarren gradura pasatzea ukatu die Madrilek EPPK-ko 54 laguni

Espetxe Instituzioek diote presook ez direla ETAtik aldendu eta erakundea ez dela desegin. Eusko Jaurlaritzak ez du ongi hartu erabakia

2018-03-13 / Enekoitz Esnaola

Zaharra berri Espainiako Estatuko espetxeetan: ez dago aurrerapausorik euskal gatazkaren ondorioak konponduz joateko. Azkeneko berria: bigarren gradura pasatzea ukatu diete EPPK-ko 54 kideri. Etxerat-ek esan du, oraingoz, kolektiboko 120 lagunek eskatu dutela lehen gradutik irteteko, baina ezezkoak jasotzen ari direla. Espetxe Instituzioetako iturriak aipatuz Efe berri agentziak dio orain arte 54 kideri eman dietela ezezkoa. Arrazoia: ez direla ETAtik aldendu, erakundea ez dela desegin, eta kartzelako segurtasuna aintzat hartu behar dela. Kontrako bidea hartua du Frantziako espetxe administrazioak, euskal presoei DPS estatusa —bereziki zaindutako presoak kentzen eta batzuk Euskal Herrira hurbiltzen hasi baita.

Espainiako Estatuan, kartzela bakoitzeko Tratamendu Batzordea astero biltzen da presoen jarraipena egiteko, baina graduari buruzko deliberazioak ez dituzte astero hartzen. Batzorde bakoitzak bere maiztasuna du, eta bi-hiru hilabetean behin hartzen dituzte erabakiok. Oraingoz, ebatzi dute EPPK-ko 54 kide horiek lehen graduan segitu behar dutela. Presoak, txosten administratiboa jaso ostean, abokatuen bidez helegiteak aurkezten ari zaizkio Jose Luis de Castro Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileari.

Erregimen itxia da lehen gradua. «Bereziki arriskutsuak» izateagatik ezartzen diete presoei, edota ustez erregimen arruntera eta irekira egokitzen ez direlako. Horrela dauzkate EPPK-ko kideen %95 pasa. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak iazko uztailean barne eztabaidaren ondorioak jakinaraztean zioen «askatasuna eskuratzeko» legearen bideari segituko ziola nahi zuen presoak, betiere marra gorri modura jarrita damua eta salaketa. Hala, taldeko preso bakoitza ari da erabakitzen zer pauso eman, abokatuarekin aztertuz «eskaerak edo bide legalak: erredentzioak, kartzela destinuak, graduen aldaketa, baimenak, baldintzapeko askatasuna eta abar». EPPK-k, halaber, txostenean zekarren kolektiboaren «binkulazio politiko zuzena ezker abertzalearekin» izango zela. ETAk, iazko azaroan, ohar batean azaldu zuen berak ez duela gidatzen EPPK .

Joan den astean, Rafael Catala Espainiako Justiziakoak adierazi zuen Madrilek ez duela aldatuko kartzela politika. Espetxe Instituzioen erabakia da jarrera horren azkeneko seinalea.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusiaren ustez, «albiste txarra» da gradua ez aldatzea euskal presoei. «Legea ezin da aitzakia izan. Legeak politika ezberdinak egitea ahalbidetzen du, eta horren erakusgarri da Frantzian pauso ezberdinak ematen ari direla».

Sortuk, manifestazio deia

Sortuk berebiziko garrantzia ematen dio EPPK-ko kideak lehen gradutik irten eta aurrenik erregimen arruntera eta gero irekira pasatzeari, hartara kaleratze prozesu bat jorratzeko modua legokeelakoan. Kalera Kalera aldizkariaren abenduko zenbakian artikulu bat eskaini zion gaiari. Bihar manifestazio nazional batera deituko du, apirilerako.

Publizitatea