Konponbideari begira

Berriak

Frantziak beste hiru preso Mont-de-Marsanera gerturatu ditu

Bost dira jadanik Euskal Herritik hurbileneko espetxera lekualdatuak. Jaurlaritzak ontzat eman du neurria

2018-03-10 / Gotzon Hermosilla

Frantziak beste hiru preso lekualdatu ditu Euskal Herritik gertuen dagoen espetxera. Etxerat-ek jakinarazi duenez, Josu Urbieta, Raul Aduna eta Jon Salaberria eraman ditu Mont-de-Marsango espetxera (Landak, Okzitania), Euskal Herritik 215 kilometrora. Orain arte Aduna eta Urbieta Poitiers Vivonneko espetxean egon dira, Euskal Herritik 550 kilometrora, eta Salaberria, berriz, Alençonen, 830 kilometrora.

Jadanik bost dira Mont-de-Marsanera lekualdatutako euskal presoak. Joan den otsailean, Zigor Garro eta Julen Mendizabal eraman zituzten espetxe horretara. Aurreko hilabeteetan zurrumurru ugari egon zen Frantziak espetxe politika aldatu eta euskal presoak gerturatzen hasiko ote zen. Garro eta Mendizabal hurbildu izana norabide horretan egindako urrats gisa ulertu zuten eragile askok. Orain, hiru preso gehiagoren lekualdatzeak hipotesi hori indartzen duela dirudi.

Frantziako Gobernuak, berriz, azaldu du iristen zaizkion banakako eskaerak aztertu baino ez duela egiten, eta hurbiltzeko eskabide horiek aintzat hartzen dituela baldin eta presoak odol deliturik eta Espainian auzibiderik ez badauka, eta zigorra betetzeko gutxi gelditzen bazaio. Edozein modutan, argi dago badagoela aldaketa bat ETAren armagabetzea baino lehenagoko jarrerarekin alderatuta.

Raul Aduna Gasteizkoa da, 2013ko maiatzean atxilotu zuten, eta sei urteko zigorra betetzen ari da; urtebete baino gehiago falta du aske geratzeko. Jon Salaberria, berriz, Jarrai gazte erakundeko bozeramailea eta Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkidea izan zen. 2008ko maiatzean atxilotu zuten, eta hamabi urteko zigorra ezarri zioten; hortaz, bi urte inguru geratzen zaio zigor osoa betetzeko. Josu Urbieta azpeitiarra da zigorrik luzeena duena: oraindik bost urte eta erdi falta du aske gelditzeko.

Egun 56 preso daude Frantziako espetxeetan. Horietatik sei epaitu gabe daude, eta epaiketa iritsi bitartean Paristik gertuko espetxeetan egon beharko dute. Besteak hurbiltzeko eskaerak egiten ari dira banan-banan.

Eusko Jaurlaritzak ontzat eman du albistea. Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Frantziako Gobernuak «normaltasunez» hartzen dituela horrelako erabakiak, eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusi Jonan Fernandezek esan du «berri ona» dela.

Bi-biek kontrajarri dute Frantziako Gobernuaren espetxe politika eta Espainiakoarena. Urkulluk esan du Espainian ere «indarrean dagoen legea beste modu batera betetzea» posible izan daitekeela, eta Fernandezek gogoratu du «aspalditik» ari direla lanean Espainiako espetxe politikan aldaketak eragiteko, baina oraingoz ahalegin horiek ez dutela ondoriorik izan.

Fernandezen ustez, Frantziak hartutako neurria «legezkoa eta bideragarria» da, «elkarrizketaren bidez» iritsi da, eta «bizikidetzaren normalizazioari lagundu» egiten dio.

Fernandez Iradiri bisita

Sinn Feineko europarlamentari eta Basque Friendship Group diputatu taldeko kide Martina Andersonek bisita egin dio Ibon Fernandez Iradiri Lannemezango espetxean (Frantzia). Larri gaixorik dago Fernandez Iradi; horregatik, haren zigorra eteteko eskatu du Andersonek bisitatik atera denean, eta gaixo handi diren gainerako presoen egoera ere konpontzeko eskatu du.

Joan den asteartean, gaixotasun larriak dituzten presoak bisitatu eta haien egoera bertatik bertara ezagutzeko asmoa azaldu zuten Basque Friendship Group taldeko europarlamentariek. Fernandez Iradiz gain, Txus Martin, Josetxo Arizkuren eta Gorka Fraile bisitatu ahal izateko baimenak eskatu dituzte jadanik.

Publizitatea