Konponbideari begira

Berriak

Biktimen Europako Eguna. Testigantzak

ORBAINEN MINTZOA

Indarkeriaren ondorioak beren larruan jasan dituzte, eta badute zer kontatu; gertatu zitzaienaz, utzitako arrastoaz, gizartean eta adiskidetzean izan behar duten lekuaz, egin dezaketen ekarpenaz. Biktimak dira. Askotan hitz egiten da horiei buruz; biktimez baino gehiago, biktimekin eurekin mintzatu da BERRIA.

2018-03-11 / Jon O. Urain

Gatazka politikoaren testuinguruan eginiko giza eskubideen urraketen sufritzaile izan dira biktimak. Indarkeriak eragindako oinazearen protagonista dira, eta, beraz, gatazkak utzitako ondorioetan aktore. Foro Soziala hilabeteotan ari da biktimen gaia lantzen, eta beste horrenbeste egiten ari da Eusko Legebiltzarreko Memoria Lantaldea ere. Gaur Biktimen Europako Eguna izanik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak atzo egin zituzten biktimak oroitzeko eta haiei aitorpena egiteko ekitaldiak. Agendan badaude, beraz.

Eraiki beharreko bizikidetzan eta adiskidetzean zutabe garrantzitsuetako bat izanik, biktimei atxikita daude zenbait eztabaida; haiek egin beharreko ekarpenari, izan behar duten lekuari eta haiei barkamena eskatzeari buruzkoak, kasurako. Testuinguru horretan, sarri hitz egiten da biktimez, ez hainbeste biktimek eurek, eta, zenbaitetan, biktima elkarteena da biktima guztien izenean zabaltzen den hitza. Zabalagoa da, ordea, indarkeria nozitu dutenen begirada.

Horietako seiren lekukotzak jaso ditu BERRIAk; sei gizon-emakume, sei izen-abizen. Sei esperientzia lazgarri. Gertaera traumatiko bat kudeatzeko sei modu, beren ñabardura guztiekin. Neurri batean, biktimarioaren nolakotasunak baldintzatutako bizipenak dira, baina puntu komun ugari dituztenak: nagusiki, beren testigantza eman ahal izatea nahi dute, entzunak izatea eta gertatutakoa ez errepikatzea, eta beste biktima batzuen azalean jartzeko eta horien sufrimendua ulertzeko gai dira.

BIZIPENAREN AZTARNAK

Alberto Muñagorrik 10 urte zituen lehergailu batek eztanda egin eta zauritu zuenean. Hanka bat eta begi bateko ikusmena galdu zituen. Zailtasunak zailtasun, ikasi zuen erortzean berriro jaikitzen: «Nire ama izan da naizenaren oinarria. Erakutsi zidan une horretatik aurrera gertatutakoaren ondorioekin bizi beharko nuela, amorrua eta gorrotoa sentituko nituela, baina ez zidala ezertan lagunduko, eta 1.001 aldiz erorita ere zutitu behar nuela».

«Konplexurik eta gorrotorik gabe» hazi zen, baina sentitu du amorrua: «Norbait hiltzen edo torturatzen duzunean, sinesgarritasun osoa galtzen duzu». Dioenez, askorentzat «bonbaren umea» izan zen luzaroan, eta kritikatu du «herria isildu» egin zela. Bestelakoa da egoera gaur egun: «Gaur bertan [asteazkenean], bi pertsonak gelditu naute kalean, eta eskerrak eman nire testigantza emateagatik. Inoiz ez zait horrelakorik gertatu. Kanpoko jendeak bai, babestu ninduen». Etxean, hasieran, «modu terapeutikoan», esan zioten «istripu bat» izan zuela. «Baina, egiaz, nire familian denek zekiten zer gertatu zen. Ez dugu hitz egin, baina ezta ezkutatu ere». Urte luzez egon da gaiaz publikoki hitz egin gabe, baina konturatu da «ekarpena» egin dezakeela bere «lekukotzarekin eta jarrerarekin».

Hemezortzi urte igaro dira Ibon Garateren anaia Ruben auto istripuz hil zenetik, baina Iboni hunkidura nabaritzen zaio hitz egitean: «Arrasto luzea uzten du. Beste biolentzia batzuk ez daude gaur egun, baina nire anaiaren heriotza eragin zuen indarkeria oraindik hor dago. Nik neuk bisitak egiten jarraitzen dut, eta astebururo ehunka senide eta lagun joaten dira espetxeetara; edozein momentutan gerta daiteke istripu bat».

Ibonek anaia bakarra zuen Ruben. Ruben bizi zen gurasoekin, eta kolpe handia izan zen haientzat: «Anaiarena pasatu eta gero, lehengusu bati Puertora joaten nintzaion bisitan, eta gurasoei ezin nien esan nora nindoan. Bueltan esaten nien bisitan egona nintzela, etxean nengoenean». Istripua Burgos ondoan izanik, sarri igarotzen da ezbeharraren lekutik, eta, beraz, bidaia bakoitzak mugiarazten dizkio barrenak. «Madrilera zoazenean, beti pasatzen zara leku horretatik. Ezin duzu ahaztu».

Olatz Etxabek gogoan du Iñaki aita hil zuten eguna: «Ohean nengoela, zarata bat entzun nuen. Behera jaitsi nintzen, eta aita ikusi nuen lurrean, eta ama guztiz burua joanda». Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zuen atentatua. 43 urte dira, baina minak luze dirau. «Lo egiteko arazoak ditut; negarrik ez dut egiten, nahiz eta arrazoiak izan ditudan. Urteak pasatzen dira, eta ikasten duzu bizitzen, baina buelta asko ematen dizkiozu, nolakoa izango zen gure bizitza aita bizi balitz». Esaterako, bizimodua eta bizitokia aldatu zuten, baserritik Arrasatera (Gipuzkoa) lekualdatuta.

Maider Garciak gogoan du aita Juan Carlos Garcia Goena hil zuten eguna: «Uda zen, eta Tolosan [Gipuzkoa] nengoen, amonaren etxean. Gogoratzen dut harekin lo egiten nuela, ni esnatzeko zain egoten zela bera jaikitzeko, eta goiz horretan esnatu nintzenean amona ez zegoela ohean. Hurrengo oroitzapena osabaren negarrarena da. Hortik bizilagun baten etxera eraman ninduten, eta ez dut ezer oroitzen hurrengo hiruzpalau urteez; ezta nire ahizparen jaiotza ere. Neure buruak, ez sufritzeko, eten bat egin izan balu bezala».

Manoli Urritegik gogoan du nolako eragina izan zuen bere bizitzan Jose Javier anaiaren hilketak: «Eragiten du, hasieran burbuila batean zaudelako. Baldintzatzen zaitu lantokian, zure harremanetan... Pertsona bera zara, baina jada ez zaituzte berdin ikusten. Nire lantokian, pertsona bakarra etorri zitzaidan esatera sentitzen zuela gertatutakoa». Aldiz, entzun behar izan zuen, besteak beste, bere anaiak ez zuela sufritu. Atentatuaren osteko lehen egunetan «zirku mediatikoa» sortu zela gogoan du Urritegik: «Nire anaiaren gauzak kazetariek ekarri zizkiguten etxera». Beste egun batean, furgoneta bat ikusi zuten etxe aurretik pasatzen, eta furgonetako ate bat irekitzen: «Ez dakizu zer gertatuko den... zure argazkia egunkarian ikusten duzun arte».

Ane Muguruza artean jaiotzeko bazegoen ere, aitaren hilketak alabaren bizitza osoan utzi du arrastoa: «Beti izan dugu motxila hori, eta ikasten duzu horrekin bizitzen; nire kasuan, oso modu naturalean bizi izan dut. 20 urtetik aurrera hasi nintzen krisian sartzen, eta konturatu nintzen nik ez dudala igaro dolua».

Dolu hori beste modu batera bizi izan du Muguruzak: «Arkaitz Bellon hil zenean [euskal presoa 2014an hil zen Puerto I kartzelan], esaterako, oso gaizki pasatu nuen. Pentsatu nuen beste batzuekin bizitzen ari nintzela aitarekin bizi ez dudan dolu prozesu hori». Hor hasi zen «krisian» sartzen: «Konturatu nintzen ez diodala inoiz galdetu neure buruari zergatik gertatu den. Hasieratik asumitu nuen zerbait izan da. Bizitza horrelakoa balitz bezala. Nik batzuetan pentsatu izan dut zorte onekoa naizela, ez naizelako kontziente izan, ez dudalako nire begiekin ikusi gertaera traumatiko hori».

Noiz jabetzen da haur bat gertatutakoaz, gertatutako hori jaio aurrekoa denean? «Modu gradual batean jakin nuen. Amak hasieratik hitz egiten zidan aitaren inguruan, uste baitzuen eskubide osoa nuela aita nire bizitzaren parte izateko. Hasieratik esaten zidan aita ez zegoela; hortik pasatu ginen esatera aita hilda zegoela. Ondoren, kalkulu akats bat egon zen: ikastolako lagun baten gurasoek etxera gonbidatu ninduten, eta nire aitaren gorpua Bilbora iritsi zeneko bideoa jarri zidaten. Horrela jakin nuen. 5-6 urte nituen».

Azaroaren 20aren esanguraz ere gradualki jabetu da: «Beti izan da egun seinalatu bat niretzat, plan bera genuelako; lore eskaintza, manifestazioa edo ekitaldia...». Hasieran, umetan, «egun polita» zen Muguruzarentzat, lagunekin elkartzeko eguna zelako: «Gero, jabetzen zara egun horretan zentroa zarela, eta hasten zara pisua nabaritzen. Gero iritsi zen momentu bat amak lekukoa pasatu zidana». Edonola ere, ingurukoen laguntza sumatu du urteotan: «Beti hitz egin didate aitaren inguruan, esan didate nolakoa zen momentu batean edo bestean... eta ez naiz heldu idolatratzera. Rol inportantea izan zuen garai horretan, baina hezur-haragizkoa zen, bazituen bere akatsak, nik berberak ditut... Jende askorekin konpartitu zituen gauzak, eta jende horrek beti izan du gogoa nirekin konpartitzeko nolakoa zen; horrela eraiki dut nik aitaren irudia».

Eskolako lagunek ere izan zuten zerikusirik Garciak gertatutakoa ezagutzeko orduan: «Gogoratzen dut amak esan zidanean aita hil zela, auto istripuz. Ondoren jakin nuen ez zela istripuz hil, hil egin zutela; ikastolako kide batek esan zidan». Gertatutakoaz jabetzen hasi zen GALena argitara atera zenean: «Nire amak garai bat bizi izan zuen guztiz obsesionatuta. Bere borroka hasi zuen, laguntzarik eta justiziarik gabe, eta niri zegokidan ama laguntzea». 31 urte igaro dira Garcia Goena hil zutenetik: «Oraindik ere ez dakigu zergatik bera. Jakiteke dugun borroka bat da».

BABESAK ETA AHANZTURAK

Urritegiren kasuan, oinazea ez zen anaiaren hilketara mugatu: «Familiako gertuko pertsona batek eskaini zigun bere sendiaren panteoia erabiltzea Javier lurperatzeko, baina, lurperatu eta bi egunera, harremana moztu zen betiko. Hamar urte igaro ziren Javier panteoi horretatik atera ahal izan genuenerako, eta nik ez nuen bertara joan nahi». Hala ere, izan zituen babes mezuak ere: institutuan gelakide izandako batzuek gutun bat bidali zioten, kontsolatzeko: «Ezustekoa izan zen, eta oso lasaigarria». Beraz, aurkia eta ifrentzua jaso zuen Urritegik; herritarren nahiz erakundeen aldetik: «Instituzioen abandonua sentitu genuen, baina, bestetik, zenbait gauza jasan behar izan genituen kalean». Instituzioen ahanztura hori nabaritu zuen halako gertaera traumatiko baten aurrean zegoen hutsuneaz jabetzean: «Familiak ez daki nora jo behar duen ere. Deitzen zaituzte, kontatzen dizute zer gertatu den, baina, gero, erabateko isiltasuna dator». Arreta psikologikoa falta izan zuen, batez ere: «Horrek lagunduko zukeen dolua beste modu batera eramaten».

Instituzionalki babesgabe sentitzeari gehitu behar zitzaion herritar askoren hotza: «Ikusten duzu min egin dizuten pertsonek babes instituzionala dutela, udaletatik babestu dituztelako, ikusten duzu babes sozial oso indartsua dutela...». Orain, ordea, uste du instituzioek «kontzientzia» hartu dutela: «Biktima entzuna sentitzea eta bere duintasuna berreskuratzea balio erantsia da gizartearentzat».

Barne prozesu horretan gorrotoak betetzen duen lekuaz gogoetatu du: «Esaera batek dio gorrotoa dela norberak ondokoa hiltzeko itxaropenarekin hartzen duen pozoia. Esaldi horrek ongi deskribatzen du sentitzen duzuna, konturatzen zaren arte. Kolpe bat ematen duzu, eta aurrera egiten. Orain badaude laguntza eta arreta handiagoak, baina orduan ezereza zegoen».

Muñagorrik ere ez zuen herrikideen babesik jaso. «Niri hau eguerdian gertatu zitzaidan, eta 20:00etan manifestazio bat egin zuten nire etxe azpian, 'Gora ETA militarra' oihuka. Izan zen gertatutakoaren aurkako martxa bat ere, baina minoritarioa zen». Baina administrazioarekin ere «arazoak» izan zituen biktima gisa zegozkion ordainak-eta jasotzeko: «Estatua auzitara eraman genuen kalte-ordainak jasotzeko, estatuak ez zuelako zuzen jardun —lehergailua jarrita zegoen, artezilariei abisua eman zieten, baina ez ziren joan—. Sentitu dut ez dizkidatela gauzak erraz jarri».

Bestelakoa izan da egoera estatu indarkeriaren biktimen kasuan; herritarren babesa sentitu dute, apenas instituzioena. Etxabek ziurtzat du guardia zibilak zirela aita hil zutenak: «Ez dago aitorpenik. Esan zuten ezin dela frogatu; bere heriotza agirian ere jartzen du shock bat izan zela heriotzaren arrazoia, gorputzean hamasei bala bazituen ere». Egin ziren atestatu batzuk, baina Ferrolgo etxe militar batera eraman zituzten. Iñigo Iruin abokatuak eskatu izan du espedientea ateratzeko, baina ezetz erantzun dute, 50 urte igarotzean desklasifikatzen direla agiri horiek. Aita hil eta 40 urtera hots egin zioten Eusko Jaurlaritzatik: «Ahaztuta bainoago, abandonatuta egon gara». Edonola ere, «mendekurik» ez du nahi Etxabek, baina bai egia jakitea: «Hau gertatu zen, gu izan ginen, gaizki egon zen...».

Garatek ere jaso du babes soziala: «Baina instituzioentzat, gu auto istripu bat gara. Baztertuak edo ahaztuak ere ez gara, zeozer baztertzeko aurrez onartu behar baituzu zeozer izan dela». Otxandion, aurten, udalak plaka bat jarri du Garateren anaia oroitzeko, baina Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak plaka hori jartzearen kontrako salaketa jarri du. Horiek horrela, argi ditu lehentasunak: «Nahi dudan bakarra da sakabanaketa amaitzea. Estatistikoki, berriro gertatuko da. Gertatzen da».

Muguruzak «zorteko» du bere burua, alde horretatik: «Herriaren babesa hasieratik sentitu dugu. Inoiz ez naiz bakarrik sentitu 28 urtean, eta hori asko da. Jende asko ahaztua edo debekatua egon da». Instituzionalki, ordea, «erdizka» antzeman du babes hori: Euskal Herrian gehiago, eta batere ez Espainiako Estatuaren aldetik: «Duela bizpahiru urte hasi ginen diru laguntzen kontuarekin borrokan; atzera bota zizkigun Espainiak, ustez aitak, amak eta nik ETArekin harremana genuelako. Aita absolbitu zuten, ama ere bai, eta ni Kaskagorriren argazkien auzian inputatuta nagoelako ukatu digute. Argudio horiek erabiliko al dituzte ez onartzeko nire aita estatu terrorismoaren biktima dela?». Muguruzaren iritziz, horren atzean dagoen asmoa da, batetik, biktima izaera ez aitortzea, eta, bestetik, «heriotzak justifikatzea».

ENPATIA

Biktima gehienek izan dute aukera beste indarkeria batzuk jasan dituztenekin mintzatzeko, eta bakoitzaren oinazeak ez dizkie begiak ixten besteen sufrimendua ikusteko; are, biktimen arteko «enpatia» gaitasuna aipatu dute hainbatek. Hitz hori erabiltzearekin zalantzak ditu Etxabek, baina enpatia hori praktikatu egiten du: «Ikusten duzu beste batzuek gaizki pasatu dutela, eta geratzen zaizu sentsazioa izan dutela instituzioen babes osoa, baina herriarena ez; oso gaizki pasatu dute, bakarrik sentitu dira». Etxabek berak, esaterako, parte hartu zuen Gogora institutuak Arrasaten antolatutako ekitaldi batean, ETAk 2008an hildako Isaias Carrascoren alaba Sandrarekin: «Gizartea doa legeen eta politikarien aurretik. Nire inguruko batzuk ez zeuden ados Gogora-ren ekimenetan parte hartzearekin, ikusten baituzu batzuk pausoak ematen ari garela eta beste batzuk ez. Gogora-renean parte hartu nuenean, jende pila gerturatu zitzaidan, eta gehienek eskerrak eman zizkidaten. Nirea ezagutzen zuten, baina Sandrarena askoz inportanteagoa izan zen. Ondo egon zen, ikusten duzulako errealitatea plurala dela: hau hemen gertatu da». Garatek ñabardura: «Gertatu dena, eta gertatzen ari dena».

Muguruzak uste du «bestearen mina ulertzeko eta enpatizatzeko erraztasun handiagoa» dutela: «Horrelako hutsune bat duzunean inguruan, ondoko edo pareko horri zerbait gertatzen zaionean, norberarentzat ez da erraza, mamuak bueltatzen direlako». Hari ere egokitu izan zaio beste indarkeria batzuen biktimekin egotea. Esaterako, Radio Euskadiko irrati saio batean, iaz, Muñagorrirekin, Ivan Ramosekin eta Ines Nuñezekin. Ramosen ama Maria Teresa Torrano zen, PSE-EEko militantea, eta 1987an hil zuten, Portugaleten, Herriko Etxera molotov koktel batzuk botata. Nuñezen aita, berriz, Poliziak torturatuta hil zen. «Haiek sufritu dutenak ez du izenik. Ahaztuak egon dira, bai sozialki, eta orain arte baita instituzionalki ere. Bakoitzak bere ideologia du, ez gara bat-batean denak lagunak izango, baina gauza askotan zein identifikatuta sentitzen zaren».

Muñagorrik aitortu du ez dela erraza hitz egiten hastea: «Pili Zabala [GALek hildako Joxi Zabalaren arreba] entzun nuen aurreneko aldian, kostatzen zitzaidan ulertzea, baina hasi nintzen hura entzuten, eta ulertu nuen bizi izan duen sufrimendua. Nork bere buruari hesiak jartzen ez badizkio, hobeto ulertzen dituzu gainerakoak. Taldeka egon gara biktimak, elkar errespetatu dugu, elkarri entzun diogu... baina hori alderdi politikoetara eramatean, dena galtzen da. Nik beste biktimekin ez badut inolako arazorik, zergatik egin behar dituzte diferentzia edo bando horiek?».

EGIA, JUSTIZIA ETA

ERREPARAZIOA

Sarri hitz egiten da biktimek egia jakiteko eta justizia nahiz erreparazioa jasotzeko duten eskubideaz; baita gertatutakoa ez errepikatzeko bermeez ere. Esperientzia pertsonalek, ordea, erabat baldintza dezakete bakoitzak egiatzat, justiziatzat edo erreparaziotzat zer ulertzen duen. Zenbat du horietatik Muguruzak? «Egiarik ez dugu. Bide judiziala hasi zenean, bi inputatu zituzten; bat kondenatu zuten, eta bestea absolbitu, eta kondenatu bakarra baimen batekin kartzelatik irtetean hil zen, moto istripu misteriotsu batean. Ez dakigu zehazki nork hil zuen; hasten gara egia zer den eztabaidatzen: egile materialak zeintzuk diren jakitea? Gehiago interesatzen zait jakitea zein bulegotan erabaki zen hilketa hori eta estatu terrorismoaren makineria zein zen; izan ere, funtsean, badakigu diseinatuta zegoela, helburu zehatz batzuk zituztela». Ez du, ordea, itxaropenik Espainiaren aldetik: «Nahiko nuke egunen batean jakitea, baina errealista naiz, eta ez dut imajinatzen estatua bere burua zigortzen».

Muguruzarentzat, justizia «egia jakitea» da: «Eskubide osoa dugu zer gertatu zen jakiteko. Hori, eta mekanismoak sortzea berriro horrelakorik gerta ez dadin. Zauriak ixteko laguntza ematen du jakiteak beste inork ez duela pairatuko guk bizi izan duguna». Antzera mintzo da Etxabe: «Justizia da egia aitortzea; onartzea estatua zegoela atzean, gure aitaren hilketa mendeku bat izan zela».

Muñagorrik ez daki eztanda egin zion lehergailua nork jarri zuen, eta uste du egia «beti» argitu behar dela: «Zaila izango da, beti egongo direlako aldeak lagundu nahi ez dutenak». Epaitu ere ekintza guztiak epaitu behar direla uste du: «Krimen asko daude argitu gabe; horien artean, nirea». Garciaren kasuan ere, antzera: «Aitorpena, batere ez. Ez dugu ez egiarik, ez justiziarik. Ahal dudan aldiro egiten diot deia PSOEri: eman aurpegia, eta esan zer egin zenuten».

Urritegiren anaiaren hilketa epaitu zuten, baina pena du beste batzuek ez dutelako halakorik izan: «Justizia denentzat egin beharra dago, baina hori hankamotz geratzen da egindakoa sozialki babesten bada. Babes sozial hori apurtu behar da». Horretarako, oso garrantzitsutzat du oroimen historikoa, «ulertzeko zer gertatu den eta zergatik, gertatutakoa justifikatu gabe. Memoria historikoa ez da izan behar Pandoraren kutxa bat, zabaldu eta besteei aurpegiratzeko, baizik eta elkarri begiratzeko, zintzoak izateko, memoria historiko hori elkarbizitzarako altxor bilakatzeko, eta etorkizuneko belaunaldiei zerbait pedagogikoa uzteko».

Garateri «funtsezkoa» iruditzen zaio egia jakitea: «Nire kasuan, ez dago inongo legerik esaten duenik kondena bete behar duzula Puerto de Santa Marian. Erabaki politiko bat da. Gero agertzen da [Espainiako Barne ministro Jose Ignacio] Zoido esanez ez dutela aldatuko... harrotu egiten dira erabaki horretaz. Hein batean, lagunduko luke hori gaizki dagoela aitortzeak».

BARKAMENA

Gehienek egin diote erreferentzia barkamen hitzari, eta ia denei zaie deserosoa kontzeptua. Batzuentzat, kutsu erlijiosoa antzematen diotelako; beste batzuentzat, barkamenean sinesten ez dutelako. Garciari galdetu izan diote barkatuko ote lukeen: «Galdera inozoa iruditzen zait. Hiltzen dizute zure bizitzako pertsona garrantzitsuenetako bat, eta barkatuko duzu? Ez dut gorrotorik, ikas dezaket bizitzen nire aitaren hiltzailearekin kalean gurutzatzen, baina ez dut ulertzen barkamenarena. Nik ez dut barkatuko». Pasadizo bat kontatu du, adibide gisa: «Nire ama [GALi lotutako polizia ohi] Jose Amedorekin egon da pare bat aldiz, eta, adibidez, esan izan didanean bi musu eman zizkiola... ez dut ulertzen. Nik horri ez nizkioke bi musu emango, ezta...!». Muguruzak ere ez du sinesten barkamenean. La mirada del otro (Bestearen begirada) antzezlana du hizpide. Biktima ugarirekin eginiko elkarrizketetatik abiatutako lana da. Muguruzak egilearekin hitz egitean, egileak aitortzen zion «eskemak hausten» zizkiola: «Izan ere, zer eskatzen du biktima batek? Kartzela, zigorra, barkamena... Nik ez dut ezer nahi. Ez dut nahi niregana hurbiltzerik ere. Ez dut barkamenean sinesten, lasaigarriagoa da jakitea ez dela berriro gertatuko».

Muñagorrik eta Urritegik aukera izan dute ETAko kide izandako batekin hitz egiteko, eta biek nabarmendu dute haren hitzak zenbateraino izan ziren kontsolagarriak. Muñagorrik esan du «oso lasaituta» sentitu zela ETAko kide ohi horrek eskutik heldu, eta esan zionean sentitzen zuela ETAk berari eta bere senideei eragin zien mina. Oso esperientzia positibo gisa gogoratzen du Urritegik ere: «Ez zion uko egiten bere iraganari, egindakoa bere gain hartzen zuen, baina aitorpen momentu batean zegoen. Askatzailea izan zen». Biek azpimarratu dute pertsona horrek emandako pausoaren garrantzia: «Ausarta izan beharra dago horretarako».

KONTAKIZUNA

Euskal gatazkan gertatutakoaren kontakizunak hamaika ertz dituenez gero, kontakizun horri nork bere adjektiboa jartzen dio; horietako batzuk ez daude oso aparte. Nolakoa izan behar du osatu beharreko kontakizunak? Zerk ezaugarritu behar du? Urritegirentzat, «objektiboa» behar du: «Ez da bilatu behar irabazle edo galtzailerik, inork ez baitu irabazi. Denok galdu dugu. Askatzailea izan behar du, eta ETAren biktimak ez gaude itxita beste indarkeria batzuk kontatuak izatera». Haren esanetan, «parte askoren ekarpenetik» egindakoa, «pedagogikoa» eta «interesik gabea» ere izan behar du.

Muñagorriren arabera, «eraikitzailea» izan behar du, «ezinbestekoa baita berriro ez gertatzea». Adibide bat: «Behin baino gehiagotan esan didate: 'Entzun zintudan lehengoan, oso ongi, baina badakizu oraindik sufrimendu handia dagoela presoekin'. Bai, guztiz ados nago: lotsagarria da batzuk indultatzea eta dominak jartzea, eta, presoek eskubidea badute gertuago egoteko, bete dadila legea. Baina horrek ez zaitzala itsutu onartzeko hemen indarkeria neurrigabea eta gizagabea egon dela».

Muguruzak «kontakizun poliedrikoa» defendatzen du: «Ertz ezberdinak dituena, bakoitzak berea, nork bere kontatzeko moduarekin. Nork eta nola hil zuen erantzutea erraza da. Zergatik, zailagoa izan daiteke, baina, lehen galderak erantzuten baditugu, heldu gara puntu batera. Kontakizun guztiak hartu behar dira kontuan, bat falta bada hankamotz geratuko delako. Poliedrikoa eta inklusiboa izan behar du». Horren aldekoa da Garate ere: «Denok sartzen garen kontakizun bat. Nireak bestearen inportantzia bera duena. Plurala. Nire sufrimendua eta beste batena bera da; hau ez da nork sufritu duen gehiago». Etxabek irudikatzen duenak «egia jakiteko eskubidea bermatu» behar du, «ez soilik biktimok egia jakiteko, gizarteak baizik».

Garciak kontakizun horren abiapuntua du argi: «Gurea kontatzea eta gainerakoena entzutea; beste guztiena. Hemen sufritu dute hildakoen senideek, mehatxatuta egon direnek eta euren familiakoek, hil dutenen senideek... Orain aurrera begiratu beharra dago, eta ikasi behar dugu denei entzuten». Hitz bat nabarmendu du: denei. «Egiazko kontakizun bat egiteko, ezin dugu ezer ezkutatu. Zaila da, baina zintzo jokatu behar da; ezin duzu historia idatzi parte guztiak ezagutu gabe, bestela ez baitzara ari benetako historia kontatzen. Ezin da bakarrik ETAren historia kontatu».

LEKUKOTZAK, ROLAK,

MAILAK

Askorentzat, ez da erraza plaza publikora jauzi egitea eta bere bizipenak kontatzea. Ez zen erraza izan Urritegirentzat: «Izan duzun esperientziagatik, hasieran oso zaila da. Baina gero ikusten duzu gizartea beste egoera batean dagoela, entzuten zaituenak ez zaituela epaitzen eta asmo onez doala zu entzutera. Lortzen ari gara naturaltasunez hitz egitea».

Muñagorrik ere urteak eman ditu gertatutakoaz publikoki hitz egin gabe, baina azken hilabeteetan bere bizipenaren berri ematen ari da, Jaurlaritzaren Memoriaren Plazan, ikastetxeetan nahiz hedabideetan: «Konturatzen zara zure testigantzak ekarpen handia egin dezakeela. Nik pausoa eman dut nire ahotsa entzunarazi nahi dudalako. Sarri, biktimen elkarteek biktima talde baten izenean hitz egiten dute, eta Madrilgo elkarteek diotenak ez du zerikusirik hemengoek diotenarekin». Etxabe ere kexu da horrekin: «Entzuten dugunean, 'Biktimok esaten dugu'... Gu zer gara ba? Ez gara biktimak? Gainera, politikan indar handia dute. Orain ikusi ditugu Frantziako Gobernuarekin bilduta, eta hori ez da izan behar haien rola, baizik eta kontatzea zer gertatu den, berriz ez gertatzeko».

Hori horrela, «lehen eta hirugarren mailako biktimak» bereizten ditu Garatek: «Batzuk daude onartuta, laguntza guztiekin —nahiz eta horrelako zerbait ezin den erreparatu—, beste batzuk laguntza apur batekin, eta beste batzuk onartuta ere ez daudenak». Aldeak nabari ditu Muguruzak ere: «Gure biktimarioei ez zaie ezer eskatzen. Edo parekatuta goaz, edo jarraituko dugu kategorien arabera biktimak sailkatzen». Nolanahi ere, uste du biktimen rolak «testimoniala» izan behar duela: «Asko erabili izan gaituzte, baten eta bestearen kontra egiteko. Guri horrek ez digu onik egiten, baina gizarteari ere ez. Guk gizarteari zor diogu egia kontatzea, azaltzea zer gertatu den eta zer bizi izan dugun guk, eta horrek balio dezala aurrera egiteko eta berriro ez gertatzeko, eta jendeak ezagutzeko gatazka honetan zer gertatu den. Monopolio handia egon da: ematen du gatazka soilik izan dela ETA eta ETAren aurkako borroka. Askoz gehiago izan da».

Biktimak mailakatzen direla uste du Garciak ere: «Badaude lehen, bigarren eta hirugarren mailako biktimak, eta hori oso zaila izango da aldatzen. ETAren biktimen barruan ere badaude aldeak». Mailakatze horren adibide, Garciak azaldu duen pasartea: «Gaur bertan [ostegunean], ama konturatu da Gasteizen egitekoak diren Terrorismoaren Biktimen Memorialean ez dagoela nire aita. Erantzun diote aurreko fase batean dagoela oraindik, eta momentuz 'gertaera esanguratsuak' baino ez daudela: nola esanguratsuak? Erraz esaten da biktima guztiak berdinak direla, baina errealitatea ez da horrelakoa. Berdinetik pasatu gara, sufrimendua bera da».

Garciak ez du ulertzen biktimek «gauza bera defendatzen» badute zergatik dauden «dozenaka» elkarte. Uste du sarri «loreontzi» gisa erabili izan dituztela biktimak, eta badaki zein izan behar den horien rola: «Ezin zaigu ahaztu. Parte garrantzitsu bat gara, balio dezakeen testigantza bat eman dezakegulako. Gehienok bat egingo dugu gertatutakoak ez duela ezertarako balio izan».

Muñagorrik bezala, Garciak eskoletan azaldu izan du bizipena, eta oso pozik dago esperientziarekin: «Aukera bat da nire aita gogoratzeko, eta, gainera, adin horretako gazteak etxera badoaz jakinda estatu terrorismoa egon zela eta indarkeriak ez duela ezertarako balio, esperientzia izugarria da niretzat. Ezinbestekoa da gazteei azaltzea zer gertatu zen, eta gertatutako horrek ez duela ezertarako balio izan. Azaltzen diet nire aita ez dagoela bizirik eta hemen ez dela ezer aldatu».

Garateren iritziz, lekukotza ematea izan behar da biktimen zeregina, jakiteko zer pasatu den: «Jende askok ez daki. Hemen ez dago kontakizun bakarra: nik nirea daukat, nire bizipenekin. Ez dut besteena ukatzen, izango dutelako euren errealitatearen araberakoa, baina nirea ere kontuan eduki beharko da».

Covite elkarteko bileretan parte hartu izan zuten Urritegik, Muñagorrik eta Garciak, baina ez dute elkartean jarraitzen. Muñagorri «inoiz» ez da sentitu ezein elkarterekin identifikatuta: «Pare bat bileratan egon nintzen, eta ikusi nuen giroa... Horrela ez dugu ezer eraikitzen».

INDARKERIA

Guztiek sufritu dute beren azalean senide bat galtzearen edo norbera zauritzearen oinazea, baina bakoitzak bortizkeriaren inguruko bere irakurketa du. Muguruzari, esaterako, kostatzen zaio soilik bere esperientzia pertsonaletik hitz egitea: «Nik beti gatazka bizi izan dut; aitarena bizi izan dut, baina baita ama torturatu zutela ere, nire etxean kartzela bizi izan da... Erreparazioa ez da soilik norberarena, gatazkari berari irtenbide bat ematea baizik. Berekoia iruditzen zait bakoitzak bere zauritik bakarrik hitz egitea, baina hori oso pertsonala da».

Garateren kasuan, bere anaia izan zen espetxerako bidean edo itzuleran istripuz hil zen zortzigarren pertsona. Guztira, hamasei lagun hil dira presoak bisitatzera zihoazela. Orain, Frantziako Gobernua presoak Mont-de-Marsango eta Lannemezango presondegietara gerturatzen hasi dela, itxaropen apur bat du Garatek, baina tentuz hartzen ditu oraindik mugimenduok: «Horrek erakusten du erabaki bat baino ez dela. Amorrua ematen dizu; pentsatzen duzu ez zela hain zaila».

Muñagorriren iritziz, iraganari buruzko gogoeta ezinbestekoa da: «Gertatutakoaz lotsatu egin behar dugu. Argi izan behar dugu norbait hiltzen duzunean zure zilegitasun guztia galtzen ari zarela. Oinarrira joan beharko genuke: hau ez zen ongi egon, indarkeriak ez gaitu inora eraman». Gogoeta horrekin ez du «inor mindu nahi», baina bai jendeak eta, batez ere, ezker abertzaleak hausnartzea gertatutakoaz: «Julen Mendoza [Errenteriako] alkatearen hitzak sendagarriak dira, jakin izan du biktima guztiekin enpatia izaten. Baina ezker abertzalea hor geratu da, eta gustatuko litzaidake pausoa handiagoa izatea».

Egin beharreko hausnarketa horretan aipatzen dituzte presoei espetxetik irtetean egindako harrerak ere. Urritegik «ulertzen» du «urte luzez kartzelan egon den pertsona bati lagunek eta senideek harrera egitea», baina ez du onartzen udalak «etxafuegoak botatzea eta heroi baten gisan» harrera egitea: «Ez dut nahi nire aurrean umiliatzea, baina behar dut aitortzea gaizki jokatu dela. Pertsona horrek ordaindu badu eta metodo horiei uko egiteko prest badago, nik ez dut boikotatuko hura gizarteratzea».

ETAk jarduera armatua amaituta, ordea, ulergaitz zaie Espainiako Gobernuaren jokabidea. «Arazoa eragin dizun horrekin hitz egin beharko duzu, ala?», dio Urritegik. Muñagorrik gogoratu du ETA jardun armatuan ari zen urteetan ere hitz egin zutela gobernuak eta ETAk, gerturatu zirela presoak... «Eta orain ez?». Hala ere, uste du «ETAk erabaki badu gehiago ez hiltzea egin beharrekoa egin» behar duela: armagabetu eta gero, desegitea. «Arduratuko da gizartea gobernuari presio egiteaz».