Elkarri entzun, adiskidetzeko
Foro Sozialak askotariko biktimen ahotsak batu ditu Gasteizen, «bizikidetza eraikitzeko» topaketan. Besteen sufrimendua ulertzeko saioa egin dute biktimek.
2018-02-25 / Edurne Begiristain
Ausartak eta eskuzabalak izan dira. Barruan gordeta daukaten oinazea azaleratzeko eta euren samina partekatzeko urratsa egin dute. Erraietatik mintzatu dira, urteetan pilatutako mina kanporatuta, eta sufritu duten besteen lekuan jartzeko ahalegina egin dute. Elkarri entzunda, gizartea adiskidetzeko alea jarri dute. Askotariko indarkerien biktimen lekukotzak batu ditu Foro Sozial Iraunkorrak Gasteizen, Europa jauregian, Entzunez bizikidetza eraiki: indarkeria mota ezberdinetako biktimen lekukotzak Araban izenburupean. Udazkenean biktimei buruz egingo den V. Foro Sozialaren lehen saioa izan da.
Sei ahots entzun dira. Sei lekukotza. Seiak arabarrak. Guztiek dute bizipen mingarriren bat. Urteetan bizkartzainarekin bizi behar izan dute Maite Berrocal eta Blanca Roncal PSE-EEko politikari ohiek; torturak pairatu dituzte Encarni Blancok eta Rafa Isasik; Batallon Vasco Españolek anaia hil zion Candi Gomezi, eta ETAren mehatxua pairatu zuen Pepe Moulia espetxe funtzionarioak. Modu ezberdinetan jasan dituzte gatazkaren ondorioak, eta, urteetan aurrez aurre egon badira ere, elkarri entzuteko beharra agertu dute topaketan.
Haiekin batera izan da Alan McBride IRAren biktima eta biktimei babesa emateko sortutako Wave Trauma Center taldeko kidea ere. Bere bizipenen berri eman die bildutakoei, eta, bidenabar, bizikidetza lortzeko bide bat erakutsi die: «Bakea eta adiskidetzea lortzeko, biktimen ahots guztiak entzun behar dira».
Iraganetik etorkizunera
«Urte gehienetan bizi izan gara besteen minari bizkar emanez. Biktima bakoitza bere oinazean giltzapetuta», gogoratu du Aitzpea Leizaola Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak. Beharrezkotzat jo du biktimen auzia «lubakietatik» ateratzea eta biktimek kontatu behar dutena entzutea, «bizikidetza eraikitzeko».
Horrela egin dute topaketara gonbidatutako sei biktimek. Kontatzera joan dira, baina, batez ere, bestea entzutera. Hala egin du Batallon Vasco Españolek hildako Enrique Gomezen anaiak, Candi Gomezek: «Elkarri begiratu eta besteen sufrimenduekiko enpatia izatea lortu behar dugu».
Pepe Moulia espetxeetako funtzionario ohiak ere elkarrizketaren beharra nabarmendu du: «Elkarrekin bizitzen ikasi behar dugu, elkar errespetatuta, iragana atzean utzita eta etorkizunari begiratuta». ETAk kartzela funtzionarioei sorrarazi zien sufrimenduaz mintzatu da Moulia, eta gogoan izan ditu erakunde armatuak hildako lagunak. Gorrotorik gabe kontatu du bizi izandakoa, zubiak eraikitzeko keinuak eginda. Argi utzi du berak ez duela sekula babestu euskal presoak urruntzea, eta, behin ETAk indarkeria betiko utzi duela, uste du ezinbestekoa dela Espainiako Gobernuari exijitzea espetxe politika horri amaiera emateko.
Maite Berrocalek eta Blanca Roncalek, berriz, itxi gabe dute oraindik ETAk euren bizitzetan irekitako zauri sakona. Biek ala biek atera dute urteetan pilatutako oinazea, hunkituta. ETAren mehatxuagatik bizkartzaina erabili zuten PSE-EEko kargudun publikoak zirenean. Berrocalek aitortu du «oso nekeza» zaiola bere sufrimendua azaleratzea, urte askoan barruan gorde duelako, baina esan du garrantzitsua dela hitz egitea eta ondokoa entzutea. Gasteizko zinegotzia izan zen zortzi urtez, eta azaldu du bizkartzaina eramatearen ondorio gogorrak pairatu behar izan zituztela berak eta bere familiak, eta ohitu egin zirela «ezohikotasunean» bizitzera. Gaurko egoerari begiratuta, uste du «funtsezkoa» dela mezuak «egian oinarrituta eraikitzea» eta horretarako «aitortu» egin behar dela «indarkeria erabiltzea okerra» izan zela.
Roncalek gogoratu du alderdi sozialistaren zerrendetan lehen aldiz agertu zenean hasi zela bere kalbarioa. «Besteak baino gutxiago sentiarazten ninduten, mehatxatu eta iraindu egiten ninduten». Jazarpenagatik bizkartzaina eraman behar izan zuen Arrasateko (Gipuzkoa) zinegotzia zenean, eta egoera horrek bizitza erabat aldatu ziola gogoratu du: «Zaindutako askatasunean bizi izan nintzen hamabi urtez, horrek dakarren gizarte bakartzearekin».
Torturatuak aitortzea
Torturak pairatu dituztenen lekukotzak ere entzun dira topaketan, bi ahots propiorekin. Encarni Blancok eta Rafa Isasik nahiago izan dute ez kontatzea Guardia Zibilaren esku pairatutako tratu txarrak, baina hitza baliatu dute aldarrikatzeko torturatuak ere biktima direla. «Ahaztuak» eta «bakartuak» izan direlako torturatuak Euskal Herrian, Blancok salatu duenez. Haren irudiko, «ezinbestekoa da torturatuak aitortzea bakean eta bizikidetzan urratsak egiteko», eta batzuen eta besteen jarrerak hurbildu eta «zubiak eraikitzeko».
Torturaren eta urrunketa politikaren biktima gisa hitz egin du Isasik —preso zegoen lagun bat bisitatzera zihoala istripuz hil zen Fontxo Isasiren anaia da—. Batetik, salatu du urrunketa erabaki politikoa eta «mendekua» dela, eta, bestetik, azpimarratu du ezinbestekoa dela Euskal Herrian tortura egon dela aitortzea.
Biktima guztien lekukotzak entzunda, ondorio argi batera iritsi da Kristian Herbolzheimer Conciliation Resources fundazioko kidea: «Bakea eraikitzen hasiko gara ezberdin pentsatzen duenarekin hitz egitea nahi dugunean eta ahal dugunean». Haren ustez, Foro Sozialak antolatutako mahai ingurua «urratsa» izan da norabide horretan.