Konponbideari begira

Berriak

IV. Foro Soziala. Preso eta iheslarien gizarteratzea

Kaleko maldak arintzen

Presoen eta iheslarien gizarteratzea aztertu dute IV. Foro Sozialaren bigarren atalean, Irungo Ficoban. Herriratze «duina» izateko, «borondate politikoa» eta genero aldagaia aintzat hartzea galdegin dute
Gabi Mouesca, Olatz Dañobeitia, Irantzu Mendia eta Juan Karlos Ioldi, Aizpea Leizaola moderatzaile dutela, atzo Ficoban eginiko mahai inguruan.
Gabi Mouesca, Olatz Dañobeitia, Irantzu Mendia eta Juan Karlos Ioldi, Aizpea Leizaola moderatzaile dutela, atzo Ficoban eginiko mahai inguruan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2018-01-27 / Jon O. Urain

Espetxea edo deserria atzean uzten duen pertsonak sarri errealitate aski ezberdina topatzen du itzultzen denean. Etxetik kanpo egindako denborak, gizarteak harekiko duen iruditeriak, lan munduan txertatzeko zailtasunek, genero aldagaiak... horiek eta beste elementu batzuek samurtzen edo gogortzen dute itzulera hori. Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen gizarteratzea lantzeko asmoz, Irungo Ficoban (Gipuzkoa) egin zuten atzo IV. Foro Sozialaren bigarren atala, Arrazoi politikoengatik preso edo ihesean dauden pertsonen gizarteratzea erraztea lelopean.

Harrera elkarteko Gabi Mouesca eta Juan Karlos Ioldi, Irantzu Mendia —ikerlaria— eta Olatz Dañobeitia —preso ohia— aritu ziren euskal preso eta iheslarien egoeraz hizketan. Zehazki, preso eta iheslarien gizarteratzeari genero ikuspegitik erreparatu zioten Dañobeitiak eta Mendiak. Aitortu zutenez, apenas dagoen informaziorik aztertzeko emakumezko euskal preso eta iheslariek nola bizi izan duten gizarteratze prozesua. Beraz, hainbat hipotesi aurkeztu zituzten, besteak beste, nazioarteko beste esperientzia batzuetan oinarrituta. Ezaugarri ugari aintzat hartuta, ondorioztatu dute herriratzean aldeak daudela gizonen eta andreen artean.

Uste horiek mamitzeko, kontuan hartu zituzten nazioartean berrintegrazio prozesuetan aintzatetsi diren esparruak: ekonomikoa, parte hartze politikoa eta alor psikosoziala». Lan arloari eta esparru ekonomikoari dagokionez, Jaurlaritzak 2007an eginiko txosten bat oinarri hartuta, Dañobeitiak uste du herriratzen diren emakumezkoak «modu prekarioagoan» gizarteratzen direla, eta zailtasun ekonomikoek eragin dezaketela parte hartze politikoa oztopatzea. Arlo psikosozialean, berriz, uste dute «herriratu aurreko baldintzei begiratuta, indarkeria matxista jasanda ere, ez dutela izan baliabiderik ez salatzeko, ez horiei aurre egiteko». Berrintegrazioa «integrala» izateko, horretarako prozesua kartzelan edo erbestean ez ote den hasi behar galdetu zuen Dañobeitiak.

Arreta antolatzeko beharra

Harrera elkartearen ibilbidea eta lan esparruak xehatu zituen Ioldik. Gogorarazi zuenez, presoak espetxetik irteten hasi zirenean, lehen laguntza ingurukoek, senideek, boluntarioek eta abarrek ematen zieten. Preso ohien multzoa handituz joan zen heinean, ordea, antzeman zuten bazirela arazoak horien itzuleran, eta orduan hasi ziren elkarte bat eratzeari buruzko gogoetan. Zortzi-hamar urte igaro ziren hausnarketa horretan, eta, Ioldiren hitzetan, ezker abertzalearen joera ildo estrategikoari eta ETAren borroka armatuaren amaierari buruzko eztabaida heldu zen orduan. Ziklo horren amaiera erabaki ostean, zenbait erakunde desegiten hasi ziren, eta beste batzuk sortzen; horietako bat da Harrera.

Elkartearen izaera «asistentzialaz» mintzatu zen Ioldi: «Gure elkartearen izaera soilik asistentziala izango zela argi genuen. Batzuek uste dute izaera politikorik ez dugula; oso oker daude. Gure elkarteak zerbait ordezkatzen badu, izaera politiko bat ordezkatzen du. Esaten genuen asistentziala izango zela eraginkortasun bat nahi genuelako, ez eremu politikoa astintzea».

Sortu zenetik, 3.000 bat bazkide bildu ditu Harrerak, Ioldiren arabera. Horien kuotak osatzen du aurrekontuaren %80, eta diru horrekin ematen du laguntza: «Zer aurkitzen dute presoek irtetean eta iheslariek itzultzean? Lehen oztopoa alor administratiboan dago, nortasun agiria berritzea, subsidioa eskatzea… jendearentzat ohikoa dena lan handia da 20-25 urtez preso egon denarentzat». Lana bilatzen ere laguntzen diete, preso eta iheslari askorentzat «etsigarria» baita herriratu ostean «familiaren mende» egotea. Diruz ere laguntzen dituzte espetxetik irtetean, diru sarrera bermatzeko errenta jasotzeaz gain, elkarteak DSBEtik 600 eurora dagoen aldea pagatzen dielako.

Kartzelatik irteten edo erbestetik itzultzen direnen artean ere ezberdintasunak antzematen ditu Ioldik, horien gizarteratzeari dagokionez: «Paradoxikoki, errazago egokituko da preso egon dena atzerrian egon dena baino».

Iparraldean, «Aieteko konferentziaren biharamunean» sortu zen Harrera, Mouescak azaldu zuenez. Hiru helburu ezarri zizkion bere buruari: presoei eta iheslariei baliabideak ematea gizarteratze «duina» izan dezaten, gizartean, hedabideetan eta botere publikoen artean informazioa zabaltzea, eta Ipar Euskal Herriko instituzio eta eragile sozialekin harremanak saretzea. Ildo horretan, Mouescak azpimarratu zuen Harrerak Atherbea elkartearekin eginiko lankidetza, hura «pertsona zaurgarrien aldeko Iparraldeko egitura garrantzitsuena» dela eta.

Bestalde, nabarmendu zuen herritarrak direla «elkartasuna antolatu» dutenak hamarkadetan, baina erantsi «asmo onak eta kemen militantea» ez direla nahikoa. Hortaz, «borondate politikoa» eskatu zuen preso eta iheslariak «baldintza duinetan» etxeratzeko eta horien auzia «desdemonizatzeko».

Gaur, bigarren saioa

Atzoko saioa hasi aurretik, Agus Hernan eta Nekane Alzelai Foro Sozialeko bozeramaileek adierazpenak egin zituzten. Besteak beste, ontzat jo zuten Frantziako Justizia Ministerioa biktimen elkarteekin batzartu izana: «Kontraste bat egon beharra dago biktimekin». Hala ere, horiekiko «errespetua» adieraztearekin batera, Hernanek azaldu zuen horien jarrerak ezin dituela «politika publikoak baldintzatu, horiek botere publikoek egiten dituztelako». Edozein moduz, balioetsi zuen biktimen elkarteak bat etorri izana Frantziako Gobernuaren asmoekin.

Gaur egingo dute bigarren saioa, 10:00etan hasita, eta euskal kasuaren egungo erradiografia eta beste herrialdeetako esperientziak izango dituzte hizketagai. Mahai inguru batekin ekingo diote jardunaldiari: Jon Irazola —EIPK iheslarien taldea—, Maritxu Paulus Basurko —abokatua— eta Michael Culbert Irlandako Coiste elkarteko koordinatzailea. 11:15ean, Nazario Oleaga eta Teresa Toda Foro Sozialeko kideek hitz egingo dute. 11:30ean, azken mahai ingurua: Antton Etxebeste —deportatu ohia—, Miguel Castells —abokatua— eta Bixen Mujika —senidea—.