Konponbideari begira

Elkarrizketak

Mahai inguruak, bertsoak eta kontzertuak antolatu ditu Sarek larunbaterako

17:30ean abiatuko da euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa, Bilboko Casillatik. Manifestazioari atxikimendua adierazi dio EH Bilduk
Blibon egin zuten, atzo, larunbateko manifestazioa aurkezteko agerraldia.
Blibon egin zuten, atzo, larunbateko manifestazioa aurkezteko agerraldia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2018-01-11 / Jon O. Urain

Larunbatean egingo dute Bilbon euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa. 17:30ean izango da ordu nagusia, ordu horretan abiatuko baita martxaren burua Casillatik, Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude lelopean. Egun osoan, ordea, izango da zer eginik Bizkaiko hiriburuan, atzo Sare Herritarrak azaldu zuenez.



Plataformak atzo egin zuen manifestazioa eta larunbateko egitaraua aurkezteko agerraldia. 11:30ean, mahai inguru bat antolatu dute: Gizarte zibilaren parte hartzea gatazka ezberdinen konponbidean. Kataluniako CUP alderdiko parlamentari ohi David Fernandez, Kolonbiako Bachue errefuxiatuen kolektiboko kide Mario H. Calixto, Bake Bideko bozeramaile Anaiz Funosas eta Sare plataformako bozeramaile Joseba Azkarraga ariko dira hizketan. Pilar Kaltzada kazetaria izango da moderatzailea.



Areatza izango da topagune nagusia. 12:30erako, Porrotx pailazoak ikuskizun bat prestatu du haurrentzat, eta, gune berean, bertsotan ariko dira 13:30etik aurrera Oihana Bartra, Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus. 15:00etan, Kepa Junkera eta Sorginak ariko dira, eta, manifestazioa amaitu osterako, Anita Parker eta Tximeleta taldeen kontzertuak prestatu dituzte.



Egunotan luzatzen ari da larunbateko martxara joateko deia egin duten eragileen zerrenda. Atzo, EH Bilduk adierazi zuen atxikimendua. «Euskal presoen eta haien senideen giza eskubideak errespetatuak izatea eskatzeko», koalizio subiranistak ordezkaritza zabal bat bidaliko du. Haren ustez, ETAk bere jarduera armatua amaitutzat jo zuenetik urteak igaro direnean, «oraindik eta zentzugabeagoa da presoen eta haien hurbilekoen giza eskubideak urratzea. Demokrazia batean inoiz lekurik izan behar ez lukeen jarrera da hori». Gazte Abertzaleek ere bat egin dute.

Publizitatea