Konponbideari begira

Berriak

EPPK-ko kideak ari dira kartzelako legediaz baliatzeko eskaerak egiten

Kolektiboko mintzaide Olarrarekin bilera eduki du Foro Sozialak, Granadako espetxean. Kartzelan lan egitea eta bigarren gradura pasatzea galdegin dute presoek. Gradu aldaketa ukatu egin diete
Etxerat elkarteko kide batzuk, atzo, Hernanin emandako prentsaurrekoan.
Etxerat elkarteko kide batzuk, atzo, Hernanin emandako prentsaurrekoan. BERRIA

2018-01-09 / Enekoitz Esnaola

EPPK-k joan den uztailean barne eztabaidako ondorioen txostenean iragarri zuen espetxe legedia baliatzen hasi aurretik kolektiboko preso bakoitzak nahi duenak bere egoera juridikoa aztertuko zuela abokatuarekin, legedian zer aukera egon daitekeen jakiteko, ondotik txostena EPPK-ko zuzendaritzari ezagutaraziko ziola, eta, azkenean, «askatasuna eskuratzeko», preso bakoitzaren esku egongo zela zer urrats egin erabakitzea. Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileak Jon Olarra Guridi EPPK-ko mintzaidearekin izandako bisita-bileraren ondoren jakinarazi duenez, kolektiboko kideak ari dira jadanik legediaz baliatzeko eskaerak egiten, banan-banan.

Hernanek lehengo larunbatean izan zuen bilera Olarrarekin, Granadan (Espainia), Alboloteko espetxean. 40 minutuko solasa izan zen, tartean beira bat zutela. Olarrak Hernani esandakoaren arabera, EPPK-ko kideek espetxean lan egiteko eskatu dute hogei bat kartzelatan egin dute eskaera, eta kasu gehienetan tokiko espetxe zuzendaritzak onartu egin ditu eskaerak. Zigorraren iraupena zerbait murrizteko balio dute horrelako lanek, eta orain arte ez da ohikoa izan EPPK-koek bide hori urratzea.

Presoen beste eskaera lehen gradutik bigarrengora pasatzekoa izan da. EPPK-ko mintzaideak esan du kolektiboko kideen %96 lehen graduan dauzkatela eta dagoeneko gehienek bigarren gradura pasatzea galdegin dutela. Aurrenik, tokiko kartzelako Tratamendu Batzordeak aztertu behar du eskaera bakoitza batzordeak hiru edo sei hilabetean behin biltzen dira. Oraindik ez dituzte erantzun guztiak eman, baina, EPPK-ko iturria aipatuz Foro Sozialak dioenez, orain arte aztertutako eskaera gehienak baztertu egin dituzte. Preso batzuek helegitea aurkeztu dute tokiko Tratamendu Batzordean, eta, berriro baztertutako kasuetan, Espetxe Zaintzako Epaitegira jo dute.

Foro Sozialak dio gradu aldaketaren eskaerak ez onartzeko erabilitako argudioa «desegin gabeko erakunde terrorista baten kide izatea» izan dela, eta hori deitoratu du. «Espetxeetako Zuzendaritzaren irizpide politikoa da, salbuespeneko araudi baten pean ematen dena, gainditze bidean dagoen garai batekoa». Kartzelan egin beharreko bide juridikoa hasteko lehen gradutik bigarrengora pasatzea ez onartzea «oztopoa» dela adierazi du foroak.

EPPK-k bere kideak Zaballako (Araba) eta Mont-de- Marsango (Okzitania) espetxeetan batzeko eskatzen du, baina, azkeneko eztabaidaren ondoren, legediko urratsak egiten hasteko baldintza ez da presoak lehendabizi bi kartzela horietan batzea. EPPK-k dio jabetuta dela ez dagoela Espainiako Estatuarekin alde biko negoziazioaren aukerarik, eta kaleratze prozesurik bada onartuko dituela tarteko pausoak.

«Borrokaldiak» eta bide juridikoak EPPK-ko kidegoaren «adostasuna» eta herritarren «babesa» izango ditu baldintza, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak uztailean zioenez, eta presoek uko egingo diete damuari eta euren kideak zigortzeko kolaborazioari. Kolektiboak jendaurrean iragarria du estatuen «trabengatik» beharrezkoa izango zaiela «malgutasun handiz jokatzea».

Jarrera «eraikitzailea»

Eragindako minaz ere aritu ziren bi ordezkariak joan den larunbateko bisita-bileran, eta IV. Foro Sozialak horretaz dituen ondorioen berri ere eman zion Hernanek Olarrari. Foroak esan duenez, EPPK prest azaldu da bere ardura bere gain hartzeko eta biktimek pairatu duten sufrimendua aitortzeko. Halaber, «biktimekin elkarrizketa eraikitzailea» egiteko prestasuna dauka kolektiboak.

Foroa Hegoaldeko alderdiekin eta sindikatuekin egiten ari den lana ere azaldu zion Hernanek.

Publizitatea