Konponbideari begira

Berriak

ETAren desmobilizazioa uda aurretik espero du Foro Sozial Iraunkorrak

Desmobilizazioarekin batera, biktimen erreparazioa eta presoen gizarteratzea izango dute lehentasun 2018ko lehen sei hilabeteetan. EPPK-ko ordezkariekin bilera egin nahi dute Frantzian zein Espainian
Nekane Alzelai, Teresa Toda, Nazario Oleaga eta Agus Hernan, atzo, Bilbon.
Nekane Alzelai, Teresa Toda, Nazario Oleaga eta Agus Hernan, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2018-01-05 / Gotzon Hermosilla

Uda arteko jarduera zertan izango den eta tarte horretan nolako lehentasunak ezarriko dituen azaldu du Foro Sozial Iraunkorrak, Bilbon egindako agerraldian. ETAren desmobilizazioa izango dute lehentasun horietako bat, biktimen arloarekin eta presoenarekin batera. Eta desmobilizazioari epea ere jarri diote: pentsatzen dute uda aurretik gerta daitekeela; «urte politikoa amaitu aurretik», esan dutenez. Eta zehaztu dute Nafarroan urte politikoa ekainaren 30ean amaitu ohi dela, eta EAEn, berriz, uztailaren 15ean. «Gu epe horretaz pentsatzen ari gara», esan du Foro Sozialeko eledun Agus Hernanek.

«Nazioarteko bitartekariek emandako datuetan» eta ETAk berak «jendaurrean adierazitako informazioetan» oinarritzen dira Foro Sozialean epe hori emateko. Edozein modutan, nabarmendu dute desmobilizazioarena «alde bakarreko erabakia» izango dela, eta erakundea militante guztien artean egiten ari den barne eztabaidak garrantzi berezia hartzen duela.

Foro Sozialean jakitun dira terminologia arazo izan daitekeela, baina uste dute ez duela zertan izan. Eurek desmobilizazioa terminoa erabiltzen dute horixe delako nazioarteko parametroetan homologatuta dagoena, baina badakite Espainiako Gobernuak «ETA desagertzea» edo «ETAren desegitea» eskatzen duela. Terminologia gorabehera, Foro Sozialak uste du komeni dela hitzetan ez kateatzea eta ondorioei erreparatzea: «Gure xedea da prozesu horren amaieran eragile guztiek ulertzea ETAk bukatutzat eman duela bere historia eta ibilbidea», esan du Hernanek.

Armagabetze prozesuan eragileen artean lortu den adostasunaren parekoa lortu nahi dute desmobilizazio prozesuan ere, «herri honek behar duen bake, normalizazio eta adiskidetze prozesua» indartuz eta «irabazleei eta galtzaileei buruzko diskurtsoetatik» aldenduz.

Biktimak eta presoak

Nekane Alzelaik azaldu duen moduan, ETAren desmobilizazioarekin batera, biktimen arloan «orain arte emandako aurrepausoetan sakontzea» eta preso, iheslari eta deportatuen gizarteratzea xede «alderdi eta sindikatuen artean egongo den elkarrizketa politikoa» sustatzea izango dira beste bi lehentasunak.

Bigarren ildo horri dagokionez, orain arte egindako lanak zerrendatu ditu Alzelaik, eta erantsi du 2018ko lehen sei hilabeteetan finkatu beharko liratekeela «ibilbide orri transbertsal baterako oinarrizko akordioak».

«Preso eta iheslaririk gabeko jendartea» lortzeari begira Nafarroan, EAEn eta Ipar Euskal Herrian lantzen ari diren «bide osagarriak» azaldu ditu Alzelaik. EAEn eragileen arteko «konfiantza» eraikitzeko fasean daudela esan du, eta iragarri du datozen asteetan «emaitzak» ikustea espero dutela. Nafarroan ere, eragileen arteko «elkarrizketa» abiarazteko baldintzak sortzen ari direla esan du.

Baina Eusko Legebiltzarrean zein Nafarroako Parlamentuan euskal presoen eskubideen defentsan sortzen ari diren gehiengo horiek «Espainiako Kongresuan ere gehiengo bat erdiesteko» balio beharko luketela pentsatzen dute Foro Sozialean. Espainiako Kongresuko gehiengo berri horrek irtenbidea eman ahalko lioke presako zenbait gairi, gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea edo presoen hurbiltzea, adibidez.

Prozesu horrek hainbat adar izan behar ditu, eta Foro Sozialak uste du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak horietako bat izan behar duela ezinbestean. Jakinarazi dute eskaerak egin dituztela EPPKko ordezkariekin biltzeko Espainian zein Frantzian.

«Presoen arloan aurrera egiten ari dela esateko arrazoiak badaude, baina oraindik ondorio nabarmenik ez dago», esan du Alzelaik, eta zehaztu du presoen senideei dagokiela esatea emaitza horiek noiz hasten diren «nabarmenak» izaten, «beraiek pairatzen dituztelako zuzenean espetxe politiken ondorioak».

Informazio osagarria

Publizitatea