Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Maialen Lujanbio. Txapelduna
«Saioan gauza diferenteetan asmatu nuelako nago gustura»
Hiru bakarkako bikain egin zituen Maialen Lujanbiok BECen, baina saio «biribila» atera izanak poztu du gehien, hau da, erregistro guztietan eta ariketa molde ezberdinetan asmatu izanak.
2017-12-19 / Miren Garate
Finalean egoera perfektuan egoteko zer egin behar izaten den ez dakiela dio Maialen Lujanbiok (Hernani, Gipuzkoa 1976), «zorionez»; aspergarria izango litzatekeela bestela. Aldarte onean igo zen oholtzara herenegun, eta bazuen saio ona egiteko itxaropena. Lortu zuen, jakina. Txapela «lan gogor baten emaitza» izan zela kontatu zuen saioa amaitutakoan. Finalean gogotik egin behar izaten baitute lan bertsolariek: «Alanbre gainean zaude, ez duzu erori nahi, tarteka salto eder batzuk egin nahi dituzu, benga eta benga, eta, azkenean, ailegatzen zara, eta batez ere izaten duzu bukaerara iritsi izanaren deskantsua». Kontatu zuen herenegun baino poz handiagoa zuela atzo.
Saioa ahalik eta biribilena eta ertzik gehienekoa egin nahi zenuela esaten zenuenean, herenegungo moduko saio bat esan nahi zenuen?
Saio biribil bat egiteko gogoa neukan, ze ez Irungoa eta ez Donibanekoa ez zitzaizkidan atera biribilak, eta txapelketan nahi nuen egin halako bat. Eta finala esan daiteke gerturatu zela. Ertzak ere ahal nituenak utzi nituen; gai batzuetan ez zen hain erraza zer esan nahi zenuen jakitea ere, baina geratu ziren ale batzuk.
Finalaren aurretik, esan zenuen bertsoa ez zela zuretzat ariketak ebaztea bakarrik, nahi izaten duzula zerbait utzi eta esan ere. Finalean, non iruditzen zaizu utzi zenituela urratu horiek?
Urratua era ezberdinetara uler daiteke: zortziko handikoa eta txikikoa ez nuke esango urratuak zirenik, baina hori ere bazen utzi nahi nuena, hau da, umore eta ironia jolas horiek. Urratua esandakoan, ez du ezinbestean zerikusia izan behar gai sakonekin edo serioekin. Esaterako, zortziko txikian, gustura aritu nintzen, eta handia ere, gaia aseptiko samarra izaki, uste dut ondo atera zitzaidala. Bakarkakoekin ere, oro har, gustura geratu nintzen, eta saioa bere osoan hartuta ere bai. Nire helburua bazen saio biribila egitea, eta saio biribila egiteak esan nahi du bai umorean, bai bizitasunean, bai sakonean ondo samar egitea, denetan. Saioan gauza diferente horietan asmatu nuelako nago gustura.
Oso sendo hasi zinen goizean. Tenple aldetik-eta ondo sentitzen zinen, ezta?
Nik banekarren grina kantatzeko, eta Irunen baino argiago sentitzen nuen burua; baneukan esperantza hobeto hastekoa, eta, egia esan, ondo atera zitzaidan goiza. Finalean egotearen lasaitasunak ere asko egiten du, finalaurrekoak guretzat ardura handia direlako. Behin finalera sartuta, saiatzen zara gauzak erreproduzitzen buruan, han egoteko plazako aldartearekin, kontzentratuta baina ez estu, baina zaila da lortzen. Badago zerbait, ez dakit nerbioak diren, lanbroa den, baina ezin duzu jakin nola lortzen den egoera perfektua, zorionez, ze bestela aspergarria litzateke.
Bazkalostean ere eutsi zenion egoerari, eta arratsaldean ere saio ona egin zenuen. Jendeak ia ziurtzat jotzen zintuen buruz burukoan. Zeuk ere ikusten zenuen zeure burua lehia horretan?
Iruditzen zitzaidan saio ona egin nuela, eta asmatu nuela ia denean, eta gero kideek ere esan zidaten normalean ni bat izango nintzela. Aukera ikusten nuen, baina han goitik zaila da neurtzen.
Hiru bakarkako lan egin behar izan zenituen, eta, oso ezberdinak izan arren, hiruretan asmatu zenuen.
Hirurekin geratu nintzen pozik. Argiena ikusi nuena, eta nire ustez finena egin nuena, hirugarrena izan zen. Hala ere, lehen esan bezala, poza dut bakarkakoetan gustura geratu eta ofizioetan ere asmatu nuelako, batzuetan behintzat.
Aitor Mendiluze izan zenuen kantukide buruz burukoan.
Poz handia eman zidan Aitor ere buruz burukoan izateak. 11 urte genituenetik gabiltza elkarrekin, eskolartekoetatik hasi eta plaza eta txapelketa guztietan. Uste dut Aitorrek azken txapelketa kristorena egin zuela, eta aurten ere kristorena egin duela. Orduan, sari bat izan da bere bertsokerari, bere planteamenduari eta bere kalitateari. Merezita zeukan buruz burukora pasatzea. Horrelakoetan, gero, baten poza bestearen pena izaten da. Nik Amets neukan ondoan eserita, eta pena eman zidan Amets ez pasatu izanak, Sustraik ere bai. Baina txapelketa hori da.
Amets Arzallus aipatuta, orain dela lau urteko finala ere ekartzen zuen gogora egoerak, zeu ere antzera sumatu baitzintugun orduan, kostata goizeko ariketetan.
Niri ere izugarri gogorarazi zidan Ametsek aurreko finala, ze sentitzen nuen orain dela lau urte ni ere halatsu egon nintzela, eta asko enpatizatu nuen harekin. Pena handiena da Amets, bera dena, ez entzun izana guk, eta berarentzat ere pena halako plaza izan eta ez eman izana bera den adina, ez edukitzea eguna. Lehen esandakoa, saiatzen zara perfektu ailegatzen, baina gero hor badago gauza kontrolaezin bat zorionez ez dizuna uzten dena kontrolatzen, eta Ametsi hala tokatu zitzaion.
Saioaren osteko prentsaurrekoan, galdetu zizuten nola sentitu zinen txapelerako bide horretan, eta nabarmendu zenuen «lan gogor baten emaitza» izan zela. Neketsua izan da txapela lortu arteko bidea?
Prentsaurrekoak harrapatu ninduen oso nekatuta; uste dut artean poztasunaren sentipena ezin nuela bizi. "Lanaren emaitza" esan nuenean, batez ere atzokoaz ari nintzen: goizetik hasi eta iluntzera arte kristoren kontzentrazioan egon ginen, kristoren sentimenduak kontrolatu nahia, buruari eutsi nahia, asmatu nahia, disfrutatu nahia... Zentzu horretan, izugarrizko lana da, zaudelako alanbre gainean, ez duzu erori nahi, tarteka salto eder batzuk egin nahi dituzu, benga eta benga, eta, azkenean, ailegatzen zara, eta batez ere izaten duzu bukaerara iritsi izanaren deskantsua. Pozik baino gehiago zaude tentsioaren ondorengo egoera horretan. Gaur oso gustura nago, gaur nago gustura.
Mendiluzek ere, amaierako agurrean, «aparra pasatzen denean» bota zuen. Datozen egunetako aparraldia pasatzen denean, zer geratuko zaizu zuri txapelketatik, edo zer nahi zenuke geratzea?
Hainbeste jendek esaten dizkizunez gauza ederrak eta hainbeste lore jasotzen dituzunez, pixka bat itota bezala sentitzen zara, baina bueno, bestelakoak ere entzuten ditugu, eta nik jakin nahi dut horiek entzuten ere, ze espero dut ez direla hutsalak, badutela zentzu bat, atzo arte egindakoak badaukala funtsa, eta funts hori dela geratuko dena. Aparra bai: orain gaude esne mamitan eta emozionatuta bai antolakuntza eta bai parte hartzaileok. Momentu ederra da, lau urtean behin da, eta gozatu dezagun aparraz pixka bat. Ez nau kezkatzen, ze apar hau ez da faltsua; likidoa badago, ez da apar bat pasatuko dena eta hutsean geratuko dena: geratuko da gure proiektu guztia, geratuko dira saioak, guk kantatutako bertsoak eta kantatuko ditugunak, bertsogintza eta herrigintza geratuko dira.
Bihar bertan, Azpeitian duzue saioa finalistotako bostek. Berriro martxan hastea tokatzen da?
Txipa aldatu eta berriz plazara jarri beharko dugu, bai; bi egun bakarrik pasatu dira, eta oraindik denen buruan txapelketa dago, eta asko aipatuko dugu saioetan ere. Nekosoa izango da, baina ederra ere bai, orain tentsio hori dena erlaxatuta dugulako eta aldi berean forman gaudelako bertsotarako. Gabonetan saio mordoa izaten dugu, eta, gainera, politak, urterokoak.
BECen, Aitor Sarriegik eta Igor Elortzak iragarri zuten ez dutela gehiago parte hartuko txapelketan. Nekea aipatu zuten. Zeuk ere sentitzen duzu halakorik?
Igorrek komentatu zuen ustez bazuela lanerako grina eta kemena, eta gero kosta egin zitzaiola. Ni ez naiz Igorrengandik oso urrun sentitzen. Urte piloa daramagu honetan. Niri lanerako grina pizten dit txapelketak, eta hori ederra da, zer lan egiten duzun, baina ez txapelketarako, baizik eta txapelketaren aitzakian. Baina gogorra da, kosta egiten da, eta gero eta gehiago kostatzen da, Amurizak ere esaten zuen txapelketara joateko kemena behar dela, eta kemena ez da beti izaten. Seigarren edo zazpigarren txapelketan ere zeure buruari beti jar diezazkiokezu helburuak, eta helburu horiek dira kemena ematen dizutenak; ni motibazio horretatik aritu naiz, ez hainbeste berritasuna eta lortu nahiaren kemenetik, baizik eta gehiago nire lanketa horrek ematen didan kemenetik eta motibaziotik. Egia da txapelketa ederra izanik gogorra dela, eta gogorra izanik ederra. Gero, hemendik lau urtera zer izango den ikusiko dugu.
Seigarren finala zenuen, eta bigarren txapela duzu. Batetik bestera zerbait aldatzen da esanahi aldetik?
Igual esanahi bera dute niretzat, baina nire bizi eta bertso ibilbidearen momentu ezberdinetan harrapatzen naute. Nahiko urruti ikusten dut orain dela zortzi urteko ni hori, eta bertsokera hori. Praktikan ez da hainbeste aldatu: ñabarduretan aldatzen gara, baina diferente ikusten dut neure burua. Orain ez zait gustatzen lehengoa; beste zerbaiten bila nabil, eboluzionatu dudala ikusten dut, eta hori notizia ona da: orain zortzi urtekoarekin konforme banengo, seinale txarra izango litzateke.
Txapel eskaintzan, besteak beste, bizikidetza, euskalduntzea eta geroko bertsolariak aipatu zenituen.
Txapelketa honetan, asko aipatu da belaunaldi berria ez dela sartu finalera, eta hor datorren jendeari keinu bat egin nahi izan nion. Paralelismo bat eginez, Euskal Herrian ere askotan aipatzen da impasse egoeran gaudela, politikoki eta linguistikoki: garai politiko bat eta gatazka pasatu dira; igual 40 urteko proiektu horiek ez dute eman uste izan genuena... Horri ere keinu txiki bat eginez, gehiegi sakondu nahi izan gabe, eta bertsolaritzara ekarrita, ez dakit Euskal Herrian, baina bertsolaritzan hau da kasua: belaunaldi hori txapelketan egon da, eta plazan oso fuerte dabil. Eta aurten sartu ez bada ere, hemendik lau urtera finala izango da oso ezberdina, eta hemendik lau urtera arteko plaza horietan jende gazte hori bere planteamendu eta ideia berri eta anitz horiekin hor izango da. Bide batez, esan nahi nuen, kontrako bide horretan ere, gazteagoengandik alegia, asko ikasten dela. Oso egoera interesgarrian gaude.