Euskal presoak. Parisko mobilizazioa
Ahots aunitz, eta mezu bakarra
2017-12-10 / Eneko Etxegarai Urain - Berriemaile berezia
JEAN NOEL ETXEBERRI
Bakegilea
«Ezinezkoa izango da aniztasun politiko hori baino gehiago egotea»
«Espero genuen baino arrakasta handiagoa da; 5.000 pertsona espero genituen apirilaren 8aren ondoren mobilizazio hau antolatzen hasi ginenean, eta askoz ere gehiago etorri dira. Ipar Euskal Herritik mobilizatu den aniztasun politiko hori baino gehiago egotea ezinekoa izango da. Uste dut, gainera, pasatu nahi genuen mezua pasatu dela; hots, Euskal Herriak bere aniztasunaz eta ahots bakarraz galdegiten duela euskal presoei aplikatuak zaizkien salbuespenezko neurriak bertan behera gelditzea berehala. Orain, Frantziako Gobernuaren erantzuna itxaroten dugu, eta Espainiakoari erraten diogu ezin duela bere posizioan egon, berak ere mugitu behar duela. Ahots batzuek diote Frantziak egingo duela Espainiak errango diona, eta hori ezin da onartu. Frantziak, Madrilez gainera, beste ahots batzuk entzun behar ditu, eta zehazkiago Frantziako Estatuko Euskal Herriko partearena, jendartearena, bertako hautetsiena eta parlamentariena. Kontrakoa eskandalagarria litzateke».
FREDERIQUE ESPAGNAC
PS Alderdi Sozialistako senataria
«Aurreko eta oraingo gobernuek elkarrekin hitz egin dute»
«Gaurko [atzoko] mobilizazioa ez da indar harreman bat; ez dut uste hala ikusi behar denik eta hala egin beharko litzatekeenik, gaur egun gobernuak atea irekia duelako. Gizarte zibilaren, hautetsien eta ordezkarien lekukotasun azkar bat da hau, gobernuari errateko orain pauso bat gehiago eman behar dela. Armagabetzearen ondoren, Euskal Herriari erakutsi behar zaio bakearen hautua egin dutenek, armen zein bortizkeriaren uztea aukeratu dutenek, arrazoi izan dutela, presoak hurbildu behar direla familiek orri lasaitu bat idatz dezaten, eta betiere berradiskidetzerantz. Apirilaren 8ak gauza anitz aldatu zituen, konfiantzazko harremanak izateraino. Adibidez, aurreko eta oraingo gobernuek elkarrekin hitz egin dute, eta niri ere eskatu didate iritzia, lehenago izan diren elkarrizketei buruz, apirilaren 8az, perspektibez eta esperantzez».
RAFA DIEZ
LABeko buru ohia eta Sortuko kidea
«Madrilek bahitua du presoen gaia; gizarteak planto egin behar du»
«Uste dut inflexio puntu garrantzitsua izan daitekeela Parisen bertan, Frantziako hiriburuan manifestazio bat egitea. Kontuan izan behar da hemen lortu den aniztasun politiko, sindikal eta soziala. Parisek gaur markatzen du bidea, datozen aste eta hilabeteetan presoen gaiari behar den bezala heltzeko. Gainera, euskal gizartean konfiantza osoa dut, eta Ipar Euskal Herrian egiten ari den lana eredugarria dela iduritzen zait; oso inportantea da hemen ikusten den argazkia, Hegoaldean ere eragile guztien artean presoen gaiari eusteko. Urteak daramatzagu borroka armatua desagertu zenetik; ordua da benetan presoen gaia euskal agendan kokatzeko, eragile guzien artean Madrilek ezarritako politikari erantzun bateratua emateko. Madrilek bere garaian presoen gaia bahitu zuen, bahiketa hori mantentzen du: euskal presoak bahitu moduan dira PPren gobernuarentzat. Euskal gizarteak horren aurrean planto egin behar du eragile guzien babesarekin, eragile guzien motor paperarekin, mendekuan oinarritutako espetxe politika hori gainditzeko. Bake prozesu batean sakontzeko, hori da lortu beharrekoa».
ADOLFO MUÑOZ
ELAko idazkari nagusia
«Gure nahia da agenda politikoa eta presoena desblokeatzea»
«Alde batetik, azpimarratu nahi dugu gizarte zibilaren lana, bakegileen bitartez haiek desblokeatu zutelako desarmatzearena, eta hautetsien rola ere bai. Gure nahia eta haiena da normalizazio politikoaren agenda eta presoena desblokeatzea; hori nahi dugu guk. Azpimarratu nahi dugu ere Ipar Euskal Herrian sortu den kultura politikoa. Hori Hegoaldetik ikusten badugu, alde handiak daude. Oraintxe, EAJ eta Eusko Jaurlaritza zenbait akordio egiten ari dira Madrilekin, Alderdi PoPularrarekin, baina normalizazioaren agenda eta presoena alde batera utziz. Ez dituzte baldintza moduan jartzen haien arteko akordioetan. EAJkoek erraten dute Madrilekin oso ondo doala aldebikotasuna. Baina inondik ez dugu ikusten aldebikotasun hori existitzen denik. Ez dute hau lehentasun moduan ikusten; orain dituzten lehentasunak beste leku batzuetan daude. Alderdiaren interesak aurrera eramateko egiten dituzte akordioak Madrilekin. Lehentasuna izateko mugitu behar da gizartea, eta gu horretan gaude. Guk inbidiaz begiratzen diogu Iparraldean lortu dutenari».
EMMANUELLE COSSE
EELVeko idazkari nagusia
«Ezin da euskal gaia interpretatu duela hogei urte bezala»
«Aietez geroztik, gauza anitz aldatu dira: gizarte zibilaren inplikazioa, hautetsiena...Euskal Herrian gertatzen ari dena ere biziki garrantzitsua iruditzen zait. Instituzionalki, adibidez, Euskal Elkargoaren sorrera. Eskualde hori garatu dadin dagoen mobilizazioa oso handia da. Eta euskal gaiari dagokionez, uste dut garrantzitsua dela mobilizazioa egitea Parisen. Ni elkarrizketaren defendatzaile izan naiz beti, eta banaiz oraindik ere, presoen gaian eta baita haratago ere. Ezin da euskal gaia interpretatu duela hogei urte interpretatzen zen bezala. Hori saiatu naiz transmititzen ahal izan dudalarik eta ahal nuen lekuetan. Baina uste dut ezin dela gizarte zibila bakarrik utzi prozesu honetan; noizbait politikariek egin beharko dituzte urratsak. Ez ditut zailtasunak gutxiesten, baina ez dira soilik Frantziarenak; Espainiarekin ere elkarrizketak behar dira».
BENOIT HAMON
Hezkuntza ministro ohia
«Orain, gobernuaren erantzukizuna da erantzutea»
«Hemen naiz oso garrantzitsua delako erantzun bat ematea desarmatze baten neurriari eta pisu politikoari. Borrokatu diren gizon eta emakumeek erraten dutenean elkarrizketa politiko iraunkor eta baketsu batean murgildu nahi dutela, keinu horri ongietorria eman behar zaio. Are gehiago, uste dut orain gobernuaren erantzukizuna dela horri erantzutea. Erantzun hori oso egingarria baita, gainera: presoen hurbiltzea. Nabarmendu nahi dut soluzio baketsu baten alde euskal gizartea aho batez ari dela. Gero badakizue herri jakobino zahar bat garela eta, beraz, aldarrikapenek beti behar dutela Parisera igo entzunak izateko. Frantziako Gobernuak harrapatuko ote du? Hala espero dut. Ez da soilik erratea oso ongi dela Euskal Herrian pasatzen ari dena, ezer egin gabe. Kontua da erratea oso ongi dela Euskal Herrian pasatzen ari dena, eta positiboki erreakzionatzea».
PHILIPPE POUTOU
NPAko bozeramailea
«Euskal gaia trenkatzeko soluzio politiko baten alde gaude»
«Garrantzitsua da hemen izatea, aurrera doan bataila bat delako. Baiona eta Bilboko manifestazioetan izan ginen, baina egia da Parisen izatea gertakari bat dela. Arazoa deszentralizatzeko borondate bat dago, Parisen ere errateko arazo politiko bat dagoela, konpondu behar dela. Frantses estatuarekin eta gobernuarekin harreman bat dago, eta hor egon nahi dugu gu ere, gure elkartasuna adierazteko. Osoki bat egiten dugu, nahiz eta guretzat oinarrizkoak diren aldarrikapenak izan: euskal preso politikoak berehala askatzea eta giza eskubideen errespetua. Baina haratago ere herrien autodeterminazio eskubidearen alde gaude. Euskal gaia trenkatzeko soluzio politiko baten alde gaude. Euskal Herriak antolatzeko eskubidea du, bere eskubide politikoak errespetatuak izan daitezen. Euskal Herritarren alboan gaude; beraz, Frantzia eta Espainiarekiko harremanetan laguntzeko».