Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak. Abenduaren 9a, Paris

Euskal presoei salbuespen neurriak kentzeko eskatu diote gobernuari

Sustengu gehiago lortu dituzte: PS Frantziako alderdi sozialistarena eta François Bayrourena
Hautetsiak eta Bake Bidea taldeko lehendakaria, Frantziako Asanblea Nazionalean atzo egindako prentsaurrekoan.
Hautetsiak eta Bake Bidea taldeko lehendakaria, Frantziako Asanblea Nazionalean atzo egindako prentsaurrekoan. BERRIA

2017-12-07 / Eneko Etxegarai Urain

Euskal presoei ezarritako «salbuespen neurriak» kentzeko eskatu diote Frantziako Gobernuari Asanblea Nazionaleko zenbait ordezkarik: Vincent Bru MoDemeko diputatuak, Frederique Espagnac senatari sozialistak, Florence Lasserre-David MoDemekoak, Max Brisson Errepublikanoak taldeko senatariak eta Denise Sant-Pe senatari zentristak. Parisen egin dute agerraldia, eta haiekin izan da Anaiz Funosas Bake Bidea taldeko lehendakaria. Asanblea Nazionaleko areto batean bildu dira komunikabideekin; larunbaterako Parisen antolatua den manifestazioaren aldarrikapena gogoratu dute, eta jaso azken sustenguak ere plazaratu dituzte: François Bayrou MoDemeko lehendakaria eta PS Frantziako alderdi sozialista.



Saint Pe senatariak azaldu duenez, bere parlamentari eginkizuna da Euskal Herrian bakearen eraikuntzan parte hartzea. Hautetsiek oroitarazi dute, halaber, 115 pertsonalitatek eta 45 antolakundek izenpetu dutela Bakearen alde arriskatuz dokumentua. Sustengu berrien artean dira Frederic Beigbeder idazlea, Jean Pierre Mignard abokatua eta Marie Laure Fages alderdi sozialistako kidea. Eskuratu duten kontsentsu zabalaren azalpen gisa, Brissonek hautetsien «pazientzia arduratsua» azpimarratu du. Besteak beste, gogoratu du bake prozesuaren alde eta larunbateko mobilizaziora deitzeko Euskal Herri Elkargoak aho batez bozkatu sustengu testuak milatik gora hautetsiren onespena jaso duela.



Espagnac senatariak ere bake prozesuarekin engaiatzeko eskatu dio Parisi, eta salbuespen neurriak amaitzeko. Horrek ekarriko luke DPS estatusa bertan behera uztea —besteak beste, gradu aldaketak zailtzen ditu neurri horrek—. Frantziako kartzeletan dauden 62 euskal presoetatik 29k dute erregimen berezia. Iragan azaroan zazpiri kendu zien estatus hori Frantziako Gobernuak.



«ETAk armak itzuli eta zortzi hilabetera, euskal presoei eta haien senideei ohiko legedia soilik aplikatzeko oztoporik ez dago, eta hurbilketari ekin behar zaio», esan du Espagnacek. Brissonek gehitu du ETAren desegitea ezin daitekeela izan «aurretiazko baldintza», Ipar Euskal Herriko ordezkaritza batek Justizia Ministerioarekin egindako elkarrizketetan ez baita baldintza gisa erabili. Bruk, berriz, gaitzetsi egin du orain arte Frantziak eta Espainiak «entzungor» egin izana.



Larunbatean Parisen egingo den manifestaziora begira, 10.000 herritar baino gehiagoren parte hartzea aurreikusten dute antolatzaileek, Funosasek atzo azaldu duenez: «Elkarte munduak, mundu politikoak, artistikoak... modu zabalean sustengatzen dute bakegileen mugimendua; milaka Euskal Herritar etorriko dira Parisera».



Bilera EPPKrekin



Berrehun lagun inguru batuko dira gaur goizean Reauxko espetxe atarian, 08:30ean, eta Fleury-Merogiseko kartzela arteko ibilbidea eginen dute oinez: 22 km. Ordu eta erdi geroago, 10:00etan, Reauxko presondegian prentsaurrekoa emango dute joera ezberdinetako parlamentariek. Oraingoz, Brisson, Bru eta Jose Bove EELVeko diputatua iragarriak dira. Ordezkaritza hori EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko ordezkariekin batu beharra da. Oraindik argi ez bada zeinekin; Reauko kartzelan dira Mikel Antza, Marixol Iparragire eta Iratxe Sorzabal EPPK-ko mintzaideak. Martxak ostiralean jarraituko du, eta Fleury-Merogiseko espetxetik aterako da.

Publizitatea