Konponbideari begira

Berriak

ETAko mintzaide izateari utzi diote Iratxe Sorzabalek eta David Plak

EPPK-ko zuzendaritzako kide dira bi presoak. ETAren arabera, euskal presoak etxeratzeak «Euskal Herriaren erronka» izan behar du

2017-12-03 / Erredakzioa

ETAk erabaki du Iratxe Sorzabalek eta David Plak erakundeko mintzaide izateari uztea, bien «lehentasuna» izango delako EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren zuzendaritzako kide gisa duten zeregina. Erabaki hori hartzeko beste ezaugarri bat da «gatazkaren ondorioei konponbidea bilatzeko ardura politikoa beste eragile batzuk hartzen» ari direla, erakundeak berak jakinarazi duenez. EPPK-k azaroan ezagutarazi zuen bere ordezkaritza berria, eta zortzi kideen artean daude Pla eta Sorzabal.

Gara egunkariak atzo argitaratutako ohar batean eman du ETAk erabaki horren berri, baina presoen egoerari aterabide bat emateko aukeraz mintzatu da, bereziki. Ildo horretan, gogoan izan du «hainbat eragile, erakunde eta erakundetako ordezkari konpromisoa azaltzen» ari direla presoen eskubideak errespeta daitezen, eta ezker abertzaleak «presondegietan dauden militante politikoen ekarpena bideratzeko ahalegina indartu» duela. Halaber, datorren larunbatean Parisen egingo duten manifestazioaren garrantzia azpimarratu du. Hori horrela, uste du «euskal presoak etxeratzeko erronka Euskal Herriaren erronka bihurtu» behar dela. Iheslari eta deportatuak etxeratzea ere erronka nagusietakoa dela erantsi du, «askatasunaren bidea burutzeko ezinbesteko osagaia» izatearekin batera.

EPPKren zuzendaritza aldaketaren ondorioz utzi diote Plak eta Sorzabalek ETAko mintzaide izateari. Presoen kolektiboak eginiko hausnarketa prozesuaren ondorio da aldaketa hori, eta EPPKren gogoeta ere mintzagai du ETAk atzo argitaratutako oharrean. Esan du ETAk berak «erabat barneratu» duela «euskal preso politikoak kolektibo horri [EPPKri] daudela lotuta, ezker abertzalearen proiektu politikoarekin bat egiten dutela eta, kokapen horretatik, Euskal Herriaren herri, nazio eta estatu proiektuan ekarpena egingo dutela». Gaineratu duenez, «esan gabe doa [presoek] ez diotela ETAri erantzuten eta ETAk ez duela haien jarduna gidatzen».

Belen Gonzalezi agurra

Horrez gain, azaroaren 16an hil zen Belen Gonzalez Peñalba ETAko kide historikoa, eta hura gogoan izan du erakundeak. Denbora asko zeraman gaixo, eta espetxealdi arinduarekin zegoen etxean. Gonzalez Peñalba «eredu» izan dela azpimarratu du ETAk: «Agur eta ohore, Belen. Duela gutxi esan genizun bezala, beti izan duzu zure lekua etxeko sutondoan. Doazkie senide eta hurbilekoei gure dolumina eta besarkada handiena».

Publizitatea