Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoei buruzko lan esparru bat irekitzea adostu dute Parisen

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak eta Frantziako Justizia Ministerioak osatuko dute. Joan den ostegunean egindako bileraren emaitza da. «Neurri esanguratsuak» hartzea espero dute
Parisera joandako ordezkaritza, uztailean, joan aurretik egindako agerraldian.
Parisera joandako ordezkaritza, uztailean, joan aurretik egindako agerraldian. ISABELLE MIQUELESTORENA

2017-10-24 / Eneko Etxegarai Urain

Joan den ostegunean Parisen iragan da Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren eta Frantziako Justizia Ministerioaren arteko bigarren bilkura. Elkartze horren inguruko komunikatua bidali zuen atzo Bake Bideak, eta jakinarazi «euskal presoen auziari buruzko lan esparru bat» ireki dela. Azaroan beste bilkura bat izango dela iragarri dute jada, eta abenduaren 9an Parisen egitekoa den mobilizazioaren aurretik «neurri esanguratsuak» hartuak izan daitezen sutsuki desiratzen dutela. Honako hauek osatu zuten Ipar Euskal Herriko ordezkaritza: Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza, Michel Tubiana Giza Eskubideen Frantziako Ligako ohorezko lehendakaria, Mixel Berhokoirigoin bakegilea eta Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sortzailea, Vincent Bru Pirinio Atlantikoetako diputatua, eta Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko lehendakaria.



«Lehen bilkuratik erran genuen borondate bat bazela, eta borondate hori berretsi da bigarren honekin; dudarik gabe», azaldu dio BERRIAri Bake Bidea elkarteko presidente Anaiz Funosasek. «Lehen aldia da gertatzen zaigula: holako lan esparru bat ukaitea eta horrelako ordezkaritza oso eta plural baten bidez eramana», nabarmendu du. Eta zera gehitu: «Helburua orain presoen gaia lan eskematik lan perspektiba batean jartzea da; abenduaren 9ak lagundu dezake».



Uztailaren 10ean batzartu ziren lehen aldiz Ipar Euskal Herriko ordezkaritza eta Justizia Ministerioa. Presoen egoera aztergai izan zuten orduan, eta ordezkaritzak ETAren apirilaren 8ko desarmatzearen ondotik bake prozesuarekin jarraitzeko «behar urgentea» azpimarratu zuen ministerioan. Abenduaren 9an Bakegileek Parisen antolatu mobilizazioa baino lehen dator euskal presoen auziari buruzko lan esparru baten sorrera hori. Eta ordezkaritzako kideen artean zabaldu «itxaropenaz» harago, «mobilizazioa inoiz baino indartsuago izatea eta ahalik eta indar ezberdin gehien agertzearen garrantzia» nabarmendu du Bake Bidea elkarteko lehendakariak. Horretarako Euskal Herri osoan bilkura publikoak antolatzen hasi dira deitzaileak. Gaur berean Baigorrin (Nafarroa Beherea) horietako bat izateaz gain, Hego Euskal herrian ere egingo direla jakinarazi du Funosasek: «Iruñean, 27an, beste bat Donostian; Gasteizen eta Bilbon ere egingo dira».



Paris, abenduaren 9a



Oraindik argi ez bada ere Bakegileek abenduaren 9rako antolatu duten mobilizazioak zein formatu hartuko duen, ordutegiaren berri eman dute jada: 12:00etatik 15:00etara iraunen du. Horrez gain, jakinarazi dute eskura jarri dituztela bertaratzeko baliabide teknikoak, eta jendeari autobusez zein trenez joateko aukera eskaini diote.



Trenez joan nahi dutenentzat, abiatzea Baionako eta Hendaiako (Lapurdi) tren geltokietatik eginen da. 105 euro kostako da txartela, eta Baionako geltokitik zuzenean Parisera joanen da trena, barruan 1.000 manifestarirentzako tokia duela. Urririk izanen da bidaia 4 urtetik pekoentzat, eta familiak leku handiena duen trenaren partea izango dute berentzat. Abiatzea egunean bertan egingo da, nahiz eta ordu zehatzik ez den komunikatu.



Autobusak hiru lekutatik abiatuko dira: Baiona eta Donibane Lohizune (Lapurdi), eta Donibane Garazi (Nafarroa Beherea). 65 eurokoa izango da txartelaren salneurri normala joan-etorria egiteko; 40 eurokoa ikasle, langabe eta 18 urte pekoentzat. Informazio gehiago artisansdelapaix.eus webgunean.

Publizitatea