Konponbideari begira

Analisiak

Sei urteko etenaldia?

 

2017-10-20 / Zuriñe Rodriguez, Itziar Mujika eta Nora Miralles - Ikerlari eta kazetariak

Orain dela sei urte ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko etena iragarri zuenetik euskal gizartean apurtu diren loturak bideratzeko erronkaren aurrean gaude. Irekita jarraitzen duten zaurien ondorioei heldu eta gatazkaren inguruko errelato ahalik eta anitzena osatze aldera identitate aniztasuna kontuan hartzeko garaia da.

Eman diren pausoak ikusita, azken sei urteotan ETAren armagabetze tekniko, egiaztatu eta erreala da gatazka armatu bat egon dela ulertzera garamatzan faktore bakarra. Aurrera egiteko beste saiakera batzuk izan badira ere espetxeetako egoera desblokeatzeko EPPK-k egindako saiakerak, kasurako, orokorrean ez dituzte jarraitu nazioarteak ezartzen dituen estandarrak. Hau da, presoen egoera desblokeatzeak, adibidez, estatu gobernuen ardura izaten jarraitzen du espainiarra eta euskalduna, batez ere, eta oraindik ere hauteskundeetako lehiarekin lotutako kalkuluei zein alderdien interesei gehiago erantzuten die egoerak berak merezi duen giza larritasunari baino.

Bakeari, elkarbizitzari eta memoriari dagokienez, gutxi izan dira instituzioetatik egin diren aurrerapenak, nahiz eta urgentziakoak izan. Esperientzia gehienak tokiko kolektiboek bultzatutakoak dira: bizilagunek, komunitate txikiek, emakumeen kolektiboek edota kolektibo feministek, adibidez, zeintzuk apurtutako loturak birjosteko benetako pausoak ematen ari diren. Oinarrietako lidergo hauek bakearen eraikuntza demokratizatzea ahalbidetzen dute, prozesuaren garapena modu herrikoian eta gizartearentzat ahalduntzaile eginez.

Hain zuzen ere, herritarren parte hartze zuzena positiboa da, eurak baitira batez ere ez errepikatzeko bermeak ahalbidetzen dituztenak. Gehienbat gizartearen beraren nekearengatik, instituzioek bakearen, memoriaren eta elkarbizitzaren alorretan egindako saiakerengatik baino gehiago. Erakundeak ezin dira aktore disolbatu bat izan, eta ezin dituzte soilik noizbehinkako eta ia finantzaketarik gabeko bake eraikuntza esperientziak sustatu. Haratago joan behar dira.

Instituzioek nagusiki Eusko Legebiltzarrak ezin dute jada bere rola Bake eta Bizikidetzako Lantaldera mugatu, jakinda gainera ez dagoela egon beharreko aktore politiko guztien parte hartzea. Bestetik, gardentasunari, transmisioari eta prozesuari berari zein herritarren egunerokoari hobekuntza positiboak ekarriko dizkien politika publikoen egutegi zehatz baten beharra dago. Era horretan, ez da soilik prozesua bera arriskuan jartzen, zerbait larriagoa ere ekar dezake horrek guztiak: itxiera faltsu bat, epe motz ertain eta luzera ondorio larriak izango lituzkeena.

Gakoetako bat izan daiteke instituzioetako ekimenak deszentralizatzea; herri instituzio eta erakundeei, herritarrei beraiei eta euren esperientziei indarra emanez. Memoria desberdinen aitorpen kolektiborako herri espazioen sorrerak bakearen eraikuntza indartuko luke eta gatazka baten baitan dauden eta egon daitezkeen ehunka bizipenen inguruko argazki orokor bat eskaintzen lagunduko luke. Honen adibide izan liteke sortu berri den Bakea eta Elkarbizitzarako Bilbao Foroa edota Lasarteko Giza Eskubideen bortxaketen inguruko txostenaren argitalpena.

Dena den, espazio hauen eraldaketarako gaitasuna aniztasuna kontuan hartzeko duten gaitasun errealaren araberakoa izango da: eraldatzaileak izango dira patriarkalak ez diren heinean, justifikatutako absentziak eta isilarazitako eskaerak biltzen ez dituzten heinean bereziki emakumeengandik zein sexu disidentziengandik datozen horiek, eta aniztasunaren kudeaketa horrek berak erdigunea hartzen duen heinean.

Gainera, gatazka osteko agertoki batean inplikatutako aktoreek ezin dituzte agendak integralak ez diren prozesuetara mugatu, hutsegite handia da. Esaterako, desmilitarizazioaz ari garenean soilik indar armatuen murrizketari edo desagerpenari erreferentzia egiteak, adibidez, baztertu egiten du buruak zein gorputzak prozesu integral baten bitartez desmilitarizatzea. Bizitzaren militarizazioa armagabetzea baino askoz konplexuagoa da, eta gure gorputzetan eta egunerokoan sartuta dago. Euskal herritar gehienen pentsamendua militarizatuta dago.

Gizartearen sekuritizazioa ez da soilik ikusgarria den indar armatuen kopurua, eskubideen eta askatasunen murrizketak hartzen ditu barne. Ez da kasualitatea Eusko Autonomia Erkidegoa izatea Mozal legea gehien aplikatu den lurraldea.

Elkartze eta adierazpen eskubideen mugatzearen naturalizazioa, egun, militarizazioarekin lotuta dago Katalunian ikusi dugu. Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko bideetako bat, adibide bat jartzearren, militarizatutako gizonak «euren bizkarrak zaintzen» jartzea da. Horrek integraletik gutxi duen eta militarizazioaren pertzepzioa mugatzen duen indarkeriaren inguruko ikuspegi bati erantzuten dio, eta segurtasun handiagoaren premisapean emakumeen bizitzak arriskuan jartzen ditu, euren gorputzak are gehiago militarizatuz.

Hurrengo sei urteetan apurtutako lotura horiek guztiak modu integralean konpontzeko lan egin beharko genuke, eta militarizazioaren inguruko eztabaida zabaltzeko purian dauden eztabaidarako espazioak kontuan hartzea, adibidez, joaten utzi ezin dezakegun erronka bat da.