Konponbideari begira

Berriak

Foro Soziala. Aieteko Adierazpenak sei urte

Currin: «Eragile denek egin dute prozesua bere; denek dute rol bat»

Alderdien arteko «elkarrizketa eta elkarlanerako giroa» azpimarratu du nazioarteko bitartekariak
Lander Martinez, Arnaldo Otegi, Joseba Egibar eta Eneko Goia, atzo.
Lander Martinez, Arnaldo Otegi, Joseba Egibar eta Eneko Goia, atzo. J. URBE / ARP

2017-10-18 / Jokin Sagarzazu

Orain sei urte ez bezala, atzo ez zen nazioarteko izen handirik izan: ez Kofi Annan, ez Jonathan Powell. Ezta nazioarteko komunikabiderik ere. Etxekoagoa izan zen ekitaldia, Brian Currinek azpimarratu zuenez. «Ia bertakotzat» du bere burua Currinek. Eta penaz utziko luke Euskal Herria. «Taldean sentsazioa daukagu amaitutzat eman dezakegula guri agindutakoa. Hemen dauden eragile guztiek beraienak egin dituzte prozesu hau eta sei urte hauetan egin diren aurrerapauso guztiak; denek dute rol bat».



Currinen hitzak entzunda, bazirudien atzokoa ardurak eskuz aldatzeko ekitaldia zela, baina ez da hala. Harremanetarako Nazioarteko Taldeak badu zeregina, Currinek azaldu duenez. Asteon, Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatu denekin biltzen saiatuko da, baita instituzioetako eta gizarte zibileko ordezkariekin ere. Currinek ez zuen agenda horren berri eman: norekin zertaz hitz egin nahi duen. Ekitaldira gerturatutako eragile denek baiezkoa eman diotela jakinarazi dute haren gertukoek; eta atzo Aieten izan ez ziren PSE-EEko iturriek baieztatu dute bilduko direla harekin. «Hemen dauden erronkak zeintzuk diren entzutera etorri gara, denok batera hausnar dezagun, guk gure esperientziatik abiatuta, eta haiek haienetik», azaldu du Currinek.



Harekin batera Euskal Herrian da Alberto Spektorowski uruguaitar jatorriko irakasle israeldarra. Raymon Kendall taldekidea eta Interpoleko idazkari nagusi ohia Donostiara etortzekoa zen, baina osasun arazoengatik ezin izan da etorri. Dena den, nazioartetik ordezkaritza zabala egon ez izanak ez du esan nahi orain arte prozesuan parte hartu dutenek utzia dutela euren lotura edo interesa. Hala adierazi du Agus Hernan Foro Sozialeko kideak.



Atzoko ekitaldian egon ez zirenen eta egon zirenen zerrendan izan zen komunikabideen arreta gehiago erakarri zutenak. Horien artean, bereziki, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia. Argazki kameren hotsekin batera, oso urrutitik entzun ziren Currinen eta Otegiren arteko bizkarrekoak, jauregiaren atarian elkar agurtu zutenean. Otegik ezin izan zuen parte hartu duela sei urteko konferentzian, Bateragune auziagatik preso zegoelako. Baina egona da Aieten Currinekin batera, iazko urteurrenean.



Aldaketak lehen lerroan



Eta alderdien buruen artean Otegi izan zen bakarra atzo. EAJtik egon zen Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, baina ez Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarrekoa —iaz bera izan zen—. Eta Ahal Dugu-tik Lander Martinez Antolakuntza idazkaria, Nagua Alba idazkari nagusia izan beharrean. Haiekin batera, ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz eta LABeko Garbiñe Aranburu —gonbidatuen lehen lerroan, emakume bakarra—.



Atzeko aulkietan, EH Bildu eta ezker abertzaleko ordezkaritza zabala: Rufi Etxeberria, Antton Lopez Ruiz, Marian Beitialarrangoitia, Julen Arzuaga, Lorena Lopez de Lacalle, Lohitzune Txarola... EAJko Maria Eugenia Arrizabalaga, Ezker Anitzako Arantza Gonzalez, Lokarriko koordinatzaile izandako Paul Rios, Bilgune Feministako kideak, Independentistak Sarekoak... Duela sei urte ez bezala, Ipar Euskal Herriko alderdi eta sindikatuetako ordezkaririk ez zen izan atzo, ezta Nafarroatik espresuki etorritako inor. Eneko Goia Donostiako alkate jeltzaleak egin zuen harrera hitzaldia.

Publizitatea