Konponbideari begira

Berriak

Foro Soziala. Aieteko adierazpenak sei urte

ETAren «egitura militar guztiak desegitea» giltzarri jo dute HNT eta Foro Sozialak

Harremanetarako Nazioarteko Taldea eta eragileak ETAren «desmobilizazioaz» ariko dira egunotan. Biktimei buruzko Foro Sozial bat egingo dute udaberrian
Agus Hernan, Alberto Spektorowski, Brian Currin eta Nekane Alzelai, Aieteko jauregiaren sarreran.
Agus Hernan, Alberto Spektorowski, Brian Currin eta Nekane Alzelai, Aieteko jauregiaren sarreran. JON URBE / ARGAZKI PRESS

2017-10-18 / Jon O. Urain

Etzi izango dira sei urte ETAk iragarri zuela jarduera armatuaren behin betiko amaiera, eta Aieteko jauregian, hiru egun lehenago ETAren erabakiari bide eman zion nazioarteko konferentzia egin zuten leku berean, erakundearen desmobilizazioa eta haren kideen gizarteratzea izan zuten hizpide atzo, Foro Sozialak antolatuta; hain zuzen, konferentzia horren urteurrenean. Biak ere, beste gatazka batzuetan «gogorrenak» izan diren urratsak, Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldeko presidentearen hitzetan.



Aieten elkartu ziren atzo eragile politiko eta sindikal ugari, Currinekin eta HNTko kide Alberto Spektorowskirekin. Ordubetean, urteotan emandako pausoak eta etorkizunean eman asmo dituenak xehatu zituen Foro Sozialak, eta bien inguruko gogoetak uztartu zituen Currinek. Ez da izango hitzordu bakarra; izan ere, HNT eragile politiko eta sindikalekin batzartuko da datozen egunotan, ETAren «desmobilizazioaz» eta kideen gizarteratzeaz solastatzeko.



Nazio Batuen Erakundeak jasotako DDR estandarrean —armagabetzea, desmobilizazioa eta birgizarteratzea, ingelesezko siglen arabera— lehen pausoa emanda, beste bi atalei buruz jardungo dute Currinek-eta eragileekin. Irizpide horien inguruan ere mintzatu zen Foro Soziala: «Badakigu DDR Euskal Herrian ezartzeko proposamenak zenbait aldekotasun eta kontrakotasun sortu dituela». Hori horrela, foroak konpromisoa azaldu du alor horretan ekarpenak egiten jarraitzeko.



Agus Hernan eta Nekane Alzelai Foro Sozialeko bozeramaileen hitzetan, ETAren «desmobilizazioari» erreparatu nahi dio foroak, «bake prozesuan oso garrantzitsua» denez gero: «Uste dugu ETAren desmobilizazioaren bidez egitura militar guztiak desegin behar direla eta bere militante guztiak gizarte zibilean integratzeko aukera izan behar dutela». Erakunde hori egiten ari den eztabaidaren emaitzak «sendotu beharko luke euskal jendarteak behar eta nahi duen bake, normalizazio eta berradiskidetze prozesua», eta gatazkaren konponbidean «askatu gabe dauden korapilo batzuk askatzen laguntzea ahalbidetu beharko luke».



Biktimak eta presoak xede



Horrez gain, urte politikoko lehentasunak aletu zituzten, aitortzearekin batera datozen hilabeteetan «kanpo eragin handiak» egongo direla eta «inguruko prozesu korapilatsuek eragina» izan dezaketela. Oro har, hiru helburu ditu Foro Sozialak: «indarkeria mota guztietako biktima guztiekin bat» egitea, presoak, deportatuak eta iheslariak gizarteratzea eta iraganaren «irakurketa kritikoa» egitea. Aurrenekoari dagokionez, «sufrimenduaren mapa integrala» osatzeko lanarekin jarraituko du: «Prozesu parte hartzaile bat egingo dugu, kontrastean oinarritua». Horren xedea izango da udaberrian gai horri buruz egingo duten bosgarren Foro Sozialaren emaitza «ahalik eta inklusiboena» izatea.



Bigarrenaz, Foro Sozial Iraunkorrak uste du «triangulazio baten bidez» egin behar dela lan, erakundeek, preso eta iheslarien kolektiboek eta gizarte zibilak osatuta. Armagabetze prozesuan «triangulazio» hori «arrakasta eredu» izan zen, foroaren iritziz: «Hori lortzeko, lehenbizi, alderdi politiko gehienen artean eta sindikatu guztien artean akordioak erdietsi behar dira». Azkenik, foroak beharrezko deritzo iraganaren irakurketa «kritikoa, eraikitzailea eta konpartitua» egiteari eta ariketa horretan aktore guztiek parte hartzeari.



Egungo egoera iraganekoarekin alderatu zuen bere hitzaldian Currinek, eta urteotan eginiko bidea balioetsi. Hainbat urrats nabarmendu zituen: besteak beste, ezker abertzalearen legalizazioa —«lehen aldiz topatu nuen neure burua horrelako egoera batean: interesdunetako bat ordezkaritza politikorik gabe»— eta «konfiantzaren eraikuntza izugarria». Loiolako prozesuak porrot egin ondoren, «etsipena» zen nagusi, haren arabera: «Aretoan zaudetenetako batzuen arteko elkarrizketak ezinezkoak ziren, edo klandestinoak ziren». «Zoriontzekoa» iruditzen zaio gaur egungo egoera ez dela hori, «zirraragarria, barneratzailea eta gardena» baizik. Aparteko arreta jarri zuen ETAren armagabetzean, «lorpen garrantzitsua» izan zelakoan: «Ironia izugarria izan zen: Madrilek uko egin zion armagabetzean parte hartzeari, eta horren emaitza izan zen euskal gizartearen aurrekaririk gabeko independentzia ekintza bat».



Interpretazio pertsonalagoei ere tartea egin zien Currinek. Nelson Mandela Hego Afrikako presidente izandakoaren hitzak baliatuta, esan zuen bakegile baten lehen zeregina dela «nor bere buruarekin zintzoa» izatea; euskal gatazkan jardutean, aitortu zuen «erronka handia» izan dela bere buruarekiko zintzoa izatea.

Informazio osagarria

Publizitatea