Konponbideari begira

Berriak

Abenduaren 9a «euskal presoen Luhuso» izatea nahi dute bakegileek

Herritarrei, artistei eta hautetsiei egin diete Parisera joateko deia, «gehiengo zabalak» erronkari aurre egin nahi diola erakusteko
Abenduaren 9koa azaltzeko egin prentsaurrekoko irudia.
Abenduaren 9koa azaltzeko egin prentsaurrekoko irudia. BOB EDME

2017-10-08 / Nora Arbelbide Lete

Parisko abenduaren 9ko mobilizazioak bezpera bat eta biharamun bat ukan dezan. «Euskal presoen Luhuso» izan dadin. Hori dute xedea, Jean-Noel Etxeberri Txetx bakegileak laburbildua. Parisera eramango duten mezu nagusia, euskal presoentzako eta senideentzako «salbuespen egoera bukatzea» izango da. Euskal presoak hurbiltzea, gaixo direnak askatzea, eta baldintzapeko askatasunak eta zigor moldaketak onartzea eskatuko diote Frantziako Gobernuari. Eta horrekin espero dute «Espainiako Gobernua oraindik gehiago bakartzea»: «Gaur egun gai horri begira duen gelditasunaren politikan, eta gehiegizko zurruntasunean».

«Ez da irabazia» abisatu du Etxeberrik, baina dena dagoela mahai gainean «irabazi ahal izateko». Ez baitute nahi izan dadin mobilizazio «bat gehiago», ez dute nahi «sinbolikoa» izatea. Horretarako, «heldu diren bi hilabeteak ulertzen ditugu zinez presio lan gisa», gaineratu du Bake Bideak elkarteko Anaiz Funosasek.

Deialdi bateratuari begira

Presio lan hori lortzeko, hiru multzo bereizi dituzte. Batetik, herritarrak: «Euskal Herri osoan jendea animatzea» nahi dute. «Parisek sentitzeko hemengo gehiengo zabala ari dela erronka horri aurre egin nahian», Funosasen esanetan. Autobusak eta mila lekuko tren bat antolatzen ari dira, gutxienez.

Herritarren artean, dei berezia egin diete artistei Parisko karrikak animatzeko; «ikusiak» eta «entzunak» izateko.

Hirugarren multzoa hautetsiena dute. «Ahal bezainbat hautetsien sostengua»jaso nahian hasiak dira lanean. Herrietako kontseiluetatik Europako Parlamentura. Mobilizaziorako deialdi bateratua lortu nahian dabiltza. Euskal Elkargoaren mozioa dute oinarri, irailaren 23an aho batez bozkatua. Mozio horrek abenduaren 9an parte hartzera deitzeaz gain, «zuzenbide komuna gauzatzera» deitzen du, «ez gehiago edo gutxiago». Frantziako Gobernuari galdegiten dio euskal presoak hurbiltzea eta gaixo direnak eta zigorra bukatzen ari direnak askatzea. «Urgentziazko neurriak». Presoen gaia «orokorki eta behin betiko» behar dela konpondu berresten du testuak. Euskal Herriko hautetsiez gain, Frantziakoei begira ere hasia dute lan berezia, Parisko sareen bidez. Europa ere badute jomugan. Alde horretatik, goraipatu dute Europako Parlamentuko gehiengo nagusiak estatu kideek erabiltzen duten presoen urruntze politika kondenatzen duen txostenaren alde bozkatu izana.

Frantziako Estatuko presondegien itzuliari lekukoa hartuko dio Parisko manifestaldiak. Azaroaren 16an hastekoa dute bira Sarek, Etxerat-ek eta Bagoaz-ek. Hiru astez, hogei presondegietatik pasatu, eta, abenduaren 7an bakegileek bat eginen dute horiekin. Reaugo, Fleuryko eta Fresnnesko presondegietatik geldialdi bereziak egingo dituzte Parisera iritsi aurretik. Hiru oreneko ekitaldi bat egingo dute han, 12:00etatik 15:00etara. Plaza zehaztu gabe dute oraindik.

Publizitatea