Konponbideari begira

Berriak

Frantziako espetxeen itzulia hasiko dute azaroaren 16an

Etxerat-ek, Sarek eta Bagoaz-ek abenduaren 9ko Parisko mobilizazioa dute jomuga. 20 espetxetatik igaroko dira.
Bidaiarako furgonetaren aitzinean, atzoko agerraldia.
Bidaiarako furgonetaren aitzinean, atzoko agerraldia. I.MIQUELESTORENA

2017-10-05 / Berria

BAIONA. Frantziako presondegien bira abiatuko dute heldu den azaroaren 16an Sarek, Etxerat-ek eta Bagoaz-ek. Hiru astez, euskal presoak dauden hogei presondegietatik pasatzeko asmoa dute. Orotara, 68 euskal preso daude espetxe horietan.

Presondegietan ez ezik, zortzi hiri nagusietan ere gelditzeko asmoa dute. Tolosa, Marseilla, Lyon, Poitiers, Naoned, Roazhon, Lille eta Paris dira hiri horiek. Tokian tokiko eragile, hautetsi, prentsa eta biztanleak bake prozesuaz eta presoen gaiaz interpelatzea dute asmoa.

Giza Eskubideen Liga dute partaide nagusietako bat lekuko egitasmoak burutzeko. Hitzartze, hitzaldi edo mobilizazioak antolatzekoak dituzte, bai presondegietan bai hiri nagusietan.

Frantziako Estatuko hogei presondegietan dauden 68 presoez gain, Espainiako Estatuko 40 presondegietan 240 euskal preso daudela gogoratu zuen Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak, atzo. Bi soilik daudela Euskal Herrian.

Bakea Euskal Herria eta Orain presoak lelopean antolatu den abenduaren 9ko Parisko mobilizazioa izanen dute egitasmoaren jomuga nagusia. Bakegileek antolatu egitasmo horri beren ekarpena egiteko molde bat dela bira zehaztu zuten, hain justu. Bertara joateko deia berretsi zuten.

Publizitatea