Konponbideari begira

Berriak

ETAren armagabetzea. Foro Sozialaren konferentzia

ETAren armagabetzea: «berezia», baina NBEren printzipioen araberakoa

Armagabetzean ikasitakoak jaso ditu Foro Sozial Iraunkorrak. Nabarmendu du prozesu «segurua» izan dela, «batere ohikoa» ez den arren gizarte zibilak armagabetze operazioetan parte hartzea
Agus Hernan, Aitzpea Leizaola, Nekane Alzelai, Anaiz Funosas eta Veronique Dudouet, Aiete jauregian.
Agus Hernan, Aitzpea Leizaola, Nekane Alzelai, Anaiz Funosas eta Veronique Dudouet, Aiete jauregian. IDOIA ZABALETA / ARP

2017-09-21 / Jon O. Urain

Euskal Herriko armagabetze prozesua «berezia eta bakana» izan da, baina, nazioartean erabili ohi diren irizpideen arabera aztertuz gero, «edozein armagabetze prozesuren helburu eta printzipio nagusiak betetzen ditu». Hala adierazi du Foro Sozial Iraunkorrak Armagabetzearen euskal eredua. Prozesu berritzaile batetik ikasitako ikasgaiak izeneko txostenean. Izan ere, ondorioztatu dute zenbait helburu erdietsi zirela ETAren armagabetze prozesuan: «Konfiantza eraikitzea, segurtasuna areagotzea, gatazka berpizteko bide oro ixtea eta norbanakoei indarkeria erabiltzeko ahalmena murriztea».



Atzo aurkeztu zuten dokumentua, Donostiako Aiete jauregian eginiko konferentzia batean. Bertan hartu zuten parte Nekane Alzelai, Aitzpea Leizaola eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko kideek, Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak eta Veronique Dudouet Berghof fundazioko programa zuzendariak. Txostena aurkeztearekin batera, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak igorritako gutun bat irakurri zuten; bertan, Ram Manikkalingam NEBeko buruak eskerrak eman zizkion Foro Sozial Iraunkorrari, «ziurgabetasun uneetan ere konfiantzari eusteagatik».



Agirian, Armagabetze, Desmobilizazio eta Birgizarteratze prozesuen —DDR, ingelesezko siglen arabera— azalpen bat ematearekin batera, baketzean emandako pausoei begiratu bat eman die Foro Sozialak, ETAk 2011ko urtarrilean iragarritako su-etenetik aurtengo apirileko armagabetzeraino.



DDR prozesuen azalpen teorikoarekin abiatzen da txostena; horien helburua da «segurtasuna eta egonkortasuna sustatzea gatazka baten ondoko testuinguruan, egoera lehengoratzen hasi ahal izateko». Prozesuak «konplexuak» dira, eta «dimentsio politikoak, militarrak, segurtasunekoak, humanitarioak eta sozioekonomikoak» dituzte. Gaur egun, DDR prozesuak definitzeko erabiltzen den tresnarik osatuena Nazio Batuen Erakundeak sustatutako Armagabetze, Desmobilizazio eta Berrintegrazio Arau Integratuak dira —UNIDDRS, ingelesezko siglengatik—.



Horrekin batera, Stockholmgo Ekimena erabili dute azterketarako: «Egitasmo horren barruan, DDR prozesuak planifikatzeko, koordinatzeko eta gauzatzeko ahulguneak identifikatu zituzten hainbat eragilek, eta, horretan oinarriturik, orduz geroztik garatuz joan diren zenbait gomendio proposatu zituzten».



Irizpide horiek euskal kasuan erabilita, Foro Sozial Iraunkorrak ondorioztatu du ETAren armagabetzea «hainbat berezitasunen arabera» gertatu dela; gogorarazi du Espainiako Gobernuak «uko» egin diola bake prozesuan parte hartzeari, eta erantsi hori gertatu den «kasu bakarra» dela munduan. Horregatik uste du ETAren armagabetzea «ikuspegi berri batetik» aztertu beharko litzatekeela.



Prozesu «eraginkorra»



Foro Sozialaren iritziz, armagabetze prozesua «eraginkorra, efizientea eta segurua» izan da, «bukaeran behintzat». Areago, «nazioarteko arauek jasotzen dituzten integraltasun irizpideak bete ditu, inork ez baitu zalantzan jarri armagabetzea erabatekoa izan denik». Gaineratu duenez, ETArena «euskal gizarteari eta nazioarteko komunitateari begira burututako armagabetze prozesua» izan da, «alde bakarrekoa eta baldintzarik gabekoa». Horren harira, Foro Sozial Iraunkorrak nabarmendu du «Euskal Herria izan dela alde bakarreko prozesuaz jabetu dena, gizarte zibilaren, erakunde eta indar politiko nagusien nahiz instituzioen parte hartzearen bidez».



Euskal kasuaren beste ezaugarri batzuk ere xehatu ditu. Besteak beste, «kasuaren espezifikotasunera egokitutako prozesua» izan dela: «Garaileak eta garaituak egon direla irudika zezakeen jokaleku oro saihestu da, eta gizarte zibilaren inplikazioa oso handia izan da». Atal horretan, Foro Sozial Iraunkorrak azpimarratu du ETAk «erakutsitako malgutasuna eta ikuspegi nagusiki politikoa». Horrekin eta gizartearen parte hartzearekin batera, nazioarteko eragileen parte hartzearen garrantzia nabarmendu du. Espainiako Gobernuaren jokabidea, berriz, «anti-eredutzat» jo dute.



Bestalde, Foro Sozialak iragarri zuenez, txostena izan da Armagabetzeari buruzko gogoetabideak jardueraren azken lana, eta, beraz, amaitutzat eman du ildo horren bidea. Aitzitik, «oraindik konpontzeke gelditzen diren gainerako ardatzen konponbideei» helduko die: bizikidetza eta memoriari, presoen gizarteratzeari eta giza eskubideei.



Gainera, Mixel Berhokoirigoin bakegilearen bideo bat erakutsi zuten aurkezpenean. Bertan, azaldu zuen apirilaren 8aren ondotik «paisaia aldatu» dela, baita Parisen ere: «Badira [Frantziako] Estatuaren aldetik irekidurak erakusten dituzten perspektibak. Atzo posible ez zena bihar posible bihur liteke».

Informazio osagarria

Publizitatea