Konponbideari begira

Berriak

Bakea eraikitzeko deia

ETAren armagabetzeari buruzko konferentzia egin dute Europako Parlamentuan. Bake prozesuan jarrera «aktiboa» hartzeko eskatu diote Europako Batasunari
Harold Good, Mark Demesmaeker, Lidia Senra, Martina Anderson eta Anaiz Funosas, Europako Legebiltzarrean eginiko konferentzian.
Harold Good, Mark Demesmaeker, Lidia Senra, Martina Anderson eta Anaiz Funosas, Europako Legebiltzarrean eginiko konferentzian. BERRIA

2017-09-06 / Jon O. Urain

«Gerra gizakion obra da, baina baita bakea ere». Esaldi horrekin, Euskal Herriko bake prozesua onesteko eta bide horretan engaiatzeko eskatu dio Friendship taldeak Europako Batasunari. Zehazki, galdegin dio «jarrera aktiboa» izan dezala baketze prozesuan. Espainiako eta Frantziako gobernuei, berriz, dei egin die bakegintzan urratsak egin ditzaten, «armagabetzea ez delako bakea, eta bi gobernuok ere ekarpena egin behar dutelako, bakea bidezkoa, integrala eta atzeraezina izateko baldintzak ezarriz».



Basque Friendship Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen aldeko legebiltzarkide taldeak sustatuta, Desarme prozesua: Bake iraunkorraren bidean Euskal Herrian konferentzia egin zuten atzo Europako Parlamentuan. Han izan ziren bi hizlari: Anaiz Funosas Bake Bidea plataformako bozeramailea eta Harold Good Ipar Irlandako apaiz protestantea. Biek hartu zuten parte ETAren armagabetze prozesuan, apirilaren 8an.



Biek ala biek hizpide izan zituzten, besteak beste, baketzean aurrera egiteko falta diren pausoak eta nazioarteko erakundeen nahiz gizarte zibilaren inplikazioaren garrantzia. Good: «Gaur egun indarrean dauden gatazken %90 iraganean konpondu ez ziren arazoetatik datoz». Haren esanetan, «armagabetzea hitzak ekintza bihurtzea» da: «Eta hitzak izan ziren: 'Gure gerra amaitu da'». Goodek bere esperientziaren berri eman zuen, Irlandako eta Euskal Herriko armagabetze prozesuetan parte hartu duenez gero: «Bi prozesuak ez dira izan bide erraza, eta lan nekeza izan da biak behar bezala gara zitezen».



Euskal presoen egoerari erreparatu zioten bereziki. Horiek Euskal Herriratzeko eskatu zien Goodek Frantziako eta Espainiako agintariei: «Arren, entzun ezazue bakearen alde dabilen oro, eta pausoak eman itzazue euskal presoenganako neurriak aldatzeko».



«Prozesu kolektiboa»



Funosasek eskertu egin zuen Basque Friendship taldeak bake prozesuaren alde egin duen lan «nekaezina». Nabarmendu zuen «armagabetzea prozesu kolektiboa» izan dela, «ausardia handiz» gauzatu dela, eta hori horrela izan dela «euskal gizartea bake egarriz» izan delako «urte luzez». Funosasen iritziz, «nahiz eta gobernuen jarrera bestelakoa izan», gizarteak «determinazio sendoa» du gatazkaren ondorioei heltzeko, «nahi handia elkarbizitza eraikitzeko», eta asmoa «preso eta iheslarien egoera konpontzeko».



Abenduaren 9an Parisen euskal presoen auzian aurrerapausoak ematearen alde egitekoak diren manifestazioa ere gogora ekarri zuen. Funosasek ezinbestekotzat jo zuen «gehiengo sendoak osatzea» Frantziako eta Espainiako gobernuen politikak aldatzeko, eta erantsi abenduaren 9ko martxak helburu hori duela.



Friendshipen izenean Mark Demesmaeker N-VA Flandriar Aliantza Berriko eurodiputatuak adierazi zuenez, «badirudi Madrilek eta Parisek beldur diotela bakeari». Goraipatu egin zuen herritarrek nahiz nazioarteko eragileek eginiko ekarpena, eta, ildo beretik, Martina Anderson Irlandako Sinn Feineko europarlamentariak txalotu egin zuen Bake Bideak eginiko «funtsezko» lana: «Alderdi, sindikatu eta gizarte mugimendu ugari batu dira plataforman, helburu komun batekin: gatazkaren ondorioei heltzea».



Josep Maria Terricabras Kataluniako ERCko eurodiputatuak Europako Batasunari eskatu zion «baldintzarik gabe» babesteko Euskal Herriko baketze prozesua, eta premiazkotzat jo zuen presoen egoerari irtenbidea ematea. Lidia Senra Galiziako Alternativa Galega de Esquerda en Europako legebiltzarkideak, berriz, azpimarratu zuen «ezohiko» armagabetzea izan zela ETArena, eta gizarte zibilaren parte hartzea txalotu zuen, «prozesu konplexu bati aurre egin diolako eta Euskal Herrian aro berri bat zabaldu duelako».

Publizitatea