Konponbideari begira

Berriak

Epaileek eteniko gaztetasuna

Irailean sei hilabete beteko dira Iruñean Errenteriako lau gazte atxilotu zituztela. Errepresioari Autodefentsa dinamikak antolatutako manifestazioan gertatu zen hori. Ordutik, gazteetako hiru preso daude, eta laugarrena, adingabea, kalean da. Terrorismo delituak leporatzen dizkiete.
Gazte auzipetuen bi lagun, bi gurasoeta abokatua, Errenterian eginiko elkarrizketan.
Gazte auzipetuen bi lagun, bi gurasoeta abokatua, Errenterian eginiko elkarrizketan. JAGOBA MANTEROLA / ARP

2017-08-31 / Iosu Alberdi

Lau gazteen bizitza martxoaren 11n aldatu zen. Errepresioari Autodefentsa dinamikak antolatutako manifestazioan sortu ziren istiluengatik atxilotu, eta terrorismo delituak egotzi zizkieten. Gazteetako hiru espetxean daude ordutik —laugarrena adingabea da—, Iruñean, baina Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiaren zain. Auzipetuen guraso eta lagunekin hitz egin du kazeta honek, hilabete luze hauen inguruan.

Manifestazioaren ondorengo astelehenean, martxoaren 13an, iritsi zen lehen kolpea auzipetu eta ingurukoentzat: Espainiako Auzitegi Nazionalak terrorismo gisa epaituko zituen gertakariak. Orduan, Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiak fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia ezarri zien hiru gazteei. Horiek ihes egiteko edo delitua berriz egiteko aukera eta egotzitako delituen larritasuna izan ziren erabakiaren arrazoiak, epaitegiaren esanetan.

Gazteen lagunek klasean zeudela izan zuten epailearen erabakiaren berri. Klasean, baina «burua beste nonbait» zutela, auzipetuen lagun eta Oreretako 4ak Askatu plataformako kide Unai Morionesek dioenez: «Ez genuen espero horraino iritsiko zenik; ez orduan, ez orain». Atxiloketak eman zirenean «shock egoeran» geratu ziren, eta epaitegiaren erabakiak gogor jo zituen.

Larunbat hartako atxiloketa «latza eta oso gogorra» izan zen Patxi Petrirenarentzat. Petrirena gazteetako baten aita da, eta gogoan du momentu hura: «Ez duzu inondik horrelakorik espero, ez dakizu zer egin». Momentu hartako gauza «on bakarra» Jon Galfasoro lagun eta abokatuaren presentzia izan zuten: «Gurekin ezagun bat izatea zerbait ona izan zen, atxiloketen gauean bertan eta deklarazioetan gazteei lagunduz».

Galfarsoro izan da orain arte gazteen abokatu, Iñigo Iruinek kasua hartu aurretik. Galfarsorok kasua Iruñean epaituko zela uste zuen, baina ez da hala gertatu. Epaileak Espainiako Auzitegi Nazionalaren alde inhibitu zen, behin behineko espetxeratzea aginduz. Gurasoek etxera semeekin itzuliko zirela pentsatzen zuten, baina haien espektatiba guztiak gainditu zituen erabaki hark: «Mundua gainera erori zitzaigun». Auzitegitik kartzelara eraman zituzten gazteak. Kartzelara joan ziren gurasoak ere, baina ez zuten gazteak ikusteko aukerarik izan.

«Garrantzi politikoa»

Epaileak erabakia hartu eta berehala, epaitegien arteko kontraesanak abiatu ziren, terrorismo delituak tarteko. Espainiako Auzitegi Nazionalak Madrilen epaitzearen alde egin zuen, baina Nafarroako Auzitegi Probintzialak kasua bere gain hartzeko nahia eman zuen apirilaren 12an kaleratutako autoarekin; «delituak larriak izan arren», desordena publikoen barruan sartu behar zirela arrazoituz. Ekainean, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalari eman zion arrazoia. Behin-behineko askatasuna lortzeko aukera desagertu zen. «Hasieratik ikusi genuen kasuak garrantzia politikoa hartu zuela», dio Galfarsorok. Botere politikoaren eta juridikoaren arteko erlazioa ikusten du auzitegien kontraesanetan: «Hor dute oinarri konpetentziaren inguruko talkek. Orain arte, Auzitegi Nazionalari inork ez dio berea dudan jarri».

Gazteetako baten ama da Anabel Barcena, eta epaitegietan gertatutakoa «markatuta» geratu zaio: «Zuzenean kartzelara eraman behar zituztela jakin genuenean, babesgabe sentitu ginen». Hainbat komunikabidek gaiari emaniko trataera ere «latza» iruditu zaio, «semeen izenak argitaratuz eta autoak filtratuz».

«Ez da kasu bakana»

ETAk jardun armatua utzi zuela sei urte igaro direnean, Altsasuko eta Errenteriako gazteen kasuek son handia hartu dute.; bietan terrorismo delituak tarteko. Altsasuko kasuan, hamar gazte auzipetu dituzte —hiruk preso jarraitzen dute— bi guardia zibil eta haien bikoteekin izaniko liskarragatik.

Bi kasuek badituzte antzekotasunak, eta horregatik ari zaizkio Altsasuko kasuari gertutik erreparatzen Errenterian. Petrirenaren esanetan, esanguratsuena «epaitegiek istilu batzuengatik terrorismo delituak egon daitezkeela argudiatzea» da, eta bietan, gainera, agertu da Nafarroako Auzitegia kontra.

Azken gertaera horiei begira, Petrirenarentzat garbi dago jokaera horrek ez duela «normalizazio posiblerako» laguntzen: «Beste nonbait gertatu izan balitz, ez zen halako deliturik leporatuko; desproportzio handia dago». Galfarsorok argi du hori ez dela gurasoek eskatzen duten zerbait bakarrik: «Nafarroako epaitegiek emaniko ebazpen bat dago ekintzok terrorismotzat hartu ezin direla adieraziz».

Atxilotuen lagunen iritziz, langile eta herri mugimenduen aurkako «kasu errepresiboek» euren kabuz hitz egiten dute, hala dio auzipetuen lagun Gotzon Oiarzabalek: «Altsasuko gazteak, txiolariak, Gasteizko ikasle greban atxilotuak... adibide batzuk besterik ez dira. Gurea ez da kasu bakana». Helburua zehatza da, Galfarsoro abokatuaren esanetan: «Mugitzen diren gazteak isilaraztea».

Altsasu eta Errenteriako gazteen kasuetan bada beste antzekotasun bat, bietan istilu batzuetatik abiatuta Espainiako Zigor Kodeko 573. artikulua erabili da terrorismo delituez akusatzeko. Errenteriakoen kasuan, lesio eta herritarren askatasunaren aurkako delituak egozten zaizkie, besteak beste. Delitu horiek bake publikoa larriki aztoratzeko asmoz egin izana da, Auzitegi Nazionalaren esanetan, terrorismo zantzua eman diezaiekeena. Errenteriatik Iruñeara joan izana ere «konfrontaziorako estrategia organizatu» baten barruan ikusten du kasuaren instruktoreak.

2015eko urrian egindako PP eta PSOEren arteko estatu itun baten ondorio izan zen 573. artikuluaren eta beste hainbaten aldaketa, «terrorismo jihadistari aurre egiteko». Galfarsoro abokatuaren ustez, ordea, «oker» bat du: «Moldaketa horretarako zela argi geratzea nahi zuten, baina kendu egin zioten antolakuntza terrorista baten pean egotearen tipifikazioa». Sailkapen falta horrek eragin du Errenteriako gazteena eta halako kasuak terrorismotzat epaitzeko aukera. Ekintza eta ondorioen arteko «ikaragarrizko injustizia» sortu du horrek, Galfarsorok adierazi duenez: «Zigor Kodearen aldaketa politikariei dagokie, baina horretaz kontzientziatu beharra dago».

Ziurgabetasuna

Bizitza aldatu die gertaerak gazteei eta haien senideei: kartzelarako bisitak, komunikazioak —kontrolatuak—, deiak... Barcenak dio egoera «nahiko traumatikoa» dela. Gurasoek semeen ikasketei garrantzia eman diete, jada galdu duten ikasturte zatiari, beste bat gehitu baitakioke. Ziurgabetasun egoera horren aurrean, gazteen erreakzioak arduratzen ditu: «Psikologikoki gorabeherak izan dituzte, eta ez dakigu nola izango den hemendik aurrera».

Halako egoera «normal» eramatea zaila da. «Are gehiago Madrilera bidaltzeko aukera mahai gainean egonda», Morionesen esanetan. Izan ere, kasua Auzitegi Nazionalaren eskuetan egonik, epaitegiak espetxeratuak Madrilera lekualdatzeko aukera ezin dute baztertu. «Lekualdatze horren beldur gara, baina ez dakigu noiz gerta daitekeen», dio. Haren ustez, egonezina sorrarazten du egoera horrek, «haientzat, guretzat eta inguru guztiarentzat». Halere, Iruñean preso egotea ez da «gaitz txikiagoa» gazteen lagunentzat: «Pairatzen duten egoera sekulakoa da, gaztetasuna eten diete».

Epaiketaren zain

Hilabeteak igaro dira gazteetako hiru espetxean daudenetik, baina epaiketa ez dago gertu oraindik. Instrukzioa hasi berri dago, eta ez dakite zer gertatuko den. «Lehen diligentzien zain gaude, ea zer dioten polizien deklarazioek», argitu du Galfarsorok. Horren arabera pentsatu beharko dute euren estrategia. Halere, ez zaio instrukzio konplexua iruditzen: «Gazte sozialki konprometituak dira, baina ez dira inongo erakunderen parte».

Epaiketara begira, oraindik ez dira asko pentsatzen jarri. Orain arte hainbat errekurtso jarri dituzte, bai Iruñean, bai Auzitegi Nazionalean. Baina epaileen ezezkoa jaso dute guztietan. Ez dute, ordea, amore emateko asmorik, eta berriz ere behin behineko askatasuna eskatuko dute hiru gazteentzat, «horretarako aukera ikustean». «Poliki-poliki joan behar gara, ez baitakigu zer gertatuko den», dio Barcenak.

Iruñean preso dauden hiru gazteez gain, bada laugarren bat ere. Aske dago, adingabea delako. «Hau ere mehatxupean dago», dio Galfarsorok: «Bere bizimodua aurrera darama, baina arriskuan dago». Morionesek «inpotentzia» hitza erabiltzen du bere lagunaren egoera azaltzeko: «Guri normal jarraitzea zail egiten zaigu, eta hari, are zailago». Orain kasua presente mantentzea dute helburu, ekintzen bidez. Petrirenaren ustez, jendeak jada ahaztu du Iruñean gertatutakoa, baita haien semeen egoera ere: «Gogorarazi beharra dago».

Herriaren babesa

Gazteen atxiloketen ondorengo ostiralean, agerraldi jendetsua egin zuten gurasoek, manifestazio are jendetsuago baten atarian. Petrirenak dio horrek «aurrera egiteko indarra» eman ziela: «Egoerak gain hartzen zigun, eta babes pertsonal eta sozialaren beharra genuen». Etorkizunaren alde, elkartasun bila abiatu ziren gizartera. Izen hori hartu zuen gurasoek bultzatako plataformak ere. Euren semeen alde, «baina baita gainontzeko gazteen etorkizunaren alde ere». «Protesta baten aurrean terrorismo kalifikazioa erabiltzen bada, denon etorkizuna dago jokoan», gehitu du Barcenak. Ezinbesteko ikusten dute mezu hori gizartera zabaltzea. Beraz, bi eskaerarekin abiatu ziren: kasua Iruñean epaitzea eta behin-behineko askatasuna.

Lan hori egiterako orduan, «zuhurtziaz» jokatu behar dela azpimarratu du Galfarsorok, «hainbat komunikabidek informazioa tratatzeko duten eragatik». Adibide gisa jarri ditu martxoaren 11ko manifestazioaren inguruko berriak, zeinetan hainbat hedabidek deialdiaren inguruan ez dituzten «gauzak zuzen esan».

Herriko gazteak ere hasiera-hasieratik hasi ziren mobilizatzen, Oreretako 4ak Askatu plataformaren bitartez. «Herriari jakinarazi behar genion Iruñean gertatu zena», dio Morionesek, «erantzun sendo bat emateko». Azken hilabeteetan elkartasuna bilatzea, kasua zabaltzea eta kontzientziazioa izan dira haien helburuak. «Jende gaztearengana iristea», Oiarzabalen hitzetan: «Haien askatasunaren alde egiten dugu lan, uste baitugu manifestazio batean egoteagatik ez ginatekeela egoera honen aurrean egon beharko».

Terrorismo kalifikazioaren aurka agertu diren instituzio eta politikariak ere badaude: Errenteriako hiru alkate ohiren adierazpena, Errenteriako eta Iruñeako alkateena, Oiartzualdeko sindikatuena... «Espero dugu beste ahots batzuk indarrarekin agertzea, dagoeneko beste hainbat agertu diren bezala», diote.

Hasiera, ordea, ez zen erraza izan, gazteek gogoratzen dutenez: «Lanean hasteko oztopo bat izan zen alderdi politikoen gaitzespen publikoa». Morionesek ez du ahaztu «lagunen errugabetasuna defendatzerako orduan» utzi zieten egoera zaila: «Errugabetasun printzipioa urratu zen». «Zuzenean errudun zirenaren irudia eman ziezaiokeen jende askori, halakorik frogatu ez denean», gehitzen du Oiarzabalek.

«Eutsi tinko»

Gazteek espetxean dauden lagunei «atzean herri bat» dutela adieraztea dute helburu. Horretarako, ahal duten moduan, iristen zaizkien elkartasun keinuak erakusten saiatzen dira. Komunikazioak ahalik eta «emozionalki indartsuenak» izaten saiatzen dira senideak eta lagunak: «Behin eta berriz esaten diegu: zuekin gaude eta eutsi tinko». «Psikologikoki laguntzen diete, haientzat momentu gogorra da, eta eskertzen dute jendeak haien askatasuna eskatzea», dio Barcenak.

Publizitatea