Konponbideari begira

Berriak

Pausorik pauso, elkartasunera

Altsasutik abiatu, eta Kalera martxa helmugara iritsi da Lakuntzan, zortzigarren etapan. Presoekiko elkartasuna herriz herri zabaldu ondoren, Hatortxu Rock elkartasun jaialdiarekin bat egin dute
Lakuntzan amaitu zen atzo arratsaldean Kalera martxa, eta herri horretan ospatuko dute asteburu honetan Hatortxu Rock jaialdia.
Lakuntzan amaitu zen atzo arratsaldean Kalera martxa, eta herri horretan ospatuko dute asteburu honetan Hatortxu Rock jaialdia. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-07-28 / Oskia Ollakarizketa

Euskal presoen aldeko Kalera martxako partaideak autobusez iritsi ziren atzo goizean Altsasura. Uztailaren 20an irten ziren Gernika-Lumotik, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herri zeharkatu ondoren, Nafarroara iritsi ziren atzo, zortzigarren etapa egiteko. Azken egunean, Altsasutik abiatu ziren, eguerdian Etxarri Aranatzen bazkaldu zuten, eta, arratsaldean, Lakuntzara iritsi ziren. Han, Hatortxu Rock jaialdiaren hasierarekin bat egin zuten.

Oihana Garmendia Kalera Kalera dinamikako bozeramaileak uste du «oso positiboa» izan dela jendearen parte hartzea mobilizazioak iraun duen egunetan: «Belaunaldi guztien martxa izan da», azpimarratu du. «Herrietako harrerak aipatzekoak izan dira. Elkartasun handia adierazi diote martxari, baina, batez ere, preso, iheslari eta deportatu guztiei». Mobilizazioaren helburuetako bat preso, iheslari eta deportatuei babesa eta maitasuna helaraztea zen, eta xede hori «ederki» bete dutela azaldu du Garmendiak. Aldi berean, bakean eta askatasunean bizitzeko, «preso eta iheslari guztiak kalean eta Euskal Herrian» egotea beharrezkoa dela oroitarazi du.

Altsasuko gazteak gogoan

Altsasutik Etxarri Aranatzerantz 12:00etan atera ziren 140 pertsona inguru, oinez. Haizea Ramirez de Alda gazte altsasuarra irteera ikustera hurbildu zen. Penatuta zegoen ibilbide osoa egiteko aukera ez izanagatik, baina gogoz: «Arratsaldean, sakandar askok bezala, txanda egin behar dut Lakuntzan, eta ezin denetara iritsi».

Trikiti soinuek ireki zuten bidea eta, jarraian, Sakanako presoen irudiak zituen pankarta bat eraman zuten. Duela bederatzi hilabete Altsasuko taberna batean guardia zibil batzuekin izandako liskar batengatik atxilotutako gazteak ere gogoan izan zituzten, Utzi Altsasu bakean lelodun banderolaren bidez, besteak beste. Atzetik Kalera Kalera dinamikaren pankarta eta ikurrina, eta presoen aldeko ikur ugari.

Altsasuko plazan Maite Sabalza Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea batu zen martxara. Komunikabideen aurrean eginiko adierazpenetan, Sabalzak adierazi zuen Altsasuko gazteekin gertatutakoak «argi» uzten duela Espaniako Estatuaren «estrategia armatua». «ETAk bere armak utzi ditu, baina oraindik herri honetan estrategia armatuarekin jarraitzen duten batzuk badaude, salbuespenezko jokabideekin jarraitzen dutenak, eta azken sei urteetan herri honetan aldaketarik egon ez balitz bezala jarraitzen dutenak. Hori onartezina da». Aldi berean, «kartzelak husteko garaia» dela azpimarratu zuen: «Herri honek nahi eta merezi duena bake eta justizia agertoki bat da. Argi daukagu agertoki hori posible izan dadin ezinbestekoa dela preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko gizarte bat». Horrekin batera, «indar armatuei» Euskal Herritik alde egiteko eskaria egin zien.

Behin Altsasu atzean utzita, martxako kideak errepidetik oinez joan ziren Etxarri Aranatzera. Han, ongi etorria egin zieten Mikel Arregi plazan, eta, pilotalekuan, berrehun pertsona inguru bildu ziren bazkaltzeko. Fran Balda Sakanako Kalera Kalera dinamikako arduradunak azaldu zuenez, mobilizazioa Lakuntzan bukatzea eta Hatortxu Rock ere bertan izatea Sakanarentzat «ikaragarria» da. «Kalera martxan eta Hatortxu Rocken dagoen antolaketa maila eta auzolana ikusirik, zoragarria da jendeak musu truk ematen duena. Nabaria da Sakanan prestutasun handiko jendea dagoela euskal preso, iheslari eta deportatuen alde», gaineratu zuen Baldak.

Ekitaldi politikoa, etzi

Arratsaldeko 18:30ean iritsi ziren martxako partaideak Lakuntzara, eta Hatortxu Rock jaialdiarekin bat egin zuten. Aurten, 20. aldia du jaialdiak. Etzi, ekitaldi politikoa egingo dute. Kalera Kalera dinamikako kideek bertan parte hartzera dei egin diete jaialdira doazenei .

Publizitatea