Konponbideari begira

Elkarrizketak

Euskal presoak. EPPKren eztabaidako txostenaren ondorena. Ignasi Garcia. Kataluniako Espetxeen zuzendari ohia

«Sakabanatuta dauden presoen gaia izango da negoziatzeko zailena»

Kataluniako Espetxeen zuzendari nagusi izan zen bederatzi urtez, Jordi Pujol gobernuko presidente zela. Espetxe transferentziaren nondik norakoak ezagutu zituen, eta sistema propioaren hasiera landu.

2017-07-22 / Iosu Alberdi

Ignasi Garcia i Clavel (Bartzelona, 1943) Filosofia eta Letretako lizentziaduna da, eta Zuzenbide ikasketak ditu eginak. Beste hainbat posturen artean, Kataluniako Espetxe Zerbitzuetako Zuzendari Nagusia izan zen 1990-1999 urteen bitartean. Kataluniak espetxe sistema eskuratu eta sei urtera hartu zuen kargua. Sistema propiorako trantsizioaz eta Euskal Herrian hori lortzeko aukeraz aritu da, besteak beste.

Nola abiatu zen prozesua Katalunian?

Estatuko gobernua ezustean harrapatu zuen gure eskaerak. Arazoak ekar zitzakeen eskumen gisa ikusi zuten estatuan. Beraz, ez zuten inongo erreparorik eskumena guri emateko. Orduan bazegoen arazo bat Bartzelonako Modelo presondegiarekin, urte askoz iraun zuena [aurten itxi dute]. Eskumen hori lortzeko aukera duten lau autonomia erkidegoen artean Katalunia da erabili duen bakarra. Urte batzuk geroago, ordea, agian ez ziguten emango. Garai hartan, gu «onak» ginen, eta ez zen arazorik egon guri espetxeen eskumena emateko. Erraza izan zen, ez genuelako Euskal Herrian zegoen arazorik. Beste garai bat zen. Egun, «gaiztoak» gu gara, eta «onak» han daude.

Terra Lliure indarrean zegoen garai hartan.

90eko hamarkadaren aurretik existitu zen, baina ez zen arazorik egon. Garzon operazioa izan zen garai hartan [45 pertsona atxilotu zituzten Terra Lliurerekin erlazionatuta]. Ondoren, Espainian zehar bananduta zeuden presoen inguruan negoziatu, eta Kataluniako kartzeletara etorri ziren. Lehenik, bananduta egon ziren zenbait kartzelatan. Baina, gero, elkarrekin egoteko eskatu zuten, eta Brians I kartzelan batu ziren guztiak. Negoziatu eta itundutako zerbait izan zen.

Zergatik eskatu espetxe sistemaren eskumena?

Jordi Pujolek esaten zuen ona izan nahi duen herrialde batek dena eduki behar duela, nabarmentzen dena eta ez dena. Eta kartzelak, maiz, ez dira nabarmentzen. Beste gako bat gertutasuna zen; Euskal Herrian eskatzen duzuen gertutasun hori. Batzuetan ez dugu ongi esaten, baina legeak ez du behartzen gerturatzera. Legeak dio, ahal den heinean, presoek zigorra etxetik gertuen duten espetxean beteko dutela. Baina ez dago zehazki hori dioen agindurik.

Garai hartan ez genuen lehen graduko presoentzako leku egokirik. Orduan, Lleidako kartzelan espazio berezi bat sortu zen, eta Kataluniatik at zeuden lehen graduko hainbat preso gerturatu ziren.

Zer aukera eman zizkion Kataluniari eskumena edukitzeak?

Tratamenduen bideari ekiteko aukera eman zigun. Bide hori ongi ulertuta. Tresnak ematea ahal eta nahi badute presoak sartu baino hobeto irteteko. Lortu nahi zena Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikulua era egokian betetzea zen, espetxeek gizarteratzeko helburua dutela dioena. Hasiera-hasieratik egin zen horretan lan, psikologo, hezitzaile eta irakasle kopurua handituz.

Bai konstituzioa, bai Espetxeen Lege Organikoa oso progresistak dira. Gaur egun ez lirateke aurrera aterako.

Kartzelatzeaz gain, beste neurri batzuen alde egin duzue.

Kartzela azken aukera da; hartaz abusatzen badugu, nahasten ari gara. Tresna egokiena prebentzioa da, baina zaila da aurrera eramatea. Zigor neurri alternatiboen aldeko apustua egin da, baina oro har apustu garbiagoa egin behar da.

Zer gertatzen da lehen graduan dauden presoekin?

Askatasunerako prestatzeko bidean, gradu aldaketan oinarrizko dira. Lehen graduko presoek zainduta egon behar dute, haien gaineko gehiegikeriak eragozteko, behar baino denbora gehiago egoera horretan ez igarotzeko, eta tratu egokia izan dezatela egiaztatzeko. Diziplinazko neurria da, kontrolatu beharrekoa.

Alde horretatik, Espetxe Zaintzako epaileak nire garaian baino gehiago busti beharko lirateke. Epaile asko Espetxe Zuzendaritza Nagusiak zioena errepikatzera mugatzen ziren.

Nola eraman zenuten Katalunian euskal presoak horra bidaltzea?

Audientzia Nazionaletik igarotako presoak Espainiaren pean zeuden. Guk ez genuen ETAko kide izateaz kondenatutako presorik, beste nonbaitera eraman bitartean geratzen zirenak salbu. Ni 90eko hamarkadan iritsi nintzen, eta sakabanaketa lehenago hasia zen. Gogoan dut nire aurreko kargudunari adierazi ziotela Kataluniari hamazazpi preso esleitu zizkiotela. Kataluniatik esan genuen hori negoziatu beharrekoa zela. Gu ez ginen estatuaren menpeko administrazio bat. Ez genion aterik itxi presoak jasotzeari. Euskal Herriarekiko gertutasunagatik Kataluniara etorri nahi zuten presoak bazeuden, agian hitz egin zitekeela.

Zure ustez, ba al dago Euskal Herrian eskumena lortzeko aukerarik?

Orduan beste garai bat zen Euskal Herriarentzat, eta oraindik ere hala da, Kataluniarekin alderatuz gero. Euskal Herrian zailtasun gehigarri bat duzue. Espetxe sistemarena izateaz gain, Espainian sakabanatuta dauden presoen gaia ere baduzue. Hori izango da negoziatzeko zailena. Eskumena zuen gain egongo balitz eta Espainiako Estatuak nahiko balu, uste dut pixkana gerturatze politika bat aurrera eramateko aukera izango zenuketela Euskal Herrian. Ez da zuen esku bakarrik egongo, Espainiako Gobernuak berea esan nahiko du eta.

Nik bere garaian EAJren gobernuko kideekin hitz egiteko aukera izan nuen gaiaren inguruan. Ziur orduko Espainiako Gobernua ez zela egongo espetxeen eskumen transferentziaren alde, eta ziur garai hartako Eusko Jaurlaritza ere ez zela oso aldekoa.

Orain, Eusko Jaurlaritzak bere gain nahi duela adierazi du.

Lortzea ez dut erraza ikusten, baina ezta ezinezko ere, egun Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak duten egoera idilikoarekin, pixka bat estutuz gero eta hitz egiten badute. Ongi eta zarata gutxi aterata negoziatzen bada, hori bai, gardentasunez, aukera egongo da eskumena bereganatzeko. Baina garbi eduki behar da lortu nahi dela, nire garaian egin ziren saiakerak lotsatiak izan ziren eta. Garai konplexuagoak ziren: 600-700 preso zeuden sakabanatuta, eta, egun, 300 inguru geratzen dira.

Zer eragin izango luke sakabanatuta dauden presoengan?

Zentroen kudeaketa eta espetxe politikak bertatik aplikatuko lirateke. Eskumena izatearekin batera, gauza asko aurreratzeko aukera dago. Ez kolpez, baina asko egin daiteke. Transferentzia eman eta pixkanaka negoziatu ahalko lukete, presoak euskal kartzeletara eramateko. Kasu batzuetan, ez dute asmatuko akordiorik lortzen, baina agian beste batzuetan bai. Bidea hastea da, eta ez uztea. Beste saiakera bat bada, Espainiako Gobernuaren lehen ezetzarekin garrantzitsuena hau ez dela esango duena... orduan, ez duzue izango eskumen hori.

Publizitatea