Konponbideari begira

Berriak

Euskal presoak. EPPKren eztabaidako txostenaren ondorena

Espetxe sistema bat nola eratu

Eusko Jaurlaritzak bere «lehentasunen» artean kokatu du espetxeen eskumena. Katalunia da egun eskumen hori duen erkidego bakarra. Espainiako legezkotasunaren barnean funtzionatzen du
Aurten itxi dute Bartzelonako Modelo kartzela.
Aurten itxi dute Bartzelonako Modelo kartzela. QUIQUE GARCIA / EFE

2017-07-22 / Iosu Alberdi

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak aste honetan esan du euren «lehentasunen artean» dagoela espetxe sistemaren eskumena lortzea. Eta baliteke inoiz baino gertuago egotea. Espetxeen eskumena Gernikako Estatutuan jasota dago, baita Nafarroako Foru Hobekuntzan ere.

EH Bilduk ere eskatu duen eskumen bat izan da espetxe sistemarena. Horren harira, ekainean talde bat bidali zuen Kataluniara, hango sistemaren funtzionamenduaren inguruan informazioa eta iritziak biltzeko asmoz. Gaia Eusko Legebiltzarreko ohiko bilkurara eraman zuen EH Bilduk, sistemaren transferentzia bizkortu eta hura nola aurrera eraman aztertzeko asmoz. Batzorde bat eratzea proposatu zuten, baina proposamena atzera bota zuten EAJren, PSE-EEren eta PPren botoek.

80ko urteetan, Eusko Jaurlaritza saiatu zen espetxe eskumena bere gain hartzen, baina, garai hartako errealitate sozial eta politikoa zela medio, ezezkoa eman zion Espainiako Gobernuak. Egun, Espainiako Estatu osoan Katalunia da eskumen hori duen erkidego bakarra.

KASU BAKARRA

Kataluniak duela 30 urte baino gehiago bereganatu zuen espetxe sistema kudeatzeko eskumena. 1984an, Espainiako Gobernutik Generalitatera eskualdatu zen. Katalunia da oraindik ere eskumen hori duen erkidego bakarra. Gernikako Estatutuan eta Nafarroako Foru Hobekuntzan jasotzen den bezala, Kataluniako Autonomia Estatutuan ere jaso zen espetxe sistemaren eskumena.

Garai hartan, Jordi Pujol zen Kataluniako Gobernuko presidentea, eta duela gutxi adierazi zuen espetxe sistemarena beren gain hartzeko eskumen «gatazkatsua» izan zela, baina ongi funtzionatu duela.

Europan kasu berezia da Kataluniakoa, estatu gehienek espetxe sistema zentralizatzearen alde egiten baitute. Europan antzeko zerbait aurkitzeko, Erresuma Batura —Gales, Eskozia, Ingalaterra eta Ipar Irlanda banatzen ditu— edo Suitzara —kantonamenduei dagokie kudeaketa— joan behar da.

LEGEZKOTASUNA

Kataluniako espetxe sistemak Espainiako legezkotasunaren barnean funtzionatzen du, ez baitu legedi propiorik. Beraz, Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikulua bete behar du: artikuluaren arabera, «zigorren eta segurtasun neurrien helburua berreztea eta birgizarteratzea izango da». Hori behar bezala betetzeko, Espetxeen Lege Organiko Orokorraren pean egiten du lan. Lege organiko horrek ezartzen du espetxe sistemaren nolakotasuna, eta hura izan zen Espainiako Konstituzioa onartu ostean egin zen lehena.

Lege organikoaren funtzionamendua garatzeko, espetxe araudia dago. Araudiak barena hartzen ditu espetxeetako funtzionarioek bete beharreko arauak, barnean daudenen eskubide eta betebeharrak, eta sistemaren antolaketa.

Kataluniak sortzen dituen araudi guztiak, beraz, legediak ezartzen dituen mugen barruan daude. Legedia, ordea, irekia da. Horrek ematen dio aukera antolaketan eta tratamenduen hainbat alorretan ezberdin jokatzeko, eta espetxeen kudeaketari dagokionez bere erabaki propioak hartzeko.

Kataluniaren eskumena betearazlea da. Generalitateak zentroen alderdi guztiak kudeatzen ditu, ezarpenak izan ezik. Izan ere, sektoreko legegintza guztia Espainiako Parlamentuaren menpe dago.

Halere, ezberdintzen dituzten elementuak daude Espainiako eta Kataluniako sistemen artean. Bi arrazoi daude horretarako: ezberdintasunak betearazteko eskumenaren kudeaketan, eta gizarteak eskumen horien gain duen eragina.

SALBUESPENA

Kataluniak, espetxe eskumena lortzean, ez zuen kasu guztietarako lortu: «segurtasun nazionaleko» kasuetan, Espainia da esku hartzen duena. Adibidez, terrorismoarekin lotutako delituak Audientzia Nazionalean epaitzen dira. Orduan, Espainiako espetxe sistemaren pean geratzen da presoa, eta, ondorioz, Espainiako kartzela batean.

SISTEMA PROPIOA

Espetxeen kudeaketa eskuratzearekin batera, espetxeetako funtzionario katalanen kidegoak sortu ziren. Justizia Espetxeetako Teknikari Espezialisten eta Espetxeetan Diplomatuen kidegoak sortu zituzten. Geroago, 1990etik aurrera, Espetxeetako Laguntzaile Teknikoen Kidegoa. Hezitzaile, psikologo, gizarte laguntzaileen postuak eta beharrezko ziren beste hainbat ere bete zituzten.

CIRE Gizarteratzeko Egitasmoen Zentroa ere sortu zuten. Justizia Departamentuaren mende lan egiten duen enpresa publiko horrek espetxeratuta dauden pertsonentzako lanbide heziketa eta espetxe barruko lanak bultzatzen ditu.

Tratamendurako politika integral bat ere martxan jarria dute Katalunian, presoa espetxean sartzen denetik irten arte. Lan hori hezitzaile sozialen esku dago, psikologoen, gizarte laguntzaileen eta pedagogoen laguntzaz. Talde horiek arduratzen dira presoak sailkatzeaz: lehen, bigarren edo hirugarren gradua.

Kataluniako Gobernuak esku hartu zuenean, eraberritze prozesu bat abiatu zuen. Zazpi espetxetatik hamabira igaro dira, presoen masifikazioari aurre egiteko. Espainiako Estatuak, 2015ean, 119,6 preso zituen 100 tokiko: Europako masifikatuenetan laugarrena zen. Zifra horrek gora egiten du Kataluniako zentroak kentzen badira: 133,1 —Europako bigarrena, beraz—. Horrekin batera, zaintzapeko askatasunaren eta neurri alternatiboen alde ere egin dute.?

NEURRI ALTERNATIBOAK

Kataluniako presoen artean, berriz delituren bat egiten dutenen tasa %30,2 zen 2014an, 2015. urtean CEJFE Ikasketa Juridikoen eta Formakuntza Espezializatuaren Zentroak kaleratutako ikerketaren arabera. Azken ikerketatik hamar puntu jaitsi da tasa. Herbehereetakoa, Finlandiakoa, Danimarkakoa, Norvegiakoa, Suediakoa eta Italiakoa baino apalagoa da Kataluniako tasa.

Neurri penal alternatiboen aldeko apustua egin da Katalunian: komunitatearen onerako lanak, formakuntza programak, tratamendu terapeutiko anbulatorioa eta barneratzea. Berriz delituren bat egiten dutenen kopurua asko aldatzen da neurri horiekin zigortzen direnen artean. Batez beste, neurri horietakoren bat ezartzen zaien hamar pertsonatik bederatzik ez dute berriz deliturik egiten. Bi urtetik beherako zigorrak dituztenei ezarri ohi zaizkie neurri alternatibo horiek, gehienbat trafiko delituengatik zigortu dituztenei. 2016an, 7.000 pertsona zeuden neurri horiekin zigortuta, kartzelatuta zeuden 8.800 presoren alboan.