Altsasuko auzia
Garzonek dio Altsasukoa ez dela terrorismoa
"Dena ETA da" deituriko teoriaren sortzaileak iritzi artikulu bat kaleratu du El País-en auziko epaileari, fiskalari eta auziarekin aurrera jarraitzea erabaki duen Auzitegi Gorenari kritika gogorra eginez. "Min handia ekarri du bakera iristeak; hura egonkortzea da gure betebeharra, eta ez halako saioekin arriskuan jartzea".
Garzonek berak sartu zuen Alde hemendik proiektua deitu zuena Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako auzian. Hura guztia ETAk programatuta zegoela esan zuen orduan, eta, beraz, "terrorismotzat" jo zuen, "ETAk zuzenean kontrolatzen zuelako". Orduan "ondo antolatutako estruktura terrorista bat" zegoela dio, baina orain ez dagoela.
"Bere presentzia askotan baieztatu arren, ETA eta bere proiektuak desagertuta daude, eta baita terrorismoa babesteko zeukan garapena ere". Altsasuko auziarekin ireki den bideak aurreikusi ezin diren ondorioak ekar ditzakeela ohartarazi du.