Konponbideari begira

Berriak

Sindikatuek ere bat egin dute gaixo handi diren presoak askatzeko eskakizunarekin

«Onespena» eman diote Eusko Legebiltzarraren adierazpenari. Euren «konpromisoa» berretsi dute. Foro Sozialak txalotu egin du sindikatuen jarrera
Agus Hernan (Foro Soziala), Raul Arza (UGT), Garbiñe Aranburu (LAB) eta Adolfo Muñoz (ELA), atzo, Bilbon.
Agus Hernan (Foro Soziala), Raul Arza (UGT), Garbiñe Aranburu (LAB) eta Adolfo Muñoz (ELA), atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-07-06 / Gotzon Hermosilla

Apurka-apurka, badirudi ehuntzen ari dela euskal eragileen arteko adostasun amarauna euskal presoen gaiari dagokionez, Foro Sozialak behin eta berriro eskaturiko elkarrizketa «bateratzaile eta zeharkakoak» eta horietatik ondorioztatu beharko litzatekeen «ibilbide orria» lortzeari begira. Oraingoan, sindikatuen txanda izan da, eta Hego Euskal Herriko sindikatu nagusi ia guztiak batera agertu dira, espetxe politikan aldaketak galdegin, gaixo handi diren presoak askatzeko eskakizuna babestu, eta euren konpromisoa berresteko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako UGTko idazkari nagusi Raul Arzak irakurri du agiria erdaraz, eta LABeko Garbiñe Aranburuk euskaraz. Haiekin batera, ELAko Adolfo Muñoz, ESK-ko Isabel Castro, Steilaseko Ainara Jimenez, Etxaldeko Alazne Intxauspe eta Hiruko Victor Galarza egon dira prentsaurrekoan. EHNEk ere izenpetu du agiria, agerraldira ordezkaririk bidaltzerik izan ez duen arren.

Sindikatuek «onespena» eman diote ekainaren 29an Eusko Legebiltzarreko parlamentarien %88k espetxe politikaren inguruan hartutako «akordio garrantzitsuari», eta bereziki nabarmendu dute gaixo handi diren presoen egoeraz legebiltzar horrek onartutakoa.

Arlo horri dagokionez, lau eskaera zehatz egin dizkiete sindikatuek Espainiako Gobernuari eta Espetxe Erakundeei: gaixotasun larriak dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzea eta espetxetik ateratzea ahalbidetzeko «arrazoi humanitarioak eta duintasun pertsonala» direla eta, preso guztien «bizitza, segurtasun eta osasun eskubideen errespetua» babesteko, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko irizpideak aldatzeko —Espainiako Barne ministro Juan Ignacio Zoidok esandakoaren arabera, presoei ez zaie baldintzapeko askatasunik emango ez badago bi hilabeteko epean hiltzeko berehalako arriskurik— eta espetxe politika euskal erakundeekin adosteko.

Barne Ministerioak atal horretan darabiltzan irizpideen inguruan, sindikatuek adierazi dute «legezkotasunaren eta gizatasunaren oinarrizko printzipioak» urratzen dituztela, eta «halako erabakia ustez hartu beharko luketen medikuen printzipio deontologikoen kontra» doazela. Horregatik, Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiaren 3/2017 instrukzioa indargabetzea galdegin dute.

Berriro ere, «hainbeste hamarkadak utzitako ondorioak gainditzeko» eta «hitza desarmatzeko» borondatea berretsi dute sindikatuek, eta «aribidean dauden elkarrizketa bideak sakontzeko» konpromisoa ere azaldu dute. «Alderdi politiko gehienak eta sindikatu guztiak dagoeneko beste fase batean gaudela egiaztatu dugu», esan dute agerraldian parte hartu duten sindikatuek.

Foro Sozialaren bultzadaz

Foro Sozialak bultzatuta lortu dute sindikatuek idazkian agertzen diren edukien inguruko adostasuna. Foro Sozialeko Agus Hernan ere agerraldian izan da, eta sindikatuen jarrera txalotu du: «Ibilbide desberdinak dituzten kultura sindikalek elkarren artean hitz egitea eta adostea lortu dute, oso konplexua den egoera bat konponbidean jartzeko helburuarekin», azaldu du.

Hernanen ustez, sindikatuen agiriak, Eusko Legebiltzarraren akordioak, EPPK-k hartutako erabakiak eta azkenaldian espetxe zaintzako epaileek hartutako zenbait erabakik —Sara Majarenas, Oier Gomez eta Juan Mari Maiezkurrena presoen ingurukoak aipatu ditu— erakusten dute «aurrera egiteko aukera gehiago» dagoela erakundeek eta gizarte zibilak «norabide berean arraun» eginez gero.

Edozein modutan, Hernanek berretsi du xedea «Nafarroako eta EAEko gobernuak, alderdi politikoak, sindikatuak eta gizarte zibila» bilduko lituzkeen elkarrizketa prozesua abiarazi eta presoen afera «zentzuzko epe batean eta zentzuzko bideetatik» konpontzeari begirako estrategia zehaztea dela. «Aldeko giroa sortua dago, eta orain handira jokatzeko unea da», esan du.