Konponbideari begira

Berriak

Fiskaltzak 375 urte eskatu ditu Altsasuko auziko zortzirentzat

Lesio eta mehatxu terroristak leporatu dizkie. Zauritutako pertsona bakoitzarengatik hamabina urte galdegin ditu. Zigorra betetzean, bost urtez zaintzapean egotea nahi du
Auzipetuak babesteko eta preso daudenak aske uzteko eskatu zuten ekainaren 1ean Altsasuko kaleetan.
Auzipetuak babesteko eta preso daudenak aske uzteko eskatu zuten ekainaren 1ean Altsasuko kaleetan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

2017-07-05 / Jokin Sagarzazu

Eska zezakeen espetxe zigor handiena eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Altsasuko auzian auzipetutako hamar gazteetatik zortzirentzat. Auzipetuek ustez zauritu zuten pertsona bakoitzarengatik, hamabina urte eta erdiko espetxe zigorrak galdegin ditu: 50na urte. Hori eskatu du zazpirentzat. Haietako batentzat, beste hamabi urte nahi ditu, mehatxu terroristengatik: 62 urte. Eta zortzigarrenarentzat, hamabi urte eta erdi, mehatxu terroristengatik ere. Bederatzigarren eta hamargarren auzipetuak adingabeak dira, eta haien zigor eskaerarik ez du egin oraindik adingabeen fiskaltzak.

Oraingoz, eta denera, 375 urte eskatu ditu fiskaltzak iazko urriaren 15ean, festa egun batez, Altsasuko (Nafarroa) ostatu batean gazte batzuek lanordutik kanpo zeuden bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarrean haiek zauritzegatik: atestatuen arabera, ubeldurak zituzten gorputzaren hainbat zatitan; haietako batek zauria zuen ezpainetan, eta orkatilan ebakuntza egin behar izan zioten.

Gertakariak oihartzun mediatiko handia hartu zuen berehala, eta orduko Espainiako Barne ministroak «gorroto» delitutzat jota, ateak zabaldu zituen «terrorismoarekin» lotzeko. Azaroan, zortzi gazte atxilotu zituzten, eta haietako hiru espetxean daude oraindik, epaiketaren zain. Elkarrengandik bananduta daude, batez beste Iruñetik 500 bat kilometrora dauden kartzeletan, eta erregimen gogorrenean (FIES).

Gazteen abokatuek atzo arratsaldean ez zuten jakinarazpenik jaso. Kazeta honi adierazi diotenez, fiskaltzaren eskaerarekin «haserre» daude, baina azaldu dute ez dela «sorpresa» izan haientzat, «aukeretako bat» zelako auzia izaten ari den bilakaera dela eta». «Ohartarazi genuen gerta zitekeela, eta, tamalez, hala izan da», azaldu du Amaia Izko abokatuak. Orain arte hartu diren erabakiekin bezala, «neurriz kanpokotzat» jo dute fiskaltzaren espetxe eskaera ere; are gehiago, istiluan izandako zauriak zein izan ziren ikusita. «Ubeldura bakoitzagatik hamabina urte eta erdi. Lau zauritu, 50na urte».

Espetxe zigorrez gain, Jose Perals fiskalak zortzi auzipetuentzat galdegin du 20 urteko inhabilitazio osoa eta, zigorra bete ondoren, beste bost urtez zaintzapeko askatasunean egotea. 41.100 euroko isuna eskatu du, halaber, zauriak eragitea akusatutako zazpientzat.

Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak ikerketa amaitu ondoren, epaiketara bidean da auzia. Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako 1. Aretoak epaituko ditu gazteak. Fernando Grande Marlaska da aretoko presidentea. CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide izendatu dute Grande-Marlaska, baina lan kargagatik kontseiluan sartzea atzeratu du. Uda ondoren jakinaraziko dute noiz egingo den epaiketa; udazkenean izan daitekeela diote Auzitegi Nazionaleko iturriek. Fiskaltza eta defentsaz gain, auzian ere badaude estatuko abokatua, akusazio partikularra, Guardia Zibilaren elkarte bat eta ospitale pribatu bat —orkatila bihurritu zuen agentearen operazioaren gastuengatik—.

Denbora honetan babes zabala jaso dute gazteek, eta, besteak beste, auziaren aurka azaldu dira Nafarroako Gobernua eta Parlamentua, 80tik gora udal, Espainiako Gorteetako 74 diputatu eta 14 senatari, eta arlo juridiko, akademiko eta beste hainbat eremutako ehundik gora eragile.

«Erabateko astakeria da eskaera, neurrigabekoa, eta horren atzean interes bakarra dago: interes politikoa», adierazi zuen atzo EH Bilduk, ohar batean. Auziaren oinarrian «azpijoko poliziala, judiziala eta mediatikoa» dagoela salatu du. LABek azpimarratu du gisa horretako «basakerien» aurrean «murru demokratiko bat altxatu» behar dela. Gaur, elkarretaratzea egingo dute, Iruñeko Merindadeen plazan, 19:00etan.

Aurreko astean, Europako Parlamentuan izan ziren auzipetuen guraso batzuek eta 51 diputatuk adierazpen bat izenpetu zuten, «proportzionaltasun, justizia eta zuzentasun printzipioak» nagusi daitezela eskatzeko. Gertakariok terrorismo delitutzat ez hartzea galdegin dute.

«Giroa», akusazioen oinarri

Iaz Espainiako Gobernuak Zigor Kodean sartu zituen aldaketetan —573. artikulua; terrorismo delituei buruzkoan—oinarrituta auzipetu dituzte hamar gazteak, eta hala egin ahal izan ditu fiskaltzak egin dituen zigor eskaerak.

Hasieran, Iruñeko 3. instrukzio epaitegiak hartu zuen kasua, terrorismoa delituekin lotu gabe, baina Covite ETAren indarkeriaren biktima batzuen elkarteak salaketa jarri ostean, Auzitegi Nazionalak hartu zuen. Iruñeko epaitegia inhibitu, eta, geroztik, Auzitegi Nazionalean da auzia, Gorenaren oniritziarekin.

Terrorismoa delituak leporatzean, guardia zibilek Altsasun duten «jazarpen eta bazterketa giroa» kontuan hartu behar dela dio auzipetze autoak. Fiskalak azpimarratu du «ETAren estrategiaren parte» dela hori, poliziek Euskal Herritik alde egin dezaten. ETAk bere jarduna amaitu duen arren, horrek indarrean dirauela adierazi du.

Informazio osagarria

Publizitatea