Konponbideari begira

Berriak

EPPKren erabakiak gobernuak mugiaraz ditzakeela uste dute

Eusko Jaurlaritzak dio ezin dela gehiago atzeratu presoen hurbiltzea. Sortu: «Euskal jendartearengandik gertuago kokatu da kolektiboa»

2017-07-02 / Erredakzioa

Euskal Herriko eragile politiko nagusiek erabaki garrantzitsutzat jo dute EPPK-k bide legal eta indibidualei baiezkoa eman izana, eta PPk salbu, beste alderdi ia denek uste dute urrats horrek lagun dezakeela Espainiako eta Frantziako gobernuak mugiarazten. Hori gerta dadin EAEko PPk uste du ezinbestekoa dela ETA desegitea. Herenegun jakinarazi zituen EPPK-k bere barne eztabaidako emaitzak. Kolektiboko kideen %73k onetsi dute zuzendaritzak proposatutako ildo berria.

Sorturen iritzian, EPPK-k «ekarpena» egin dio «prozesu independentistari eta bake prozesuari». Gatazkari «irtenbide integrala» emateko, baina, eragile guztien arteko «elkarlana» beharrezkoa dela nabarmendu du. Antton Lopez presoen gaiaz arduratzen den batzordeko bozeramaileak azpimarratu duenez, erabaki horrekin kolektiboa «euskal jendartearengandik askoz ere gertuago» kokatu da, eta «bide orri bat adosteko oinarriak» finkatzen dira.

Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusi Jonan Fernandezek ere balorazio baikorra egin du erabakiaz. Presoei beraiei dei egin die urratsak egiten hasteko, «epe laburrean, prozesua urte luzez atzera ez dadin». Fernandezek azpimarratu du kolektiboko presoek, bide legalak onartuta, «zuzendu» egin dutela orain arteko jarrera. «Orain, ekintza zehatzetan gauzatu behar da adostutakoa». «Bidea ez da hemen amaitzen, orain hasten da».

Fernandezek uste du EPPKren erabakiak eragina izan dezakeela presoen egoeran inplikatuta dauden eragileengan, baita gobernuengan ere. «Aurrerapausoa da kartzela politika aldatzeko testuinguru onuragarria sortzeko, baita Espainiako Gobernuaren aldetik ere». Madrili eskatu dio pausoak ematen hasteko, euskal presoak etxera gerturatuz eta, bereziki, gaixo dauden presoentzako irtenbideak bilatuz. «Atzeraezina da Espainiako Gobernuak espetxe politikaren aldaketari buruzko gogoeta partekatzea Jaurlaritzarekin, Eusko Legebiltzarrak joan den ostegunean adierazi zuen moduan. Lehenik eta behin, familiaren ingurutik gertu dauden espetxeetara hurbildu behar dira presoak, eragin humanitario gehien duten arazoei lehentasuna emateaz gain».

Lander Martinez Ahal Dugu-ko bozeramaileak, berriz, uste du abiatutako bidean «sakonduz» etorriko direla aldaketak espetxe politikan. PSEko Jose Antonio Pastorrentzat, testuinguru berri bat ireki du EPPKren erabakiak, «berandu etorri bada ere». «ETA desegitea baino ez da geratzen», esan du. Horixe bera uste du PPko Laura Garridok.

Publizitatea