Konponbideari begira

Berriak

Sortuk hartuko du ezker abertzalean presoen «babes politikoaren» ardura

«Dinamika aktibista propioa» izango du kongresutik aurrera, baina ekinaldi zabalagoak lehenetsiz
Joan den abenduaren 31n Sortuk euskal presoen eta iheslarien alde antolatutako martxa Donostiako Martutene kartzelara.
Joan den abenduaren 31n Sortuk euskal presoen eta iheslarien alde antolatutako martxa Donostiako Martutene kartzelara. JON URBE / ARGAZKI PRESS

2017-01-13 / Enekoitz Esnaola

Aurreko fasea ixteko, gatazkaren ondorioen gainditze integrala» bilatuko du Sortuk, Zohardia txostenean jasota denez, eta horra bideratutako mugimenduak eta ekinbideak sostengatuko ditu, baina berak eginkizun «propioa» izango du bere kongresutik aurrera: ezker abertzale barruan euskal presoei «babes politikoa» emateko ardura hartuko du, haien etxeratzea xede izanik. EPPK-koekin «harreman politikoak» izango ditu, baina kolektiboarekin lotura organikorik izateke. Halaber, eta betiere arloko beste ekinbideak kontuan hartuz, «dinamika aktibista propioa» izango du. Txostenaren zuzenketa partzialek funtsean ez dute egitasmoa aldatuko. Bihar zortzi izango da kongresua.

2016an, ezker abertzalean euskal eta iheslari ohi ugarik protagonismo berezia izan zuten. Bada urtebete bat, elkarterik-edo eratu gabe, antolatzea erabaki zutela, eta ekinbide garrantzitsuak egin dituzte. Kasurako, apirilean Bilbon milaka lagun bildu ziren Amnistiaren norabidean preso eta iheslariak etxera manifestazioan, eta asteotan Kalera Kalera dinamikarekin mobilizazio asko izan da. Preso ohiek-eta lehengo igandean jo zuten bukatutzat euren «protagonismoa», eta Sortuk hartuko du ardura. Iazko maiatzean, Abian ezker abertzalearen eztabaida estrategikoaren bukaerako txostenean, zehaztu zuten Sortuk bere biltzarraren ostean arlo horretan zeregin «berezitua» bete beharko zuela, «gatazkaren ondorioen konponbidea estrategia independentistan uztartzea» bilatuz. Zohardia-n bildu dituzte «gatazkaren ondorioekin lotutako ildo propio bat» garatzeko asmoak.

Bere eta besteen ekinbideak

«Presoek prozesuan parte hartze aktiboa izan dezaten elikadura politikoa bermatzea» izango da Sorturen egiteko bat. «Presoei babes politikoa adierazi eta euren askatasuna aldarrikatuko duten ekimen propioak ere garatuko ditu». Esate baterako, iaz egin zituen batzuk; orain, forma ofizialagoa hartuko lukete. Hala ere, estrategikoki lehentasuna emango die Sareren edota Foro Sozialaren bidez egindakoei, horiek espazio zabalagoetara iristen direlakoan.

Sortuk eratze kongresuan (2013) Gatazkaren Konponbidea atala sortu zuen —Rufi Etxeberria izendatu zuten arduradun—, baina orain, oraingoz, ez dute gune bereziturik eratuko. Oraingoz, baliteke Ekintza Politikoaren barruan kokatzea lan hori. Etxeberria da Kontseilu Nazional berrian sartzeko hautagaietako bat. EPPKren barne eztabaidako ondorioen ostean zehaztapen gehiago egon daitezke Sortun ere.

«Euskal Herriaren desmilitarizazioaren aldeko borroka bultzatzea» eta «ezker abertzalearen ondare historikoaren solaskidea» izatea izango dira gatazkaren ondorioen konponbidearen alorra lantzean alderdiak garatuko dituen beste bi ildoak.

Era berean, Zohardia-k dio EH Bilduren Bakerako Euskal Bidea (2015) garatzeko lan egingo dutela. Biktimak eta memoria, zigor eta espetxe politika eta iheslarien itzulera, armagabetzea eta desmilitarizazioa dira planeko alorrak.

Informazio osagarria

Publizitatea