MEMORIA
Caso, Zamarreño eta Gajate ETAren biktimak omendu ditu Errenteriako Udalak
EH Bilduk gobernatutako udal batek espreski ETAren biktimei eginiko aurrenekoa izan da Errenteriako (Gipuzkoa) omenaldia.
ETAk 1984an hil zuen Vicente Gajate, udaltzain eta PSEko kidea; 1997ko abenduan Jose Luis Caso, PPko zinegotzia; eta 1998ko ekainean Manuel Zamarreño, PPko zinegotzi eta Casoren ordezkoa.
Mendozaren esanetan, biktimen erreparaziorako bidean beste urrats bat izan da ekitaldia, eta bere izenean nahiz udalarenean "barkamena" eskatu die hiruren senideei, "uneren batean" ez badira egon "egoeraren neurrian", "behar bezala lagundu" ez badituzte edo "oinazea erantsi duen edozer esan edo egin" izan badute.
Omenaldian, hirurak oroitzeko plaka bat ikusarazi dute, eta Mendozak lore sortak eman dizkie biktimei: "Ekitaldiaren asmoa da humanizatzea deshumanizatu zena. Pertsona berreskuratzea eta etsaiaren irudiari uko egitea. Funtsean, norberarena balitz bezala sentitzea besteentzat jo izan dugun oinazea".