Eusko Legebiltzarra
Gaixo dauden presoak askatzeko eskatu dute PPk ez gainerako taldeek
EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk erdibideko zuzenketa bat adostu dute gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna eskatzeko. Halaber, Espetxe Erakundeei 3/2017 instrukzioa indargabetzeko galdegin diete, eta Espainiako Gobernuari, berriz, "espetxe politikaren norabidea" euskal erakundeekin adosteko.
2017-06-29 / Edurne Begiristain
Gaurko osoko bilkuran eztabaidatu dute EH Bilduk gaixorik dauden presoen inguruan aurkeztutako proposamen bat. Proposamenak ez du aurrera egin baina bai, ordea, PP ez gainerako taldeen artean hitzartutako erdibideko zuzenketak. Eztabaida baino lehen sinatu dute lau taldeek testu bateratua, eta horixe da gaurko eztabaidan legebiltzarrak onartu duena.
Lau puntu ditu zuzenketak. Gaixorik dauden presoen askatasuna eskatzen du lehen puntuak. Bigarrenean, Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eta, bereziki, Espetxe Erakundeei eskatzen die presoen bizitza, segurtasuna eta osasun eskubideak errespeta ditzala, botere publikoek "sentsibilitate berezia" adierazi behar dutelako espetxe politika zuzendu behar duten printzipioak eta bereziki espetxe araudiaren 104.4 artikulua aplikatzerakoan.
Hirugarren puntuak aipamen egiten dio 2017ko otsailaren 17an Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak kaleratutako instrukzioari, eta hura indargabetzeko eskatu du legebiltzarrak. Halaber, Espainiako Barne ministroari adierazitakoa zuzentzeko galdegin dio. Ministroak esan zuen agiri horrek gaitz larriak dituzten presoen auzia Zigor Kode berrira egokitzea duela helburu, eta "bizitza arrisku agerikoan" dagoela "presoa bi hilabeteko epean hil daitekeenean". EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSEk salatu dute irizpide horrek "legalitate eta gizatasunaren oinarrizko printzipioak", eta halako erabaki bat hartu behar duten medikuen printzipio deontologikoak urratzen dituela.
Azkenik, legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatu dio euskal erakundeekin partekatu eta adostu dezala "espetxe politikaren norabidea".