Konponbideari begira

Berriak

ETAren atentatua Hipercorren. 30. urteurrena

Hipercor, irekitako zauri bat

Ehunka lagunek hartu dute parte ETAk inoiz egin duen atentatu odoltsuena gaitzesteko ekitaldian. Puigdemont Generalitateko presidentea txistuka hartu dute. Urkullu lehendakaria lehen aldiz izan da
Ada Colau, Iñigo Urkullu, Dolors Montserrat, Juan Ignacio Zoido, Jose Vargas eta Carles Puigdemont, atzo.
Ada Colau, Iñigo Urkullu, Dolors Montserrat, Juan Ignacio Zoido, Jose Vargas eta Carles Puigdemont, atzo. A. GARCIA / EFE

2017-06-20 / Saioa Baleztena Rudi

Bartzelona hiriaren memorian data bat zizelkaturik dago: 1987ko ekainaren 19ko ortziral arratsaldea. Gutxi dira egun hartan non eta zertan zebiltzan gogoratzen ez duten 35 urtetik gorakoak. Izan ere, atzoko egunez, duela 30 urte egin zuen ETAk inoiz egin duen atentaturik odoltsuena: 21 lagun hil eta 45 zauritu ziren Hipercor merkataritza zentroaren aparkalekuan bonba-auto bat lehertuta. Eta atzoko egunez egin zen Bartzelonan 30. urteurreneko ekitaldia. Eta atzo han ikusitakoaren arabera, ez da erraza izango atentatu hark irekitako zauria ixtea.

Urteurrena gogoan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte azken hiru egunetan Kataluniako hiriburuan. ACVOT Associacio Catalana de Victimes d'Organitzacions Terroristes elkarteak antolatu zuen atzokoa. Ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, Jonan Fernandez Jaularitzako Bizikidetzarako idazkari nagusiak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilariak eta Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak

Jose Vargas ACVOTeko presidenteak abiatu zuen hitzaldia. «Memoriaren aldeko eguna da gaurkoa, eta duela hiru hamarkada hiri honetako biztanleek sufritutakoa gogoratzeko gaude hemen; zoritxarrez, ETAren borroka armatua babestu zutenak erakundeetara itzuli diren testuinguru honetan», azpimarratu zuen irmoki.

Ada Colau Bartzelonako alkateak jarraitu zuen, Bartzelonako Udalaren izenean barkamena eskatuz, «hiriak sufritu duen atentaturik gogorrenaren, orain, edo lehenago, udala egoerak eskatzen zuen mailan egon ez bada».

Espainiako Gobernuaren izenean Juan Ignacio Zoido Barne Ministroak hartu zuen hitza , «terrorismoaren biktimak babesteko beharra» azpimarratzeko, «ez bakarrik egun konkretu bateko argazkian, baizik eta baldintzarik gabe eta beti».

Tentsioa Puigdemonten jardunarekin piztu zen. «Viva España» eta mehatxu garrasi artean hasi zen hizketan. «Arratsalde lazgarri hartan» ETAren atentatuak Bartzelonako hiria astindu zuenetik 30 urte betetzen direnean memoria berreskuratzea «sekula baino garrantzitsuagoa» dela esan zuen. «Hipercorreko atentatuak egiaztatu zuen, gainontzeko atentatuek bezala, biolentzia armatuaren bitartez helburu politikoetatik urruti, mina eta sufrimendua besterik ez dela lortzen». ACVOTeko presidenteak lasaitu behar izan zituen txistuka eta garrasika aritu zirenak, Puigdemontek jarrai zezan.

EHBilduren arrazoiak

EH Bilduk ez zuen parte hartu atzoko ekitaldietan «zuhurtziagatik»eta han egoteak «tentsioa» eragin zezakeelakoan. Hala jakinarazi zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, goizean, Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan: «Batzuetan iruditzen zaigu gu han egoteak ez duela ezer errazten, oztopatu egiten duela baizik». Otegik aitortu zuen atentatu horrek ez zuela «sekula gertatu behar», eta borroka armatuaren inguruko «gogoeta» sorrarazi zuela ezker abertzalearen barruan. «Ni Ipar Euskal Herrian bizi nintzen, eta katastrofe bat bizi izan genuen, jendearen aurpegian nabaritzen zen hondamendia». Atentatu haren biktimen eta Kataluniako herriaren minarekin bat egiten duela azpimarratu zuen.

Hipercorreko atentatuaren urtemuga gogoan izan zuen, halaber, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak, gaitzespen adierazpena onartuta. PPNk aurkeztu zuen testuak talde guztien aldeko botoa jaso zuen, EH Bildurena izan ezik. Abstenitzea erabaki zuen koalizioak, nahiz eta atentatua gaitzetsi. Maiorga Ramirezek salatu zuen PPk «estrategia alderdikoia» erabiltzen duela biktimen auzian, eta ez duela «sentiberatasun bera» erakusten bestelako giza eskubideen urraketen gainean.

Bartzelonako ekitaldia hasi baino bi ordu lehenago, bilera egin zuten atzo Iñigo Urkullu lehendakariak eta Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak, Generalitateko jauregian. Bien arteko lehen bilera ofiziala izan zen, eta Kataluniako eta Euskadiko egoera politiko, instituzionala eta soziala aztertzeko «laneko bilera» izan zela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez.

Krisi instituzionalaren inguruko diagnostikoa «partekatu» zutela esan du Jaurlaritzak. Espainiako Estatuak ezarritako «gelditasun estrategia» gainditzeko dituzten «zailtasunak» nabarmendu zituztela, eta estatuak ezin duela «lurralde eredu jakin bat inposatu». Biak etorri zirela bat: «Legea ez da aldaezina. Kortse bat bilakatzen bada, egokitu egin beharko da».

Publizitatea