Euskal presoak
Urkulluk autokritika egiteko eskatu die euskal presoei
Jaurlaritzako lehendakaria hasi da Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek bidalitako gutunei erantzuten, banan-banan.
Urkulluri ez ezik, EAJren EBBko buru Andoni Ortuzarri eta Nafarroako lehendakari Uxue Barkosi ere ari dira gutunak bidaltzen EPPK-ko kideak, pertsonalki. Hausnarketa prozesuan da kolektiboa, eta «uda parterako» iragarri dituzte ondorioak.
Urkulluren gutunen berri izan orduko, Sortuk oroitarazi zuen ezker abertzaleak egin zuela autokritika bat 2012an, Donostiako Kursaaleko ekitaldian: «Ezker abertzaleari alde bateko biktimekiko erakutsitako sentsibilizazioa falta izan zaio beste aldeko biktimekiko». 2013an, berriz, «eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortu» eta «erantzukizun osoa» bere gain hartu zuen EPPK-k. Hala, «sakabanaketa EAJk sustatu eta babestu» zuela salatu zuen atzo Sortuk, ohar bidez: «Adierazpen hutsalez eta exijentzia alderdikoiez harago, bakoitzak bere gain hartu behar ditu ardurak bakea eta bizikidetza sendotzeko. Lehendakari batek ikuspegi horrekin jokatu beharko luke».