Konponbideari begira

Berriak

Ortuzarrek presoei esan die EAJ lanean ari dela urrunketa amaitzeko

Eragindako minari buruz «hausnartzeko» eskatu die EBBko buruak EPPK-ko kideei, haien gutunei erantzunez. Sortuk EAJri gogorarazi dio autokritika «modu integral» batean egin behar dela

2017-06-13 / Edurne Begiristain

Maiatzaren amaieran, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek gutun bidez eskatu zieten Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteari eta EAJren EBBri sakabanaketa eta urruntze politika amaitzeko «egin beharrekoa» egin zezaten. BERRIAk jakinarazi zuen hiru eskutitz mota igorri zizkietela, eduki berarekin: gutun bat Urkullurentzat, beste bat Barkosentzat eta bestea EAJren zuzendaritza nagusiarentzat. Dagoeneko guztiek jaso dituzte EPPK-ko kideen eskutitzak, baina, oraingoz, EAJk baino ez die erantzun.

EAJko EBBren izenean, Andoni Ortuzar presidenteak banan-banan erantzun die EAJri gutuna bidali dioten presoei. Eskutitz bidez erantzun die. Asteburuan hainbat hedabidek eman dute buruzagi jeltzaleak presoei bidalitako eskutitz horien berri: eduki bera dute gutun guztiek, eta euskaraz eta gazteleraz idatzita daude. Horietan, Ortuzarrek esan die jeltzaleak aspaldian ari direla lanean presoen urrunketa amaitzeko eta gaixorik dauden presoen egoera konpontzeko. «EAJk denbora luzea darama espetxe politika aldatzeko eskatuz. Eskaera hori aurkeztu dugu ordezkaritza dugun instituzio guztietan, duela gutxi baita Eusko Legebiltzarrean eta Espainiako Kongresuan ere». Gogoratu die, halaber, duela aste gutxi Eusko Jaurlaritzak euskal presoak sorterrira gerturatzeko proposamen berri bat landu duela.

Horiek horrela, buruzagi jeltzaleak azpimarratu du EAJk konpromiso argia duela euskal presoen urruntze politika amaitzeko, bai eta gaixo dauden presoen egoerari irtenbidea emateko ere. «Gure konpromisoa argia da, urruntzea amaitu behar dela eta gaixorik dauden presoen egoera gizalegez konpondu behar dela uste dugulako». Konpromiso hori berresten duela esan die Ortuzarrek gutuna igorri dien preso bakoitzari.

Alabaina, espetxe politikari buruz EPPK-ko kideek EAJri egindako kritikak alboratu ditu Ortuzarrek idatzietan. EBBko buruak ukatu egin du jeltzaleek duela 30 urtetik indarrean den politikan erantzukizuna dutela: «Hori ez da egia. EAJk ez du sekula urrunketa defenditu, ezta praktika hori erraztu duen jarrerarik hartu ere». Hala, esan du EAJk soilik babestu zituela presoen kolektibotik atera eta etorkizunari buruz «euren kabuz erabaki» nahi zituztenen nahiak.

Kolektiboko presoek joan den urte bukaeran hausnarketa prozesu bati ekin ziotela jakitun dira jeltzaleak, Ortuzarrek eskutitzetan azpimarratu duenez, eta horregatik presoei eskatu die «hausnartu» dezatela eragindako sufrimenduari buruz.

Antzera mintzatu da Jokin Bildarratz EAJko senataria ere. «EAJk urteak daramatza indarrean dagoen sakabanaketa politika amaitzeko eskatzen, sufrimendua baino ez duelako eragiten», esan du Onda Vasca irratian. Presoak gerturatu ahal izateko, PPrekin elkarlanean aritzea eta hura «konbentzitzea» proposatu du Bildarratzek.

Ortuzarrek igorritako gutunez balorazioa egin du Sortuk, komunikabideetara igorritako ohar batean. Sortuk txalotu egin du EAJk publikoki esatea presoen eskubideen alde lan egingo duela. Nolanahi ere, Ortuzarri gogoratu dio «bakean eta bizikidetzan» oinarritutako gizartea eraiki ahal izateko, autokritika «modu integral» batean egin behar dela, eta gatazkan parte hartu duten guztiek egin behar dutela.

Sortuk uste du EAJk baduela erantzukizuna sakabanaketa politikan, «hasieratik sustatu eta babestu» duelako. «Bere iritzia interes politikoen arabera aldatu badu ere, bada ordua lehenbailehen konpon dezaten beraiek sortutako bidegabekeria», dio oharrean. Halaber, Jaurlaritzak presoak Euskal Herrira gerturatzeko landu duen proposamena ez dela «nahikoa» uste du Sortuk, presoak 250 kilometrora dauden espetxeetara hurbilduz gero senideen bizitzek «arriskuan» jarraituko dutelako. Horrekin batera, gatazkaren ondorioak gainditzeko herritarrekin batera lan egiteko konpromisoa duela esan du.

«Espetxe eredu propioa»

Indarrean dagoen espetxe politikak presoen eskubideak urratzen dituela iritzita, EH Bilduk eskumen hori Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren esku uztea ezinbestekotzat jo du, «espetxe eredu propioa» martxan jarri ahal izateko. Kezka horretatik abiatuta, Bartzelonara (Herrialde Katalanak) joan da EH Bilduko ordezkaritza bat, eta besteak beste, Generalitateko hainbat arduradunekin batzartu da hango kartzela politika bertatik bertara ezagutzeko. Jone Goirizelaia legebiltzarkideak azpimarratu du informazio «baliagarria» lortu dutela «euskal eredua» diseinatzeko. Etzi, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara eramango du gaia koalizioak, espetxe politikaren transferentziari buruzko eztabaidara.

Bestalde, Iñaki Bilbao Txikito Lezamako presoak gose greba mugagabeari ekin zion maiatzaren 28an, eta hari elkartasuna agertzeko Herri Nortek baraualdia hasi zuen atzo, Ipar Haizea elkartean (Bilbo). Txandako baraualdiak egitera deitu dituzte herritarrak.

Publizitatea