Konponbideari begira

Berriak

Espetxe atarira babesa

Mila lagun inguruk hartu dute parte sei kartzelatara egindako martxetan, 'Maite zaituztegu' lelopean. Guardia Zibilak zenbait kontrol ezarri du
Puertoko (Espainia) kartzelaren aurrean egindako ekitaldia, atzo.
Puertoko (Espainia) kartzelaren aurrean egindako ekitaldia, atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

2017-05-21 / Gotzon Hermosilla

Mila lagun inguruk hartu dute parte ezker abertzalearen Kalera, kalera dinamikak Espainiako eta Frantziako estatuetako sei espetxetara antolaturiko martxetan. Maite zaituztegu izan da ekinaldiaren goiburua, eta helburuak, Sortuko Bizkaiko arduradun politiko Ibon Arbuluren hitzetan, bi izan dira: «Presoei maite ditugula esatea, eta kalean nahi ditugula eta horren alde borrokan jarraituko dugula berrestea».



Orotara, 25 autobus abiatu ziren ostiral iluntzean Euskal Herritik Curtis, Picassent, Puerto de Santa Maria, Roanne, Saint Maur eta Fleuryko kartzeletara. Esanguratsuenak direlakoan hautatu zituzten antolatzaileek, preso kopururik handiena dutelako, urrunen daudelako edo emakumezko presoak dituztelako. Bidaian, Guardia Zibilaren kontrolak gainditu behar izan dituzte Picassentera eta Curtisera joandako autobusek. Bidaiariak identifikatu eta motxilak miatu dituzte.



Espetxeetako inguruetara iritsita, ibilaldia egin dute Euskal Herritik joandakoek. Ekitaldi gehienak jai giroan egin dituzte, musika, dantza eta euskal presoen aldeko aldarrien artean.



Ekitaldi politikoa ere egin dute presondegi atarian, eta Sortuko bozeramaileek hartu dute hitza. Fleuryn, esate baterako, Gotzon Elizburu mintzatu zaie han bildutakoei, eta Puerton Arbuluk egin du hitzaldia. Sortuko eledunek nabarmendu dute Euskal Herria «ziklo politiko berri baten atarian» dagoela, eta lehengo aroari amaiera jartzeko beharrezkoa dela presoak, iheslariak eta deportatuak Euskal Herriratzea. «Borondate kontua da», esan dute. «Bizikidetza eta bake egoera eraikitzeko, presoen auzia konpondu behar da. Aitzakiek ez dute balio».



EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa egiten ari den eztabaida prozesua ere izan dute mintzagai Sortuko ordezkariek. «Ondo dakizue ezker abertzaleak zuen iritzien eta eztabaiden ondorioak errespetatu eta babestuko dituela», esan diete presoei.



EPPK: «Norabide egokian»



EPPK-k ere martxetan parte hartu dutenentzako ohar bat plazaratu du, eta, han, Euskal Herritik kartzela atariraino joandakoei eskerrak emateaz gain, espetxeen arloak azken urte honetan izandako bilakaera aztertu dute. «Aldaketak» ikusten ditu Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abagune politikoan; aldaketa «asko, eta norabide egokian».



Euskal preso ohien mobilizazioak, ezker abertzalearen antolakundeen eztabaida prozesuak, Kalera, kalera dinamika eta apirilaren 8an Baionan egindako ETAren armagabetze ekitaldia aipatu ditu EPKK-k aldaketa horren adibidetzat: «Gatazka betikotu eta bake prozesua usteltzen ikusi nahi zutenei irakaspen ederra ematen ari zaie ezker abertzalea, herriarekin bat eginda».



Presoen kolektiboaren hausnarketa ere ekarri du hizpidera EPPK-k. Esan duenez, atzo amaitu zen presoen ekarpenak biltzeko jarritako epea —iazko urte bukaeran hasi zuten prozesua—, eta uda erdialderako emango dute prozesuaren ondorioen berri. Bidea, «ezker abertzalearekin ez ezik, euskal herritarrekin eta herriari atxikita ere» egingo dutela iragarri dute.



[Youtube]https://youtu.be/kH53LR9MLuc[/Youtube]

Publizitatea